Kaleratzeak zezen plazaren gestio berrian

Kaleratzeak zezen plazaren gestio berrian

Peru Azpillaga Diez

Toreo, Arte y Cultura BMF SL enpresak kudeatzen du, urria hasieratik, Bilboko Vista Alegre zezen plaza. Hirurogei urtez plaza kudeatu duen Chopera familiak eta Mexikoko Bal taldeak sortutako enpresa da Toreo, Arte y Cultura BMF SL. Plazako jabeek Bilboko Udala eta Bilboko Erruki Etxea martxan jarritako lehiaketa publikoan gailendu ostean eskuratu du zezen plaza kudeatzeko eskubidea. Hamabost urteko kontratua sinatu dute, eta beste bost urtez luzatzeko aukera ere izango da. Hortaz, enpresa berria izan arren, funtsean azken urteetan plaza kudeatu duen Chopera familiak jarraituko du gestio lanetan, kide berriekin batera.

Aldiz, adjudikazioan adostutakoaren arabera, enpresa kudeatzaile berriak urtean 250.000 euro ordaindu eta sei hilabete iraungo duten 2,4 milioi euroko birmoldaketa lanak egiteko konpromisoa hartu du. Era berean, plazak azken urteetan izan duen jarduna berriro bideratzeko, urtean hamabost zezenketa antolatzeaz gain, Last Tour eta Get In enpresekin kontzertuak antolatzeko akordioak sinatuko dituztela jakinarazi dute kudeatzaile berriek. Bilboko plazaren gestioa, beraz, esku pribatuetan geratu da erabat, estreinakoz. Izan ere, gaur egun arte, udalarena baitzen kudeaketaren %50aren ardura.

Azken urteetan, Bilboko zezen plazak galerak baino ez ditu kateatu. Hala ere, errentari berriek egoerari buelta ematea espero dute, bereziki plazari zezenketetatik harago doan erabilera emanez; hau da, erabilera dibertsifikatuz. Oraingoz, ordea, gestiokide berriek hartutako lehen erabakiak ez du plazan antolatzen diren ekintzekin zerikusirik izan. Enpresa berriak plazan lan egiten zuten lau langile finkoetatik bi kaleratu berri ditu: zezen plazaren mantentze lanetako burua eta administrazio arloko langile bat.

Biak ala biak kasu esanguratsuak dira. Administrazioko langileak hogei urte zeramatzan plazan lanean, eta, besteak beste, berak kudeatzen zituen zezenketen museora egiten ziren bisitak. Mantentze lanetako buruaren kasua, ordea, are deigarriagoa da. Kerman Etxebarriak 2001etik zeraman mantentze lanetako postuan, baina berak eta bere familiak plazarekin duten harremana askoz luzeagoa da; besteak beste, Etxebarria zezen plazan bertan bizi delako. Hala, haren bizitza beti egon da plazari estuki lotuta, bai haren aitak bai haren aitonak ere bertan egin zutelako lan.

“Nik jarraitzen dut plazan bizitzen, bizitza osoan zehar egin dudan bezala, baina jada ez dut hemen lanik egiten”, azaldu du Etxebarriak, atsekabetuta. Etxeberriaren aitona 1929an hasi zen plazan lanean, eta, geroztik, haren familiak bertan egin izan du lan. “Aitonaren ostean, aita sartu zen lanera, eta gero ni”. 2001etik darama Etxebarriak mantentze lanetako postuan, baina plazan askoz lehenagotik ere egiten zuela lan azpimarratu du: “13 urte nituela hasi nintzen aitari laguntzen, han eta hemen gauzatxoak egiten; gure familiaren jarduna beti egon da plazari lotuta, eta nik bertan bizitzen jarraituko dut”.

Etxebarriak aitortu du ez zuela inondik inora espero enpresaren erabakia. “Gestioa hartu zuen kide berriaren kontuarekin banuen nolabaiteko ezinegona, baina kaleratzea ez zen sartzen nire pentsamenduetan”. Urriaren 15ean bilerara deitu zutenean, lan egiteko “modu berrien inguruan edo” hitz egiteko izango zela uste zuen, baina “bat-batean, arrazoi enpresarialak medio”, kaleratuta zegoela jakinarazi zioten. “Ezin nuen sinetsi. Zur eta lur geratu nintzen. Egun batzuk lehenago, gainera, Pablo Choperarekin gurutzatu eta lasai egoteko esan zidan, nirekin kontatzen zutela… Eta begira”. Chopera familiak plaza kudeatu duen hirurogei urteetan ibili da Etxebarria familia plazan lanean: “Jaio nintzenetik ezagutzen dugu elkar, nire aitak ere haientzat egin zuen lan… eta orain enpresa arrazoiengatik kaleratu nautela diote. Niretzat, zaila da ulertzen”.

Urte luzez, zenbaki gorriak

Bilboko zezen plazaren kudeaketak zeresana eman du urte luzez, eta lehiaketa publikoaren adjudikazioak ere hautsak harrotu ditu. Berez, uste zena baino urte bat gehiago luzatu da deialdia. Gainera, jakinarazi zenean, zezenketei lotutako lau enpresak errekurtso bat aurkeztu zuten Bilboko Udalak ezarritako baldintza agiriaren kontra, “ez zirelako Europak ezarritako lehia askearen printzipioak errespetatzen”.

Hala ere, badirudi hurrengo hamabost urteetan Toreo, Arte y Cultura BMF SL enpresak kudeatuko duela plaza. Gauzak horrela, Chopera familiak eta Bilboko Udalak atzean utzi nahi dute zenbaki gorriak ezaugarri izan dituen azken urteetako gestioa. Baina erronka ez da erraza izango. Izan ere, 2015etik 2018ra bitartean, nahiz eta diru laguntza publikoak jaso, 500.000 euroren galerak izan ditu zezen plazak urtero. Bilboko Aste Nagusian egiten diren zezenketek orain arte plazak izandako erabilera bakarra geroz eta ikusle gutxiago erakarri dituzte. 2019ko Aste Nagusian, esaterako, inoiz baino ikusle gutxiago izan ziren: bederatzi zezenketetan, guztira 60.000 ikusle baino gutxiago; edukieraren %45.