“Gure hiriei buruz informazio gehien dutenak turistak dira”

“Gure hiriei buruz informazio gehien dutenak turistak dira”

June Prieto

Lutxo Egiak (Bilbo, 1969) neguko egunik petralenean erakutsi zien Bilbo Asisko Urmenetari (Iruñea, 1965) eta Dom Campistroni (Aldude, Behe Nafarroa, 1994). Hiriaren gida bat sortu dute elkarrekin, C1 euskara mailako ikasleentzat. Elkar argitaletxeak Bilboko Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean argitaratu du Bilbo izeneko liburua. Euskal Herriko zazpi hiriburuen gidak osatu dituzte dagoeneko, Arian Irakurgai Mailakatua izeneko bilduman. Urmeneta izan da liburu guztien ilustratzailea, eta Campistronek koloreztatzaile lanak egin ditu. Lutxo Egia Bilboko gidaren idazlea izan da, eta hiriko istorioak historian kokatu ditu, irakurleak hiriko eraikin eta kaleetan zehar murgilduz.

Liburua Bilbo hiriburuan kokatuta dago, baina edozein euskaldunek irakurtzeko moduko liburua da, eta euskara ikasten ari direnentzat ariketak daude. Zuek egin izan dituzue liburuko ariketak?

LUTXO EGIA: Nik, behintzat, ez ditut egin; beste liburu batzuetan, bai, sortu ditut ariketa batzuk, baina honetan ez.

ASISKO URMENETA: Nik ere ez, baina nire alabak, bai, egin ditu.

DOM CAMPISTRON: Ezta nik ere. Baina nire amatxik egin ditu. Hegoaldeko hitz batzuk ulertzeko nire aitatxirekin batera egin ditu liburuko ariketak. Ez dut uste denak egin dituztenik, baina saiatzea ere keinu polita izan da.

Zer dauka berezia Bilbok beste sei hiriburuek ez dutena?

L.E.: Ez dut uste ezer berezirik daukanik. Hiria landu nahi nuen, eta era naturalean atera zait. Oso pertsonala da nire lana, eta paisaiaren irakurketa egiteaz arduratu naiz; gehiagotan ere egin dut.

D.C.: Niretzat, guztiak dira ezberdinak, eta hor dago liburuen aberastasuna. Hitzak eta irudiak batera aldatzen dira liburu bakoitzean. Liburu bakoitza berezi egiten duena hori da. Eta Bilbon, benetan berezia, eguraldia izan da. Beste hirietan marrazkiak egiteko denbora gehiago eduki dugu, baina Bilbon, ordea, ezinezkoa izan da. Hori guztia, koloreetan nabaritu ahal da; morea, grisa eta urdina nabarmentzen dira.

A.U.: Marrazkiek badaukate guk bizi izan dugun kronikatik. Idazleak ere material anitz bidali dizkigu, eta asko lagundu gaitu argazki zaharrak edukitzeak. Lehenaldia eta oraina uztartzen dira irudietan ere.

Liburuan kontatzen dituzuen anekdota guztietatik zeinekin geratuko zinateke?

L.E.: Ingelesen landarena polita da. Bilbon pentsatzen da horrela duela izena portutik gertu dagoelako eta ingelesak bertaratzen zirelako. Baina, egia esan, zerikusia dauka bertan zegoen Bilboko hilerriarekin. Hasieran ingelesen jabetzakoa zen, eta hortik dator izena. Egun, Bilboko hilerria Derion dago.

A.U.: Domentzat eta niretzat, esanguratsua izan da Arriaga musikariari egin behar zitzaion monumentu bat. Durriok hartu zuen bere gain egiteko ardura, eta 27 urte egon zen lanean. Azkenean, Durrioren ikasle batek Euterpe harpa jotzaile greziar batekin adierazi zuen, emakume biluzi batekin, alegia. Frankismoaren lehendabiziko hamarkadan, eskulturaren kontra kanpaina handia egon zen, emakumea biluzik baitzegoen eta sexu grina pizten omen zuen. Horren ondorioz, beste eskultore batek egin zuen egokitzapen posible bat, garaiko lege eta moralitatearen arabera. Eta egun, bi eskulturak ikusita, azter dezakegu ez dela bakarrik biluztasuna, baizik eta emakumearen posea eta jarrera; garai bakoitzean emakumearen rola zein izan den erakusten dute.

Liburuan Bilbon dauden estatuen egoera aipatzen da. Soilik hiru dira emakumezkoak. Dom ere, bi gizonekin egon da lanean. Zelakoa izan da egoera horretan lan egitea?

D.C.: Egia da ilustrazioan eta edozein lanetan ez dela aski emakume egoten. Baina, hala ere, beste liburuetan ere egon dira idazle emakumeak. Eta proiektu honetan beharra zegoen biak egoteko, emakumeak eta gizonak. Oreka hori atxiki dute. Asiskorekin oso ondo moldatu naiz. Uste dut biak garela nahiko queer, eta alde horretatik ez dut arazorik eduki. Hala ere, beharko genuke horrelako espazio gehiago sortu non emakumeak, gizonak eta beste identitateak ere bai, batera egiten duten lan.

Zuentzako zer esan nahi du liburu honen egileak izateak?

L.E.: Tamalez, egiten ditugun proiektu guztiak serioak dira. Ikasleei material berriak eskaini behar zaizkie, gaurkotasunezkoak eta praktikoak. Lan honetan garrantzitsua da historia hurbilaraztea, era erraz batean. Ikasleei material berriak ere eskaini behar zaizkie. Zazpi liburuko bilduma honetan denetarik dago: fikzioa, historia… Tristea da, baina batzuetan gure hirien berri daukaten bakarrak turistak dira. Ataka batean gaude: gero eta gehiago komunikatzen da, baina ez da kontuan edukitzen nola komunikatzen den. Ziurrenik gure hiriaren historiaren gainetik pasatzen gara hanka puntetan. 500 orriko liburu interesante batek, agian, ez du behar lukeen arrakasta; horregatik formatu hau praktikoagoa ahal da izan, eta, agian, niretzat ere izango da aberasgarria.

A.U.: Aspaldi Brasilera joan ginen, eta Jorge Amadoren Baia de todos os santos liburua erabili genuen gida gisa. Liburuan, herrialdearen oraina, iragana, eremu sozialak… apur bat denetarik lantzen zen. Eta egin ditugun liburuen bokazioa hori da, hain zuzen, sorkuntza bat izatea, eta, aldi berean, informazio praktikoa ematea.

D.C.: Proiektu biziki garrantzitsua izan da niretzat. Ni duela gutxi bueltatu naiz Euskal Herrira, atzerrian ikasten egon naizelako. Eta, hain zuzen, Euskal Herritik egin dugun itzuliak liburu hauek egiteko balio izan dit. Koloreak hautatzeko askatasuna eduki dut, nahi dudana egiteko eta nire estiloa erabiltzeko.