Jatako lindanoaren auzian zain dago diputazioa, eskumenik ez duelakoan

Jatako lindanoaren auzian zain dago diputazioa, eskumenik ez duelakoan

I. Maruri Bilbao

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu Elena Unzuetak esan du Bizkaiko Diputazioak ez duela eskumenik Jata mendiko zabortegi zaharraren inguruan agertutako lindanoaren auzian, Eusko Jaurlaritzak baizik. Horregatik, esan du arazoa “larria” den arren Jaurlaritzak zer erabaki zain egon behar duela. “Ikerketa zabalik dago. Amaitzen denean, txosten bat osatuko dute, eta han zehaztuko dira erakunde bakoitzak eta norbanakoek zer neurri hartu behar dituzten eta zer egin beharko duten. Ze ohar iritsiko diren zain egongo gara”. Elkarrekin Bizkaia koalizioak eskatuta eman ditu azalpenak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Ohiturari jarraituz, urtean behingo bilkura egin zuten joan den eguaztenean Gerediagako batzar etxean, Abadiñon.

Elkarrekin Bizkaiako batzarkide Hector Hernandezek “seriotasunez” jokatzeko eskatu dio. Lindanoaren auzia “oso larria” dela ohartarazi du, eta erakunde publikoek maila berean erantzun behar diotela uste du. Esan du arazoari dagozkion ertz batzuk badirela Bizkaiko Diputazioaren eskumenekoak. Adibidez, lindanoa inguruko arboletako azaletaraino iritsi da, eta horrek eragina izan beharko luke suhiltzaileen protokoloetan eta suteen aurkako neurrietan. Era berean, azpimarratu du animalia basatien ehizari dagokionez ere kontuan hartu beharko litzatekeela, besteak beste, basurde eta orkatzak kutsatuta egon daitezkeelako. Unzuetari esan dio neurriak hartzeko ez duela zertan egon Jaurlaritzak zer erabakiko zain.

Joan den uztailean BERRIAk argitaratutako erreportaje batean, salatu zen Jata mendiko zabortegian lindanoa dagoela. Abuztuan, Ekologistak Martxan erakundeak egin zuen agerraldia, Jatan ez ezik Enekuriko basoetan ere badagoela ohartarazteko. Ekologistek kalkulatu dute Jatan 10.000 tona lindano egon daitekeela, eta 30.000 metro koadroko eremu bat dagoela kutsaturik. Enekurin atzemandako zur lagin batean, 1,81 miligramo lindano aurkitu dute zur kilogramo bakoitzeko; beste batean, 3,64 miligramo. Larriagoak dira Jatako emaitzak: zur kilogramo bakoitzeko 3,14 eta 6,47 miligramo.