Ibai Maruri Bilbao
Denak daude ados: Plentziako portuak eta itsasadarrak ordena jartzeko premia dauka, gainezka eginda dagoelako. Baina Eusko Jaurlaritzak onartu duen berrantolaketa planak zer esana piztu du herrian. Askorentzat, ez da aukerarik aproposena. Gaur egun, portuan bertan 165 amarraleku daude. Jaurlaritzak egingo duen berrantolaketarekin, 208 izango dira. Luzean lau eta hamabi metrorainokoak diren itsasontzientzat izango du lekua. Eta, horrez gainera, itsasontziak uretaratzen diren arrapalaren goienean gasolina zerbitzugune bat jartzea ere aurreikusi dute. Dena den, Plentziak itsasontziekin duen arazorik handiena portutik kanpo dago, itsasadarrean. Inolako ordenarik gabe ehunka itsasontzi daude ainguratuta. Ordena jartzeko asmoz, Jaurlaritzak pantalanak ipiniko ditu: portua baino barrurago hasita, udaletxe pareraino, itsasadarraren ezker ibarrean; eta, Ontziolaren plazatik Geltokiko zubira arte, eskumako ibarrean. Guztira, 182 amarraleku egongo dira, luzean bost eta 11 metrorainokoak diren itsasontzientzat. Eta egitura berria martxan jarritakoan, debekatuta egongo da itsasadarrean ainguratzea. Datozen hilabeteetan egingo dira lanak, eta ia bi milioi euroren aurrekontua izango dute. Egunotan lizitatuko du proiektua Jaurlaritzak, eta abenduan hasteko asmoa dute.
Gaur egun portuan dauden pantalanak duela 35 urte jarri zituzten. Harrezkero, ez da neurririk hartu amarratzeko eskaera berriei erantzuteko. Eta ordutik etorri diren ontzi jabe berriek itsasadarreko buiak beste irtenbiderik ez dute izan. Orain ere zalantzan dago ea aski izango diren jarriko dituzten pantalan guztiak.
Plentziako portuko ontzi jabeetako asko Proa elkarteko kide dira. Laurehun inguru izan ziren sasoi batean; gaur egun, 180 bat dira. Elkarteak deituta, portuaren eta itsasadarraren inguruan zer esana duten herritarrek eta eragileek bilera egin berri dute herriko frontoian. Parte hartu dutenetako bat da Unai Ganzedo Itsasoko Zientzietan doktorea eta ikertzailea. Plentziakoa da, eta ontzi baten jabea, nahiz eta ez den Proako kide. “Esango nuke bileran egon ginen gehienok bagenuela ingurumenaren eta itsasadarraren inguruko ardura eta erantzukizuna, eta horrek asko poztu ninduen”. Haren esanetan, proiektuak hainbat kezka sortzen ditu. Adibidez, pribatizazioa salatu zuten hainbatek. Izan ere, aurrerantzean, itsasadarrean ainguratuta dauden itsasontzien jabeek ordaindu egin beharko dute pantalan berriak erabiltzeagatik.
Ganzedo bera ingurumenak kezkatzen du, eta, bereziki, klima aldaketak. Esan du bera eta bileran egon diren beste zientzialari batzuk ibili direla proiektuaren ingurumen eraginaren txosten bila, baina ez dutela ezer topatu. Nabarmendu du egin ez bada larria izango litzatekeela. Era berean, “arduragabea” iruditzen zaio klima aldaketak ekarriko dituen ondorioak kontuan ez hartzea. “Argi dago gero eta itsas denborale gehiago egongo direla. Hori izango da gure kostaldean izango dugun arriskurik handiena; itsas mailaren igoera denboraleetan igarriko da, eta gero eta ohikoagoak izango dira”. Esan du kanpoko kaian dagoeneko igartzen hasi direla itsas denboraleen ondorioak, eta uste du itsasadarrean ipiniko diren pantalanetan kalte handiak eragingo dituztela. “Uste dut ez duela luze iraungo azpiegitura berriak”.
Gainera, azpimarratu du Plentziako itsasadarrean itsasgorako eta itsasbeherako itsaslasterrak oso indartsuak direla. Itsasadarraren zabalera ere ez da handia. Horregatik uste du ontzijabeek zailtasunak izango dituztela maniobrak egiteko. “Uste dut inprobisazioz jokatu dutela. Asko aztertu gabe proiektu bat diseinatu dute, eta onartu beste aukerarik ez zaigu geratu erabiltzaileoi”. Adibidez, gogoratu du ez dela berria portuan gasolina zerbitzugunea jartzeko asmoa; 1992an ere ahalegindu ziren, baina herritarren kexuei esker, bertan behera geratu zen. Oraingoan, baina, proiektu osoaren barruan sartu dute. “Arduragabea iruditzen zait umeen jolas parke baten ondoan horrelako zerbait jartzea”.
Itsasadarra berreskuratu
Ganzedok berak portutik kanpo ainguratzea edo amarratzea debekatuko luke. Uste du itsasadarra biziberritu behar dela, eremu babestuak handitu eta ugaritu. “Beste itsasadar batzuk behin betiko galdu dira; Abra ingurua, esaterako. Baina Butroiko hau lehengoratu daiteke; zaindu eta errespetatu”. Dena den, badaki errealitatea beste bat dela: “Historikoki, beti ainguratu izan dira itsasontziak itsasadarrean; beraz, orain ez nuke debekatuko. Baina bata eta bestea ezin dira elkarren kontra egon: ainguratzea baimendu arren, ingurumena zaindu behar da”.
Horregatik, amarralekuak modurik ordenatuenean jartzea proposatu du, ingurumenarekiko errespetuz, eta sartzeko eta irteteko erraztasunik handiena eskainiz itsasadarraren erabiltzaileei. Mundakako itsasadarra jarri du adibide moduan. Azpimarratu du ontzi jabeak ez direla erabiltzaile bakarrak. “Arraun taldekoak, arraun surfean ibiltzen direnak, piraguak alokatzen dituzten lokaletakoak… Horiek guztiek ere erabiltzen dute itsasadarra, eta badute zer esana auzi honetan. Gaur egun, ontziak dauden moduan egonda, askotan, zaildu egiten zaie itsasadarrean ibiltzea, eta, orain, berrantolaketa diseinatzean, haien iritzia ere ezinbestean kontuan hartu beharko da”.
Kexatu da ontzi jabe asko pantalanen aldekoak direla. “Jendeak itsasontzi bat nahi du, erosten du, eta edozein lekutan ainguratzen du. Eta, orain, pantalanak nahi dituzte. Baina zer nahi dugu: kirol portua duen herri bat edo kirol portu bat, eta ondoan herria? Herrira egokitutako portua defendatu beharko genuke”.
Proa elkarteak berak oraindik ez du iritzi bateraturik plazaratu. Javi Onzain da presidentea. Zehaztu du frontoiko bilera eurek antolatu zuten arren elkarteko bilera ere egin behar dutela, proiektuaren balorazio komun bat egin ahal izateko. Dena den, iruditzen zaio elkarteko kide diren ontzi jabe gehienak pozik daudela Jaurlaritzak egingo duenarekin. “Dena hobetu daiteke, noski. Eta honek ere badu zer hobetu. Baina, oro har, gehiengoa alde dagoela esango nuke. Ezinbestekoa da Plentziako portua berrantolatzea. Orain arte bezala ezin dugu jarraitu. Urteetako aldarrikapena da”. Haren esanetan, bereziki itsasadarreko buietan ainguratuta dauden ontzien jabeek babestu dute pantalanak jartzeko asmoa, “oso nekatuta” daudelako beti buiekin ibiltzen.
Eusko Jaurlaritzarekin berba egiteko asmoa dute. Iragarri du gobernuko ordezkariek esan dietela zozketan pantalanik gabe geratzen diren ontzi jabeak ez direla itsasadarretik kanpora joan beharko; orain arte bezala, buia bati lotuta itsasadarrean ainguratuta egoteko aukera izango dutela bermatu diete. Aukera hori izango dute hasieratik pantalana nahi ez dutenek ere; izan ere, badira ordaintzeko prest ez daudenak.
Aitortu du eurek ere badutela itsaslasterren eta klima aldaketak eragingo dituen kalteen kezka. Baina abiapuntu ona dela iruditzen zaio. “Gaur egun gauden moduan ezin dugu jarraitu. Gainezka gaude. Ontzia ateratzeko orduan zailtasunak izaten ditugu, eta gainontzeko ur kiroletan ibiltzen direnak ere kexu izaten dira. Itsasadarrean ez dago denontzako lekurik, eta ordena bat jarri behar da”. Azaldu du Eusko Jaurlaritzak beste aukera batzuk ere aztertu dituela, baina baztertu egin behar izan dituela arrazoi ekonomiko edo teknikoengatik.