Termiten izurritea erauzteko plana abiatu dute Elorrioko alde zaharrean

Termiten izurritea erauzteko plana abiatu dute Elorrioko alde zaharrean

Natalia Salazar Orbe

Bizitzeko leku ezin hobea aurkitu dute termitek Elorrioko alde zaharrean. Egurrezko egitura duten hainbat eraikin egoteaz gain, bestelako gutiziak eskaintzen dizkiete ugariak diren lorategiek: zuhaitz, zuhaixka eta eraikinetatik kanpoko zura. Zumelegi ibaia inguratzen duten parkeek eta berdeguneek eskaintzen dizkiete otorduok. Arazoaz jabetuta, izurriteari aurre egiteko neurriak hartu ditu udalak: bost urterako tratamendua abiatu dute.

Duela bi urte egin zuten egoeraren diagnosia. Horrek utzi zuen agerian arazoa bazegoela. Hala ekarri du gogora Iruntza de Castro Hirigintza Saileko teknikariak: “Zazpi foku antzeman zituzten alde zaharrean”. San Pio, Urarka, Buzkantz, Herriko plaza, Berriotxoa, San Juan eta Urkizuaran inguruetan daude fokuok. Denera 161 eraikin aztertu zituen Tecnaliak. Horietatik, 144k egurrezko egitura edo mistoa daukate. Eta 62 eraikinetan antzeman dituzte termiten erasoak.

Gosea asetzeko, intsektuok ohiko etxebizitzak zein jauregiak eta bestelako eraikinak ere baliatzen ari dira. Besteak beste, termita biziak aurkitu dituzte Tecnaliako teknikariek Zearsolo eta Tola jauregietan. Eta Lariz jauregiaren lorategietan tratamendua abian dago.

Premia, aktibo daudenetan

Beste hainbat lekutan ere tratamendu hori abiatu dute. Eta gehiagotan jarriko dute martxan. De Castrok azaldu du prozesua: “Testigu deritzen elementu batzuk jartzen dituzte. Bi amu mota dituzte horiek. Batzuk termitarik dagoen antzemateko erabiltzen dira soilik. Horiek ez daukate pozoirik. Termitak jatera horra gerturatzen direla ikusten dutenean, amu pozoiduna jartzen dute”. Testiguak hainbat lekutan jartzen dituzte: lorategietan eta lurra dagoen lekuetan, eta espaloietan eta etxe barruetan ere bai.

Ez dute kezka berezia eraikin zehatzen batengatik. Hala ere, batzuek besteek baino premia handiagoa dute: “Termitak aktibo dauden eraikinetatik abiatuko dute tratamendua”. 28 daude egoera horretan. “Leku batzuetan degradazioak aurkitu dituzte, baina ez daude ziur termitak dauden ala ez”. Hala ere, eraikin batzuek egitura bera ere hondatua dutela utzi du agerian diagnosiak.

Bost urteko tratamendua egin ostean izurritea amaituko dutela uste dute. Bi fasetan banatu dute prozesua: “Kontrola eta termiten erauztea, batetik, eta zaintza eta jarraipena, bestetik”.

Kostua zer-nola ordaindu

Lanek 82.000 euroko aurrekontua izango dute. Tratamenduaren kostua zer-nola ordaindu aztertzen ari da orain udala. Zati bat, bere gain hartuko du: %30, ziurrenik. “Kostua alde zaharreko biztanle guztien artean ordainduko dugu. Bost urtean tasa baten bidez ordaintzeko ordenantza fiskal bat ateratzekoak gara. Oraingoz ez da atera”.

Hala ere, bizilagun bakoitzaren egoera kontuan hartuko dutela iragarri dute. “Hobariak ere egongo dira. Bizilagun batzuek tratamenduak egin dituzte jada euren etxeetan. Edo hormigoizko egitura dute, eta kalteak ez dira hain larriak izango. Batzuek leihoetako markoetan izango dituzte kalteak, baina ez egiturazkoak”. Izan ere, duela bi urtera arte kaltetu askok euren kabuz jarri zioten konponbidea arazoari. Elorrioko Udalak orduan erabaki zuen esku sartzea.