Arteak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna aztergai, Barakaldon

Arteak gizartea eraldatzeko duen gaitasuna aztergai, Barakaldon

P. Azpillaga Diez – N. Salazar Orbe

Kultur eta arte adierazpenak gizarte baten egoera soziopolitiko eta ekonomikoaren isla izan dira mendeetan. Testuinguruak kultura eraldatzen duen bezala, arte diziplinak ere gai dira gizartea eraldatzeko. Barakaldon jabetu dira horretaz. Hala Dzipo musika eskolak antzeman zuen euren jarduera ingurunea eraldatzeko gai zela. Errealitate hori abiapuntu hartuta, arteak eta kulturak eraldaketa horretan duten garrantzia aztertzeko jardunaldiak proposatu zituen elkarteak. Bihar eta etzi hezurmamituko dituzte Argiak, Eraldaketa Sozialerako I. Jardunaldi Artistikoak.

Eider Zenarruzabeitia Hala Dzipo elkarteko zuzendaria da. Eurenean musikak erakutsi duen gaitasunari buruz mintzatu da: “Haur eta gazteekin egiten dugu lan, eta sekulako aurrerapausoak nabaritzen ditugu eurengan, besteak beste, euskararen erabileran, emozioak lantzeko moduan edota euren arteko harremanetan”. Eurenaz gain, Barakaldon dagoen kultur mugimendu handiak antolatzen dituen denetariko jarduerak Barakaldo biziberritzen ari direla ondorioztatu dute. Beste kultur eragile batzuekin harremanetan jarrita, pentsatu zuten oso interesgarria izan zitekeela herrian era horretako jardunaldiak egitea.

Bi ataletan banatu dituzte topaketak. Biharko saiora dozena bat hizlari gonbidatu dituzte. Hogei bat minutuko hitzaldiak egingo dituzte. “Euren esperientzia eta kultura ulertzeko duten moduari buruz hitz egingo dute”. Oso kontakizun askotarikoak iragarri ditu Zenarruzabeitiak. Besteak beste, Giltzarri plataformako kide Naiara Santistebanek azalduko du kulturak zer-nolako eragina duen Barakaldoko gazteengan. Estibaliz Rodriguezek, berriz, arteak pertsona baten bizitza zer-nola alda dezakeen izango du aztergai, bere esperientzia oinarri hartuta. Gainerako gonbidatuak ere beraien ezagutza eta esperientzia oinarri hartuta mintzatuko dira.

Esperientziak partekatu

Bigarren blokea festa moduan planteatu dute. Igandean espezieen azoka egingo du George Belindak, San Bizente auzoan. “San Frantzisko auzoan [Bilbo] antolatzen du igandeetan. Esan genion polita izan zitekeela egitasmo hori handik kanpo zabaltzea. Egun osoko festa egingo dugu: haurrentzako tailerrak egongo dira; San Frantziskoko emakumeek prestatutako jakiak dastatu ahalko dira; musika eta mikrofono irekia jarriko ditugu. Kultura arteko uztartze horrekin borobilduko ditugu jardunaldiak”.

Hainbat helburu dituzte topaketok. Zenarruzabeitiak azaldu du: “Batetik, gure arteko harremanak saretzea. Alegia, Barakaldoko eta inguruetako kultur eragileen arteko sare bat sortzea”. Bestetik, talde edo eragile bakoitzak kultura zer nola bizi duen azaltzen duenean, hausnarketa bat sortzea bilatzen dute. Horren bidez, nora doazen ondorioztatu nahi dute. “Izan ere, elkarte eta eragile bakoitza bere gauzetan ari da lanean, buru-belarri, eta ez dugu hitz egiten albokoarekin”. Uste du oso aukera ona dela era horretako espazio bat sortzea eta bertan amankomunean jartzea helburuak. “Ondo legoke aztertzea Barakaldoko errealitatea zer nola ikusten dugun”. Ia 100.000 biztanle dituen herria izanik, era horretako praktikei beharrezko deritze, “kulturari eusteko eta geroz eta aurrerapauso gehiago emateko”.

Udalak ere bat egin du proposamenarekin. Uste dute aukera ona dela arteak eta kulturak eraldaketa sozialean duten garrantzia aztertzeko eta gai horri buruzko esperientziak partekatzeko.

Biharko jarduerak Zirkodromoan egingo dituzte. Zirku tailerrak egiten dituzte han asteburuetan. Horrez gain, ikuskizunak eta bestelako jarduerak antolatzen dituzte. Mugimendu hori guztia duen espazioa baliatu nahi izan dute antolatzaileek topaketak gauzatzeko. Parte hartzeko, izena eman beharra dago.