Analisia: Loraldirako ongarria

Maite Asensio Lozano

Feminismoa loraldian zegoela esan izan da azken urteetan, eta Euskal Herrian bereziki lorategi ederra sortu du. Paisaia ederrak utzi dituzte azken bi urteetako Martxoaren 8ko grebek, eta agerian utzi dute mugimendu feministak aspaldiko indarra, sendotasuna eta erreferentzialtasuna duela. Ez da bat-batekoa izan, ordea: hainbat urtez ezagutza teoriko oparoa garatu du akademiak eta euskarara ere iritsi dira lan klasikoak zein gogoeta berriak—, genero unitateak sortu dira erakundeetan, kontzientzia zabaldu da hedabideetan, eta, noski, talde feminista autonomoak eratu dira herri eta auzo askotan. Gero eta eremu gehiagotan dago feminismoa, baita feministak ere, eta une historiko honetara iritsita, premiazkoa da hausnarketa egitea: oinarriak sendotzea, eztabaida zaharrak mahai gainean jartzea eta galdera berriak planteatzea.

Ez dira edonolakoak gaur Durangon hasiko diren jardunaldiak; Euskal Herriko Mugimendu Feministak datozen urteetan izango dituen lehentasun politikoez eztabaidatuko dute 3.000 feministak. Mugimenduak ere ez baitu edonolako erronka, sistema iraultzeko eta emakumeen bizi baldintzak hobetzeko xedean sakondu nahi badu: etxe barrura zein kanpora begira, hainbat eztabaidari heldu beharko dio; aztertu beharko du zer bide egin mugimenduaren intzidentzia politikoa handitzeko, azken hilabeteetan kalera ateratako jendetza artikulatzeko, zaintza lanen korapiloa askatzeko, indarkeria matxistak desagerrarazteko edota beste zapalkuntzen aurkako borrokekin aliantzak josteko. Nolako loreak nahi dituen, zer ongarri botako zaien, lorategiak hazten eta indartzen jarraituko badu.