Joko historiko bat berreskuratzen

Joko historiko bat berreskuratzen

June Prieto

Bat ezetz”, entzuten da bolatokiaren kanpoaldetik. “Hiru baietz”, erantzuten du, bola eskuan, hiru txirloak botatzeko erronka onartu duen emakumeak. Aulestiko Santa Eufemi jaietan horrela ibiltzen dira hiru txirlo bola jokoaren ikusle eta jokalariak. Markina-Xemeingo Hiru Txirlo elkarteak (MX3T) antolatzen ditu txapelketak, besteak beste, eskualdean kirola ez galtzeko. Bizkaian dagoen elkarte bakarra da, eta duela urte bete sortu zuten.

Egipto zaharrean jada jokatzen zuten boletan, eta, Erdi Aroko debekuen gainetik, gaur egun arte iraun du jokoak. Hala ere, ohiturak asko aldatu dira azken urteetan, eta bola jokoaren aldaera asko galdu egin dira. Mikel Urkia Zuloaga MX3T elkarteko lehendakariak asko daki hiru txirlo motako jokoari buruz: “Esaten dute duela 500 urteko arrastoren bat topatu dutela; hala ere, ez dago datu ofizialik”. Bizkaiko ekialdean, Gipuzkoako mendebaldean eta Aramaion daude aldaera horrentzako bolatokiak. Hala ere, txapelketak Gipuzkoa, Bizkai eta Euskal Herri mailan egiten dira. Gipuzkoakoa da zaharrena, 50 urte ditu.

Bola jokoak bere federazio propioa dauka, ez baitago Eusko Jaurlaritzak herri kirol moduan onartzen dituen hamazortzi kirolen artean. “Euskal Herriko Txapelketan jokatu ahal izateko, federatuta egotea ezinbestekoa da. Orain arte, bizkaitarrek Gipuzkoako elkarteetan egon behar zuten”, azaldu du Urkiak. “Herritarrek kirola identifikatzeko sortu genuen elkartea, baina ofizialtasuna lortzeko ere erabili dugu, bide batez”.

Emakumeak ere bai

Urkiak bere aitarengandik jaso zuen zaletasuna. Eibarkoa da sortzez, eta, txikitan, txirloak botatzen ibiltzen zen Axola Berriko bolatokian. “Denbora batez utzi egin nion jokatzeari, baina duela urte batzuk bueltatu nintzen, indartsu eta gogotsu”. Lehendakaria ez dago bakarrik elkartean: hurrengo urtean 35 federatu izango direla esan du. Bizkaiko federatuen artean zortzi dira emakumeak. Mirari Azkuna etxebarritarra lehenengo doa emakumeen sailkapenean, jokatzen ari den Euskal Herriko Hiru Txirlo Txapelketan. “Ez dute egiten txapelketa berezitu bat; sailkapen orokorrean sari bat ematen diote emakume onenari, haien jarduera bultzatu eta indartu nahi dugulako”, azaldu du lehendakariak.

Euskal Herriko txapelketari dagokionez, 30.a jokatzen ari dira aurten. Urriaren 19an hasi zen, eta azaroaren 16an bukatuko da, Markina-Xemeinen eraiki berri duten bolatokian. “Udalarekin batera egin genuen bolatokia; hasieratik obra erraldoia egin behar izan genuen”, esan du Urkiak. Izan ere, oso garrantzitsua da haientzat herriaren erdigunean bolatoki bat egotea. Entrenatzeko eta zaletasuna berpizteko aukera gehiago edukiko dituztela uste dute elkarteko kideek. Markina-Xemeinen dago Bizkaiko hiru txirlo bolatokien arteko berriena. Aurreko udan erabili zuten lehenengoz, herrian tabernek antolatzen zuten ekimen batekin batera. Bera Kruz ikastolako umeei ere bertan erakusten diete nola jokatu, urte osoan egiten dituzten ikastaroetan.

Bizkaiko Txapelketa herriko jaien inguruan antolatzen da. Txapelketa jokatzen den bitartean, herritarrek ere parte hartzen dute, elkarteak eramandako materiala baliatuz. Bola botatzeko euro bateko apustua egiten dute jokalariek, eta bost bolarietatik onenak irabazten du saria; hau da, bost euro.

Aniztasuna ikusten da Bizkaiko bolatokietan: umeak, emakumeak eta nagusiak aritzen dira hiru txirlo jokoan. Jai giroan sartuta, kirola ezagutarazteko modu eraginkorra izaten da, eta antolatzaileak oso pozik daude orain arte lortutako emaitzekin. “Jendea biltzen den momentuak aprobetxatzen ditugu jokoa erakusteko. Jendea gogotsu etortzen dela ikusten dugu”. Antzinako Egiptoko bolariengatik baino gehiago herriko arbasoengatik, honako hau irakur daiteke Markina-Xemeingo bolatoki berrian: “Lehengo, oraingo eta geroko bolarien omenez”.