Naturaren heriotzari omen

Naturaren heriotzari omen

Natalia Salazar Orbe

Urtea hiltzear da, naturaren zikloarekin bat. Zuhaitzen hostoak erortzen ari dira, eta egunak itzaltzen hasiko dira. Iluntasuna gailenduko zaio argiari. Urtearen eta naturaren heriotza ospatuko dute hainbat herrik laster. Arimen gauean edo Domu Santu bezperan festa egiteko ohitura herri askotara zabaldu da. Jatorria Irlandan izan arren, AEBetako filmen bidez ezagun egin zen Halloween jaia ospatzen dute hainbatek. Askok ez daki, baina, Euskal Herrian ere beldurrarazteko jarduerak, eske errondak eta antzekoak egiten zituztela garai batean. Ohitura horiei buruzko gero eta lekukotza gehiago jasotzen ari dira. Ospakizun hori berrasmatzeko gomendioak jaso ditu orain Euskaltzaleen Topaguneak, lekukotza horiek eta Jaime Altuna eta Josu Ozaitaren Itzalitako kabalazen berpiztea lana baliatuta.

Izan ere, gero eta gehiago dira ospakizun hori eurenera eramaten ari diren herriak: Katu Baltza egiten dute Lekeition; Arimen Gaua, Ondarroan eta Areatzan; Gau Beltza, Gorlizen. Tradizio hori berreskuratzen eta berrasmatzen ari dira.

Jesus Gangoiti eta Jose Anton Renteria bermeotarrek gogoan dute gazte sasoian egiten zituzten bihurrikeriak: kalabaza hustu, ahoa, begiak eta sudurra irudikatzeko zuloak egin, eta kandela barruan sartuta atarietan uzten zuten, jendea ikararazteko. Edo aurreko etxearen aldabara hari bat lotu, eta hari tiraka ateari joka aritzen ziren. Ugazaba atera eta inor ikusten ez zuenez, ikararaztea zuten helburu. Arimekin eta hilerriarekin lotutako orori errespetu handia baitzioten garai hartan. Hala kontatu zuten biek Ahotsak proiektuarentzat.

Itsaso Lekuona Euskaltzaleen Topaguneko kideak azaldu du era horretakoak ugariak zirela hainbat herritan. “Batez ere, lekukotza horiek jaso dira: baratzeko produktuak hartzen zituzten —kalabazak, arbiak eta erremolatxak—, hustu, aurpegi forma eman eta jolas moduan jendea beldurtzen ibili izana gogoratzen dute gehienek”. Jarduerok azaroaren 1aren inguruan egiten zituzten. “Sinisten zuten arimak itzuli egiten zirela bizidunen artera, eta egun horretan are beldur gehiago ematen zuen ilundutako lekuetan kalabaza argiztatuak jartzeak”. Beste batzuek eskean ibiltzea gogoratzen dute, edo gaztainak erretzea… “Erritual solteak dira, heriotzarekin eta udazkenarekin lotutakoak. Ez dago festa egituraturik. Horregatik, jaia berrasmatzea da asmoa”.

Euskaltzaleen Topaguneak uztartu egin ditu garai bateko ohituren transmisioa eta festa horren inguruan zerbait antolatzeko haziz doan grina. Errepika daitezkeen elementu batzuk aipatu ditu: “Kalabaza, esaterako. Urtaro honetako produktua denez, zentzua dauka berarekin jolasteak. Kandelen bidez, berriz, argitasuna bilatzen da, ordu aldaketa ere orain dator-eta. Eta nahi beste jarduera egin daitezke: beldurraren ibilbidea, beldurrezko ipuinak, heriotzari buruzko hitzaldiak…”. Gau Beltzari buruzko webgunean jaso dituzte hainbat aukera.

Eske errondak ere lotuta daude neguko ospakizun ugarirekin. “Gabonetako eskea, Santa Agedakoa, inauterietakoa… Oso ohikoa izan da negu garaiko jaietan etxez etxeko errondak egitea, uzta jaso berri zegoelako”. Herri askotan eskerako esaldiak berreskuratu edo asmatu dituzte: besteak beste, Xanduli, manduli, kikirriki… eman gozokiak guri!

Gau Beltza antolatzeko oinarriak eman ditu Euskaltzaleen Topaguneak. Gero, bakoitzak bere erara egokitu dezake festa. Herriek prestatzen dituzten ospakizunetan balore batzuk kontuan hartu beharko lituzketela uste du, hala ere. Besteak beste, euskara izatea festaren ardatza. Elkarlanean, komunitate osoarentzako festa egiteari ere garrantzitsu deritzo. Baita naturarekiko harremana berreskuratzeari ere: “Halloween kontsumismoarekin, plastikoarekin eta dena erostearekin lotzen da”. Eredu jasangarriaren alde egin du. “Etxeko edozein trapu izan daiteke mozorro. Berrerabil dezagun daukaguna, beste ezer erosi beharrean”. Eta genero begiradari ere aipamen egin dio. Haren ustez, hautsi egin behar da mutilek maskara beldurgarriekin hildako printzesaz jantzita doazen neskak beldurtzeko joera: “Estali dezagun aurpegia, edo margotu, denok. Denok eman dezagun beldurra”.