Historia bizi duen herria

Historia bizi duen herria

Ibai Maruri Bilbao

Ondare historiko handia du Balmasedak, baina asko galdu du bidean. Besteak beste, 1808an Napoleonen soldaduek Portugalera bidean Iberiar penintsula okupatu zutenean. Azaroaren 8an Enkarterritik igaro ziren, Burgosera bidean. Hurrengo egunetan gudu odoltsua izan zuten Espinosa de los Monterosen, eta, Balmasedara iritsi aurretik ere, gudua galdu berri zeuden. Agian aldean zeramaten haserreagatik, edo herritarrek ez zietelako espero zuten abegia egin, herriari su ematea erabaki zuten: garai hartan zeuden 150 etxeetatik 75 inguru erre ziren.

Herritar askorentzat ezezaguna da gertaera hura. Horregatik, bigarren mendeurrena bete zenean, herri antzerki baten bidez gogoratzea erabaki zuen Balmasedako Udalak. 2014an berriz egin zuten, azaroaren 8a zapatuz suertatu zelako. Aurten barikua da, eta datorren urtean, domeka. Hala, hirugarren herri antzerkia aurten egitea erabaki dute, azaroak 9 dituela. Horrela, bada, bihar Napoleonen soldaduz beteko da herria. David Hendrik Chasse jeneral herbeheretarra eta haren soldaduak 12:00etan iritsiko dira San Severino plazara.

Eguerdikoa izango da lehen ekitaldia. Ander Rivero Velez Jaietako zinegotziak azaldu du zer egingo duten. “Soldaduak zaldi gainean iritsiko dira. Eta plazan harrera egingo diete alkateak eta gainontzeko agintariek. Jeneralak iragarriko du Napoleonen aginduz datozela”. Eguneko beste ekitaldia, nagusia, arratsaldean egingo dute, 18:30ean hasita. “Soldaduen eta Balmasedako herritar xumeen arteko guduak hasiko dira orduan, eta Napoleonen soldatuek su emango diete, besteak beste, zubi zaharrari, San Juan elizari, eta, bukaeran, San Severino plazan, San Severino elizari eta Balmasedako udaletxeari”. Hala egin zuten duela bi mende ere.

Goizeko ekitaldiaren eta arratsaldekoaren artean, ordu batzuk geratuko dira hutsik, baina horiek betetzeko ardura hartu dute. Hala, aurten, estreinakoz, herriko ostalariek “menu berezi eta merkeak” prestatu dituzte, “kanpotik datozen bisitariek eguna herrian ez pasatzeko aitzakiarik izan ez dezaten”. Eta 16:00etarako bisita gidatua antolatu du turismo bulegoak. “Balmaseda, haren ondarea eta haren nortasuna ezagutaraztea da bisitaren asmoa. Uste dugu Bizkaian ahaztuta dauden herrietako bat dela gurea. Askok uste du aparte dagoela, Bilbo aldetik urrun, eta hori ez da horrela”.

Erakusteko duten guztiaren artean, Balmasedako herritarren nortasuna azpimarratu du zinegotziak. “Antzerkirako joera dugun herri bat gara”. Izan ere, Napoleonen soldaduen erasoaren antzezpena berria da. Baina ohitura luzea dute Aste Santuan Jesu Kristoren nekaldia antzezten eta Erdi Aroko azokan garai hartan herrian gertatu ziren gertaerak gogoratzen —juduak kanporatu zirenekoa edo izurriteak jo zituenekoa, esaterako—. Riveroren esanetan, horrek asko erraztu die erretzearen ekitaldiak prestatzen, herrian badagoelako aktore lanak egitera ohituta-edo dagoen jendea. “Herritar horiek hartu dituzte kasu honetan ere rolik esanguratsuenak; Balmasedako sasoiko agintarienak eta soldaduen buruenak, esate baterako”.

Guztira, 300 herritar inguruk hartuko dute parte. Hilabete eta erdi daroate prestaketa eta entseguekin, eta joan den domekan egin zuten azken entsegu nagusia; zaldiek ere hartu zuten parte. Lehen urtean, 2008an, jantzirik ere ez zuten, eta joskintza tailer bat antolatu zuen udalak. Zinegotziaren esanetan, antzezlana berriz egiteko arrazoietako bat orduan egindako lana amortizatzea da. Baina ez bakarra: “Balmasedarrei asko gustatzen zaizkie herri antzerkiak. Joan den udan herritarrak gerturatzen zitzaizkidan ea aurten ere frantsesena egingo genuen berriro galdetzera”.

Lapurretak eta alkate bi

Udalak beste helburu bat ere badu: dibulgazioa. Hau da, 1808an herrian gertatu zena ezagutaraztea bizilagunen artean. Horretarako, orduko historia azaldu dute udalaren blog batean: Balmaseando.eus. Eta azken egunetan Facebook bidez ere zabaldu dute kontakizuna, zazpi kapitulutan banatutako idazki sail baten bitartez. Horretarako oinarri moduan Juan Tomas Saez Iturbe balmasedarrak idatzitako Larga lucha por la libertad (Askatasunaren aldeko borroka luzea) liburua hartu dute oinarri. Aurten argitaratu du.

Besteak beste, balmasedarrei kontatu diete Napoleonen soldaduak herrira iritsi zirenean Martin Artiñano zela alkatea. Balmaseda erreta eta suntsituta ikusi zuenean, familia hartu eta ihes egin zuen, beste agintari batzuekin batera. Botere falta hori aprobetxatu zuen Pedro Alcantara Espinolak; aduanako langilea zen, eta alkate izendatu zuen bere burua. Sarraskiaren hurrengo egun eta asteetan, ohikoak izan ziren lapurretak. Zinegotziak berak azaldu du zelan herritarrek harresiko harriak hartu eta arbolak botatzen zituzten erretako etxeak berreraikitzeko. “Azkar egin nahi izan ziren, baina txarto egin ziren, eta gero ondorioak etorri ziren”.

Artiñano alkatea itzuli zenean bukatu zen kaosa. 1809ko urrian epaitu ziren Alcantara eta gainontzeko lapurrak. Alcantarari sei urteko espetxe zigorra ipini zioten, eta Artiñanori ere agiraka egin zioten, herritik ihes egin zuelako.