Orbela

Igor Elordui Etxebarria

Gaur, haizea, hotza eta euria den honetan, orbela izan nahi dut. Ez deitu, ez idatzi mezurik, ez eskatu ezer. Sakelako telefonoa amatatuko dut eta ez dut telebistarik piztuko, ez irratirik. Musikarik ere ez dut jarriko. Azaroko haizeak bota duen hostaila izango naiz, zemendiko euriak bustitzen duen maskala.

Gaur, manta azpian tapatuko naiz inguruari mespretxuz, neure buruari narda. Burusi barruan bilduko ditut kanpoko euria, hotza eta haizea eta, arratsalde batez, arratsalde bat baino ez, neure buruarekin ostenduko naiz neure barneko lainoen artean, ilargi betea gaueko hodeien artean bezala.

Harrapatuta naukaten sokek zelan estutzen nauten sentitu gura dut. Joandako gaztetasunaren nostalgia igarri eta bete bako ametsekin amets egin. Izatea desio nuenaren eta naizenaren arteko aldeaz jabetu eta, orain, jada, izan gura dudana izateko larri nabilela ohartu. Eta egindakoez eta ez egindakoez damutu. Betiko izan behar zuten aspaldiko adiskide horien behin-behinekotasunak sorrarazten didan penak hartzen utzi. Aitita eta amamekin akordatu, joandako osaba-izekoekin, lehengusuekin eta, batez ere, amarekin. Nabaritu, amaren gomutan, minak erre egiten duela. Beldurra nozitu, aita joango deneko beldurra. Ikarak hartzen utzi, noizbait neu ere joango naizeneko ziurtasunaren ikara. Izu-ikaraz dar-dar egin, horrenbeste maite ditudanak falta zaizkidala imajinatuz. Ezin jakin zer, ezin jakin noiz, ezin jakin nola. Dolu egingo dut galdutako lagunengatik, joandako senideengatik, eta neugatik ere bai.

Ez deitu, beraz, ez bilerarako, ez kaferako, ez poteak hartzeko. Gaur ez dut horretarako gogorik. Ona ei da noizean behin negar egitea. Ba, gaur negarrari libre ateratzen utziko diot, horretarako, negar egiteko, gogoa daukadanez gero. Ahal badut, bizitzan negar eragin didaten desengainu, frustrazio, tristura eta amorrazio guztiak gordetzen dituen Pandoraren kutxa zabalduko dut, aska daitezen, atzera ere, neure barnean. Eta orduko samina gogoratuz, gorritutako orban bakoitzaren gainean, neure-neureak diren orban horien gainean, isuriko ditut negar-malkoak, gorria kendu arte, kutxara itzuli arte, lasaitu arte.

Utz iezadazue, beraz, gaurkoagatik, tristurari, malenkoniari, beldurrari eta etsipenari leku egiten. Utz iezadazue amildegira hurbiltzen. Ez naiz jausiko. Emozioak urtaroak modukoak dira, bata bestearen segidan datoz; batak bestearen beharra dute. Batzuetan udaberriko hosto berde bizia gara, eta beste batzuetan udazkeneko hosto eroria. Horregatik, utz iezadazue gaur orbela izaten. Utz iezadazue udagoieneko egun hotz, haizetsu eta euritsu honetan bizitzaren mina sentitzen. Bihar, egunak argitu orduko, mezuei erantzungo diet, kafe bat hartzeko deituko dizuet, atzeratutako lanak egingo ditut eta, trankil, afaria neure kontu.