Europako iparraldetik Bilboraino

Europako iparraldetik Bilboraino

June Prieto

Kirol berria bezain arrakastatsua da ibilketa nordikoa. Bilbon talde bat sortu dute kirol hori praktikatzeko: Ipar Izarra Nordic Walking. Marisa Lago da elkartearen sortzaileetariko bat, eta ibilketa nordikoko ikastaroak ematen ditu. “Beharrezkoa da teknika norbaitengandik ikastea; erraza da, baina ez da pertsonek naturalki egiten dugun zerbait”.

Astero birritan batzen dira, eta, Lagoren ustez, arrakastatsuak dira aste barruan egiten dituzten deialdiak: “Asteartero eta ostegunero geratzen gara, beti ordu berean. Horrez gain, Whatsapp talde bat daukagu, egun horietatik kanpo norbaitek geratu nahi badu kirol hori praktikatzeko”. Ez dira mendira igotzen, aldapek eta bide estuek zaildu egiten baitute kirol horren teknika erabiltzea.

Ibilketa nordikoa egiten dutenek ezinbesteko tresna bat daukate: mendiko makilak. Ohiko makiletatik ezberdintzen dituen eskularru antzeko bat daukate eusteko lekuan. Teknika ondo erabiliz gero, ibiltariek eskularruaren bidez lortzen dute makila lurrera ez jaustea. “Ibilketa mota honetan, makilak gorputza bultzatzeko erabiltzen dira, eta ez sostengatzeko, mendian bezala”, ikastaroetan azaltzen duen moduan kontatu du Lagok. Haren esanetan, oso ekintza simetrikoa eta osoa da. “Mendizaleentzat entrenamendu ona izan daiteke aste barruan egiteko”.

Kirol horren jatorria Finlandian dago. Herrialde hartako eskiatzaileek asmatu zuten, elur sasoia amaitzean eskiatzeko teknika praktikatzen jarraitzeko. 1930eko hamarkadan hasi ziren, eta, urteak pasatu ahala, Europako hainbat herrialdetara zabaldu da.

Bizkaian, bakarra

Ipar Izarra Nordic Walking Bizkaiko talde bakarra da kirol honekin harremana daukana. “Kluba 2012an sortu genuen, baina ezin izan genuen erregistratu. 2018an, Bizkaiko federazioan izena eman ahal izan genuen; ordura arte ez zen existitzen ibilketa nordikoa kirol moduan”. Beraz, urtebete eskas du Bilboko taldeak, eta jada 115 federatu dituzte. Orain arte egindako lanaz oso harro dago Lago: “Gure taldeko kide guztiek praktikatzen dute kirola. Eta ez da batere elitista: ez da ordaindu behar, eta edonork egin dezake”. Taldean hainbat adinetakoak daude; batez besteko adina 50 urte da.

Kluba sortu zenetik orain arte, ibiltarien artean aldaketa bat sumatu du kirolzaleak. “Patologiak zituzten pertsonak etortzen ziren hasieran, medikuaren gomendioz: sorbaldako mina edo belaunekoa zuten pertsonak, besteak beste”. Izan ere, ibilketa nordikoak hainbat onura ditu osasunarentzat. Gorputzaren jarrera zuzentzeko balio du.

Orain dela gutxi, era berean, txapelketak egiten hasiak dira Ipar Izarra taldeko kide batzuk. “Oraingoz parte hartzaileak gutxi direnez, txapelketak irabazteko modu bat da bertara joatea. Asko korrikalari izandakoak dira, eta aukera bat ikusi dute kirol honetan”.

Donejakue bidea egiteko oso teknika egokia dela azpimarratu du Lagok. “Askok mendiko makilak erabiltzen dituzte, baina ez dute ondo erabiltzen ibilketa nordikoaren teknika”. Ezjakintasun handia dagoela-eta, kirola ezagutaraztea da taldearen helburua. Hala ere, ez da denbora guztian erabili beharreko teknika bat. Entrenatzaileak ohartarazi duenez, mendian makilak gorputzaren sostengurako erabiltzea zuzena da, baina ibilketa motak tartekatu daitezke. “Mendian gora, eremu lauetan eta jaitsieretan erabil daiteke; asko laguntzen du arnasketarako, adibidez, eta baita giharrak erlaxatzeko ere”.