Ibai Maruri Bilbao
Basurdeak ez dira maskotak. Ez zaie jaten eman behar. Basoetan badituzte gura beste ezkur”. Elena Unzueta Bizkaiko Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak “erantzukizunez” jokatzeko eskatu die Basauriko Basozelai auzoko bizilagunei. Uste du jaten ematen zaielako itzultzen direla, hein batean, basurdeak herrigunera. Diputazioak jateko lekuak atondu dizkie mendi goienean, herrira jaits ez daitezen. Bestelako alternatiba batzuk aztertzen ere badabiltzala esan du. Izan ere, azken hilabeteetan arazo handia dute Basaurin basurdeekin.
Konponbidea emateko asmotan, joan den irailean uxaldia egin zuten ehiztariek herrian, eta basurde bi hil zituzten. Baina gerora ere jarraitu dute basurdeek herriko plaza eta kaleetan agertzen: jateko bila ibiltzen dira gauetan. Egun argiz ere agertu izan dira noiz edo noiz. Horrek sor ditzakeen arriskuengatik kezka agertu dute bizilagunek.
Basauriko kasua arazo handiago baten alderik agerikoena da. Izan ere, Bizkai osoan dago basurdearen inguruko kezka. Harrapari naturalik gabe —otsoa—, azken hamarkadetan gora eta gora egin du animalia basati horren populazioak. Ez da erraza kopurua jakiten: 8.000-10.000 direla uste da. Baina ehiztariek uxaldietan harrapatutako basurde kopurua argigarria izan daiteke. 1999tik 2018ra %542,9 hazi da. Era berean, baserritarrek egindako kalte-ordain eskaerak ere nabarmen gehitu dira: 1999tik 2017ra, %3.566. Arratian eta Hego Uribe aldean —hor dago Basauri— izan da adierazgarriena igoera hori: %13.200 egin dute gora kalte-ordain eskaerek. Deigarria da, halaber, kalte egindako eremuaren bilakaera: 13.000 metro koadro izan ziren 1999an, eta 544.000 2018an. Consultora de Recursos Naturales aholkularitza enpresak Bizkaiko Diputazioarentzat aurten egindako txosten batean jasotako datuak dira. Hamar kalte ekintzatik zortzi baino gehiago larreetan izan dira; %6,9, ortuetan; %5, indaba eta artoa elkarrekin erein diren lursailetan; %4,6, bazka-arto sailetan. Iaz, guztira, baserritarrei 106.000 euro ordaindu zitzaizkien kalteengatik Bizkaian.
Basurdeek eragiten dituzten auto istripuak ere ez dira gutxi: 41 izan ziren 2017an; 82 iaz; eta, aurten, urria amaitu arte, 85 zenbatu ditu Ertzaintzak. Batik bat, Bilboko metropolian —N-637 errepidean, Egirleta eta Enekuri gainetan, Bilbondo merkataritza gunean, Usansolon, Gurutzetan, eta AP-8 eta AP-68 autobideek bat egiten duten eremuan—, Urkiolan, Muxikan, Zornotzan eta Gernika-Lumon eragin izan dituzte.
Ehiza da erakunde publikoek arazo horri aurre egiteko ipini duten irtenbidea. “Ehiza baino ez”, kexatu da Bizkaiko EHNE sindikatuko Alberto Llona. “Ehiza kontseiluan hartzen dira erabakiak, eta ehizari begira hartzen dira erabakiak. Guk uste dugu ez dela nahikoa. EHNEk, Enba sindikatuak eta Lorra kooperatibak ikuspegia zabaltzeko eskatu diogu diputazioari; beste neurri batzuk ere hartu ditzala”.
Ekologistak Martxan-eko Andres Illanaren arabera, basurdearen populazioa hazten lagundu du baso eta lahardi eremuak ugaritu izanak. Hala ere, ehiza dauka erantzule nagusitzat. “Gutxitzeko neurriek gehitu dute basurde kopurua”. Iruditzen zaio uxaldiekin gura zenaren kontrakoa lortu dela. “Basurde helduen ehiza indartsua egin da. Ez da kumerik ehizatzen; ehiztariei ez zaie samurra egiten. Eta horrek populazioa nabarmen gaztetzea eragin du”. Gaur egun hiltzen diren basurde gehienek 12-15 hilabete dituzte, baina 18 urte arte bizi daitezke. Hau da, 25, 35, 40 kiloko pisua dutenak harrapatzen dituzte; dagoeneko ez da ehizatzen 65 edo 70 kilokorik. “Zergatik? Ez da nahi ez dutelako, ez dagoelako baizik. Gaur egun gure inguruan dauden basurde gehienek adin hori eta pisu hori dute, eta hori arazo larria da”.
Izan ere, basurdeak familia taldeetan bizi dira. Eme heldu bat izaten da buru, eta harekin ibiltzen dira gaztetxoagoak. Populazioa gaztetzearen ondorioz, eme heldu horiek desagertu egin dira, eta taldeetako gaztetxoagoak hasi dira ernaltzen, 14 hilabete baino ez dituztenean. “Lehen ez zen ohikoa hain gaztetan ernaltzea”. Beraz, taldeko bakarra ernaldu ordez, hainbat ernaltzen dira aldi berean. Gazteek helduek baino kume gutxiago izaten dituzte. Basurde eme heldu bakoitzak sei- hamar kume izaten ditu; gaztetxoek, hiruzpalau. Baina taldean hainbat gazte egoten direnez, osotara, taldean lehen baino dezente kume gehiago jaiotzen da aldiro.
Illanak uste du otsoarekin ez dagoela horrelakorik gertatzeko arriskurik. “Ez dute ehiztariek duten eskrupulurik kumeak hiltzeko. Are gehiago: haientzat errazagoa da kumeak ehizatzea. Beraz, populazioa modu orekatuagoan izango genuke basurdeen harraparia otsoa balitz, pertsonak izan beharrean”. Ohartarazi du animalia basatietan ezinbestekoa dela sexu eta adin taldeen arteko oreka egotea, bestela populazioaren gaineko kontrola galdu egiten delako.
Eme helduen falta horrek badu beste ondorio bat. “Esperientziari esker, ikasia zuten non dituzten ezkurrak jateko, nondik gurutzatu ditzaketen errepideak… Bazekiten ez zitzaiela komeni pertsonek landatutako ortuetara gerturatzea, bestela arazoak izango zituztelako. Jakituria hori adinak emandakoa da. Baina gaur egungo basurdeak, oro har, hain dira gazteak, ez dute behar beste denbora izan hori ikasteko, eta ez dute taldean eme heldurik eduki gidari lanak egiteko”.
Bizkaiko Ehiztari Elkarteen Federazioak ere ez du begi onez jo diputazioak egindako kudeaketa. Javier Verona da presidentea. “Gune babestu asko ditu. Urkiola, Urdaibai, Galdakaoko dinamita parkea eta Malmasin inguruko segurtasun eremua. Horietan erabateko lasaitasunez ugaltzen dira, eta, gero, handik jateko bila jaisten direnean hasten dira komeriak”.
Era berean, gogora ekarri du Basaurin arazoak hasi aurretik ohartarazi zutela eurek zer gertatuko zen. “Baina inork ez zigun kasurik egin. Azkenean, ezohiko neurriak hartu behar izan dituzte, muturrekoak, herriguneetan uxaldiak eginda. Eta ez gaituzte kontuan hartu ezertarako”.
Alternatiba eske
Ehiztariak egiten dira basurdeek baserritarrei egiten dizkieten kalteen arduradun; haiek ordaintzen dituzten aseguruak, zehatzago esanda. Llonak azaldu du prozesua: “Zuk kaltearen berri ematen duzu, eta basozaina etortzen da basurdea izan dela baieztatzera. Ondoren, aseguruaren peritua etortzen da, kalteak neurtzera”. Kexatu da 150 eurotik beherako kalteak ez direla ordaintzen. Eta nekazaritza edo abeltzaintza euren diru iturri nagusia ez den baserritarrei, kaltearen erdia baino ez. Gainera, aseguruak ehiztariak ordaintzen duenaren araberako kalte ordainak ematen ditu. Ez zaio baleko metodoa iruditzen.
EHNEko kideek beste metodo batzuk nahi dituzte. Zalantzan ipini dute ehiztarien zintzotasuna. “Zer gura dute? Basurde asko egotea, eurak ehizan ibiltzeko. Euren afizioa da. Zelan kontrolatuko duzu populazio bat ehiztariak erabilita, hain justu ehiztari horiek populazio hori gero eta handiagoa izatea nahi badute? Kontraesana da, ezta?”.
Diputazioak basurdeak harrapatzeko kaiola batzuk ditu. Baina Llonak esan du haien erabilera gehiegi zabaltzearen beldur direla agintariak. “Beste animalia batzuk harrapatu daitezke. Hilik agertu daitezke, eta espezie babestuak izan”. Berak ulertzen du kezka hori. Horregatik, kaiolak erabiltzeko ikastaroak eta protokoloak eskatu ditu.
Illanak konponbide bakarra ikusten du: otsoa. Baina ez du hori proposatu. Etenaldi bat eskatu du; uxaldiak bertan behera uztea. Iruditzen zaio argi geratu dela orain arteko bidea okerra dela, eta beste bat bilatu behar dela esan du. “Basurdearen egoera zein den aztertu behar da. Benetan jakin behar dugu zenbat dauden, non dauden eta zer bilakaera duten. Inork ez du hori egin. Eta, horren arabera, denon artean adostu beharko dugu zer egin populazioa orekatzeko”.