Aurrekonturik handienak

Aurrekonturik handienak

Ibai Maruri Bilbao

“Lasaitasun mezu bat” zabalduz aurkeztu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiaren datorren urterako aurrekontu proiektua: Bizkaia “ondo” dagoela esan du, herrialdeak “aurrera egiten” dabilela. “Ez da mezu baikorra; mezu errealista da. Lasai, zuhur eta adi dagoen Bizkaia eta aldundia islatzen dituen aurrekontua da. Adi egon behar dugu, badakizue-eta gauzak aldatzen direla askotan. Makroekonomian ziurgabetasuna etor daiteke. Eta sektore batzuetan ere gerta daiteke; adibidez, autogintza arloan. Baina gure ekonomia oraintxe bertan ondo dago, lasai dago”.

Haren esanetan, foru ogasunak izandako diru sarreren igoerak islatzen du hori. Itunpeko zerga bidez, esaterako, iaz baino 258,6 milioi gehiago bildu dira; guztira, 8.207 milioi. Hala, gainontzeko erakunde publikoei egin beharreko ekarpenak —6.795,8 milioi—, langile gastuak —217 milioi—eta zorrari aurre egitera bideratutakoa —170,5 milioi— kenduta, diputazioa osatzen duten bederatzi sailek izango duten diru sorta inoizko handiena izango dela iragarri du: 1.283.578.000 milioi euro; hau da, aurten eduki dutena baino %2,26 gehiago.

Joan den martitzenean egin zuten agerraldia Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak eta biek. Ez zuten xehetasun handirik eman inbertsio eta proiektuen inguruan. Hilaren 6tik 11ra diputatu bakoitzak bere saileko aurrekontua zertan erabiliko duen azalduko du Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta ordurako gorde nahi izan ditu xehetasunak. Diputatu nagusiaren esanetan, “Bizkaia egunero martxan egongo dela bermatzen” dute aurrekontu hauek. “Bizkaiak punta-puntako zerbitzu publikoak ditu eta horrela segituko du”. Besteak beste, garraio publikoaren —Bilboko Metroaren eta Bizkaibusen— “funtzionamendu ona” lortu nahi dela esan du.

Kulturari dagokionean, lehentasunetako bat Bilboko Arte Ederren Museoaren handitzea izango dela azpimarratu du Rementeriak. Ogasunari dagokionez, zerga iruzurraren aurka “indar gehiago” egingo dela iragarri du, 2021erako prest egongo den Batuz proiektuari esker. Horretarako, datorren urtean inbertsio “garrantzitsua” egin beharko du Ogasun eta Finantza Sailak. Horregatik, ia %10 haziko da sail horren aurrekontua; normalean egonkor mantentzen den sailetako bat izan ohi da.

Diputazioak bere inbertsio eta proiektuetarako izango duen diruaren %44 Gizarte Ekintza Sailak hartuko du. Guztira, 564,9 milioi euro izango ditu; hau da, 2019an baino 27 milioi gehiago. Besteak beste, adinekoen, elbarrien, mendekoen eta horien zaintzaileen eta adingabeen bizitza kalitatea hobetzeko diru sortak haziko direla esan du Rementeriak. “Pertsonen interesak lehentasun moduan dituzten pertsonek osatutako diputazioa gara”. Bizkaitarrek dituzten kezka berak dituztela uste du. “Lehena zein da? Enplegua”. Bizkaiko Enplegu Planaren hamar milioietatik lehen 2,5 milioiak datorren urteko aurrekontuetan jaso ditu Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailak.

Aurrekontu horiekin “Bizkaia hobea” utzi nahi die diputazioak hurrengo belaunaldiei, “ekonomia jarduera indartsuagoa, mugikortasun iraunkorragoa eta aukera berdintasun handiagoa” izango duen herrialdea. “Hori da gure gobernuaren helburua agintaldi honetarako”.

Era berean, aurrekontu proiektu honekin diputazioarentzako estrategikoak diren egitasmo batzuk bultzatuko direla esan du. Nazioarteko Ekintzailetza Zentroak bi miloi euroren inbertsioa izango du datorren urtean. Ezkerraldeko parke teknologikoaren obretara 4,7 milioi bideratuko dira. Mugikortasunari dagokionez, Bilbo Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren fasea, Bilboko itsasadarra urpetik zeharkatuko duen tunela eta bidegorrien sarea izango dira proiektu nagusienak: hurrenez hurren, 43, 1,1 eta 3,5 milioi euroren inbertsioak egingo dituzte. Bidegorriei dagokienez, Rementeriak azpimarratu du “bidegorrien autobide sarea” osatu nahi duela bere gobernuak; hau da, Bizkaiko udalek egindako herri barruko bidegorri sareak lotuko dituen herrialde mailako sare nagusia. Gaztelugatxeko biotopo babesturako sarbideak ere hobetzeko asmoa du datorren urterako diputazioak; horretarako 2,5 milioi pasatxo erabiliko dira.

Gastu mugarekin kexu

Diputazioak berak eskura izango duen dirua ez ezik, Bizkaiko udalen artean banatuko dena ere azpimarratu nahi izan du Rementeriak. Udalen finantzaketarako datorren urtean aurten baino 31,1 milioi euro gehiago egongo dira. Hala, 900 milioi euro baino gehiago banatuko ditu diputazioak 112 herrien artean. “Bizkaia denok osatzen dugu”, ohartarazi du. Esan du badakiela alkateren bati “gutxi” irudituko zaiola egokituko zaiona. “Guk ere gehiago egin ahal izango genuke diru gehiagorekin. Baina ezin dugu”. Eta gogoeta hori aprobetxatu du Espainiako Gobernuari eskaera bat egiteko: urtero aurrekontuak %2,8 hazteko mugari eusteak merezi ote duen.

Rementeriaren esanetan, 2012an ezarritako muga hori egongo ez balitz, 2019. eta 2020. urteen artean Bizkaiko Diputazioak 60 milioi inguru izango lituzke eskura. Hau da, Enplegu, Gizarteratze eta Enplegu Sailak datorren urtean izango duen aurrekontua beste. Diputatu nagusiaren esanetan, “beste batzuek txarto egindakoa ordaintzen” ari da Bizkaia. Izan ere, iruditzen zaio herrialdeko agintariek kudeaketa “arduratsua” egin izan dutela. Hori baieztatzeko zorraren inguruko datuak eman ditu.”Espainiaren zorra barne produktu gordinaren %100 baino gehiago da. Alemaniakoa, %60aren bueltan dago. Eta Bizkaian, diputazioa eta beste erakunde publiko guztiak batuta, %20ra ere ez da iristen”.