Natalia Salazar Orbe
Guretzat umiliagarria da. Errepublikaren alde hildako asko izan ziren komunistak, sozialistak edota anarkistak. Ez ziren fededunak eta derrigortuta jarri dituzte haien izenak eliza baten barruan”. Durango 1936 elkarteko kide Andoni Barreñarenak dira hitzok. Herriko hilerrian frankistek eraiki zuten kapera dago oraindik. Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuak, oraintsu argitaratu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sinbologia frankista erretiratzeari buruzko egoeraren inguruko txostena. Hor, kendutzat eman dute kanpainako martiri eta heroien omenez eraikitako Durangoko kapera mausoleo hori. Eraikinak zutik dirau, ordea. Leku hura birmoldatu eta beste esanahi bat ematea erabaki zuen aspaldi udalak. Barreñok salatu duenez, barruan, euskarri handi batean, altxamendu militarrean zein Errepublikaren defentsan hildako herritarren izen-abizenak jaso zituzten. Neurriak haserrea sortu zuen.
Duela hamabi urte hartu zuen udalak kaperari beste esanahi bat emateko erabakia. Barruan zeuden hildako frankisten nitxoak handik atera zituen, eta Adiskidetzea eta Bakea izenarekin bataiatu zuen. Frankisten izen-abizenak eta gurutzea utzi zituen bertan. Horrez gain, Durangoren aurkako bonbardaketan hil zirenen izen-abizenak jaso zituen marmol bat jarri zuten barruan. Zauriei gatza botatzea bezala izan zen Errepublika babesten bizia eman zutenen senide askorentzako. Orduantxe sortu zuten Durango 1936 elkartea.
Birmoldaketa hark eragin zien ezinegona transmititu zioten udalari. Haserretuta eta minduta mintzatu da Barreña, urteetan euren salaketa isilarazita egon dela sinetsita. “Salatu genuen, kapera faxista mantentzen zelako. Gainera, adiskidetzea eta bakea derrigorrean kristautasunez egiten zuen. Guk ez genuen uste adiskidetzea eta bakea sinbolo harekin egin behar zenik. Monolito berean jaso zituzten borreroen eta biktimen izen-abizenak, familiei baimenik eskatu gabe, gainera”. Idatziz zein ahoz helarazi diote ezinegona udalari hamabi urtetan. Martxoaren 31 oro, udalak Eusko Jaurlaritzarekin batera urteetan hilerrian antolatzen duen ekitaldietan ere ez du parte hartzen Durango 1936 elkarteak. “Badakite zer iritzi dugun, baina jarraitzen dute esanez sinbologia frankista kendu dutela. Ez, bada. Sinbologia horrek hor jarraitzen du, zutik”.
Gogora institutuaren txostenak jaso du zer sinbologia frankista kendu duten azken urteetan espazio publikotik. Denera, 1.523 elementu zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2016az geroztik egindako jardueren zehaztasunak ere zerrendatu dituzte. Elementuak, ohorezko tituluak eta kaleen izenak daude kendu eta txostenean jaso dituzten horien artean. Jarduera horietatik 716 Bizkaian egin dira. Horien artean zenbatu dute Durangokoa ere. Gogora institututik azaldu dutenez, “Euskadin ikur frankistak kentzeko Batzorde Teknikoak frankismoa goraipatzen duten elementu eta zati sinbolikoak kentzea gomendatzen du. Horixe egin zuen udalak 2007an”. Durango 1936 elkarteak agertutako ezinegonari dagokionez, eztabaida hori herri mailan landu behar dela deritzo, eta ez du eman nahi izan iritzirik.
Durangoko Udala EH Bilduren eta Herriaren Eskubideak plataformaren esku dago ekainaz geroztik. Azaldu dutenez, ikur frankistak desagerrarazteko helburua dute: “Dagoeneko hasi gara gaia herriko elkarte memorialistekin lantzen. Dena den, juridikoki ere egoera zein den aztertu beharko da”. Horren arabera hartuko dituzte erabakiak.
Barreñok hausnarketa kolektiboa eskatu du: “Memoria historikoaren legerik ere ez daukagu. Berrogei urtean berberek agindu dute herrian zein Jaurlaritzan, eta ez dute kendu sinbologia hau. Guk hamabi urte daramatzagu hemen”.
Ikurren zerrenda
Azken urteetan kendutako hainbat ikur frankistaren berri jaso du Gogora institutuaren txostenak. Gehienak etxebizitzetako plakak dira. Badira, ordea, herritarren artean ezinegon handiagoa sortu duten sinboloak ere. Besteak beste, erregimen frankistako bi armarri ofizial: Bilbon Ogasunaren ordezkaritza berezian zegoena eta Barakaldoko Correoseko eraikinekoa. Frankisten omenezko zenbait monumentu ere kendu dituztela jakinarazi dute. Besteak beste, Bilbon, Larrabetzun eta Ondarroan. Sinbologia hori kentzeko jardueren jarraipena egin dute, eta udalei horretarako laguntzak eman dizkiete.
Gogorak emandako datuen arabera, Bizkaiko bederatzi herritan oraindik sinbologia frankista dago. Horien artean aipatu dituzte Lemoako harkaitzetan jarritako erorien gurutzea eta gurutze bidea; Getxoko eta Portugaleteko hilerrietan gerrako erorien omenez dauden bi monumentu panteoi; Quilates lurmuturraren aurkako erasoaren gurutzea, Barakaldon; Altunamendiko erorien aldeko gurutzea, Erandion; edota Baleares ontziaren omenezko aldarea, Ondarroako hilerrian.
Ahaztuak 1936-1977 elkarteak onartu du hainbat ikur kendu dituztela azken urteetan. Baina Martxelo Alvarezek zehaztu duenez, “betiere, herritarrek presio eginda” egin dituzte jarduerok. Elkarte horretako kidea da bera. Hala, bada, gainazaleko arazoa bideratutzat jo du. Sakonekoari heltzea falta dela deritzo, ordea. Adierazi duenez, “frankismotik datozen elementu guztiekiko inpunitateak” indarrean jarraitzen du. “Gure arbasoak hautetsontzietan historiatik erauzteko gai izan ziren monarkia dugu orain. Monarkia hori kolpe militarraren ostean itzuli zen. Eta demokraziak, hiruzpalau ukitu eman ostean, mantendu egin du”.
Espainiako banderari ere aipamen egin dio. “Gure ustez, frankismoaren ikurrik nagusiena bandera gorri-horia da. Tropa kolpistek egokitu eta beretzat hartu zuten. Euren kanpaina militarraren entseina izan zen. Estatu frankistaren irudia izan zen. Demokraziak ere hari eutsi dio”.
Frankismoarekin lotutako ororen inpunitatea salatu du Alvarezek, eta adibide adierazgarri bat eman du: “Desobiratze bat egiten denean, datu batzuk ezin dira azaldu txostenetan. Besteak beste, biktimarioen izenak”. Esan du hori horrela gertatzen dela Jaurlaritzak hala erabakita.
Argi eta garbi adierazi du ezin daitekeela jarrera bera izan batzuekin eta besteekin. “Ezin dezakegu hitz egin Carmen Calvo ministroak egin zuen bezala. Esan zuen Franco atera dutela Erorien Haranetik baina Jose Antonio Primo de Riverak han jarraituko duela, bera ere biktima izan zelako. Ez gaitezen hasi azpijokoetan. Biktimak berriz biktimizatzea dakar horrek. Indarkeriaren biktima horiek, eurek sortu zuten indarkeriaren biktima dira”. Uste du salatu dituen interpretazio horiek eskuin muturreko ideologia berpizten laguntzen dutela, eta zilegitasuna ematen diotela: “Erakundeek eurek demokratiko labela eman diote sarri”.