“Etxebakoen auzia ez da soilik gizarte zerbitzuen kontu bat”

“Etxebakoen auzia ez da soilik gizarte zerbitzuen kontu bat”

Ibai Maruri Bilbao

Etxegabeen Eguna izan zen atzo. BesteBi plataformak deituta, manifestazioa egin zuten Bilbo erdigunean. Jarriozu aurpegia. Egin planto. Inor ez etxerik gabe leloa duen kanpainako ekitaldia izan da. “Etxerik gabekoen egoerak gizarteratzeko helburua du. Alboan ditugun arren, ez garelako ia konturatu ere egiten”, azaldu du Joseba Gayak (Laudio, Araba, 1971), BesteBi plataformako bozeramaileak.

Krisi ekonomikoa gogorren egon zenean, etxegabetzeak denen ahotan egoten ziren. Orain ahaztuago daude?

Ez da haietaz hainbeste berba egiten. Baina egon badaude, egunero. Etxebizitzaren arazoa gero eta gordinagoa da. Etxebizitzak gero eta garestiagoak dira. Euskal Herrian alokairuan egotea oso zaila da, eta hiriburuetan, gehiago. Pobrezian dauden pertsonek askoz zailago dute, nahiz eta errenta bat eduki, askotan nomina bat ere eskatzen zaielako, eta ez daukatelako. Berez, zaila dago alokairu duina lortzen, eta zailago egoera okerrenean daudenentzat.

Jaurlaritzaren etxebizitza politika berriek alokairua sustatzea dute helburu. Balekoak dira?

Gobernuak egiten dituen eskaintzak positiboak dira, baina ez dira aski. Erkidegoan badugu etxebizitza eskubidea bermatzen duen lege bat. Baina Espainiako Auzitegi Konstituzionala eta beste kontu batzuk tarteko, eskubide hori bermatzeko bitartekoak ezerezean geratu dira. Beraz, denok dugu bizitzeko lekua izateko eskubidea, baina, ez dutenez behar beste etxe guztiei hori bermatzeko, gehienez 250 euroko laguntza ematen dute. Horrekin ezinezkoa da herritar batek pisu bat lortzea, eta, askotan, logela bat alokatzea ere ez da erraza. Jaurlaritzak martxan jarritako egitasmoak ondo daude, baina etxebizitza politikak errotik aldatu behar dira, bizilekua bermatu ahal izateko. Ikusten ari gara gure hirietan boteretsuenen esku geratzen ari direla gero eta etxe gehiago, eta daukagun legediak ez dio herritar soilari berme askorik ematen. Herritar arruntentzat horrela badago, etxerik gabe daudenentzat are okerragoa da dena. Neurri asko hartzen dira, baina batzuetan badirudi gobernu bateko sail batek egiten dituen politikak beste sailetakoen kontra doazela.

Etxegabeen estrategia onartu zuten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde publikoek. Zer balantze egiten duzue?

Positiboa da hori onartu izana. Estrategiari potentzialitate asko ikusten dizkiogu, baina baditu egiturazko arazoak. Alde batetik, ez du aurrekonturik, eta, bestetik, erakundeek ez badute ezer egiten, ez zaie ezer gertatzen. Badaude estrategiarekin bat egin duten erakunde publiko batzuk, baina jarritako helburuak oso eskasak dira. Denbora aurrera doa, eta badirudi oraindik ere indarra ematea falta dela. Jaurlaritzari eta estrategiari eskatzen diegu akuilu izan daitezela gauzak aldatzeko, eta politika guztiak bide beretik joateko. Etxebakoen auzia ez da soilik gizarte zerbitzuen kontu bat. Osasuna, justizia, enplegua… dena joan behar da bide beretik, pertsona politiken erdian jarrita.

Aurreko agintaldian Bizkaiko Diputazioak Housing First metodologiari lotutako egitasmo bat jarri zuen martxan. Aproposa iruditu zaizue?

Pertsona guztiei etxebizitza edukitzeko eskubidea bermatu behar zaie. Hortik irteten bazara, Housing First metodologia positiboa izan da etxebako pertsona gutxi batzuentzat. Baina etxebako asko dauzkagu; erkidegoan, 2.000tik gora. Argi dago gobernuek ez dituztela etxeak jarriko horiek guztiek Housing First proiektuan parte hartu ahal izateko; eta gizarte laguntzak, pertsona horiek etxe horiek mantendu ahal izateko, noski. Jende guztiari eman behar diozu etxea edukitzeko aukera, edo, bestela, alferrikako ekinaldia da. Gutxi dira programa horietaz baliatuko direnak. Propagandarako erabili dela iruditzen zaigu, oso etxegabe gutxik aprobetxatu baitute.

Eredu moduan, beraz, egokia iruditzen zaizue?

Housing First programetan, egoera txarrean dauden pertsonei ematen zaie aukera, beste batzuekin bizitzeko zailtasunak dituztenei. Pisu bat ematen zaio berarentzat bakarrik, eta gero talde bat du prozesuan laguntzeko. Pertsona guztiei emanez gero aukera, ederto; baina ez da horrela izango. Metodologikoki alde positibo asko ditu, eta beste zerbitzu batzuetan ere horrela egiten da lan. Orain modan jarri da hemen, baina ia berrogei urte dira AEBetan eta Kanadan asmatu zutenetik. Herrialde haietako gizarteak eta gurea ezberdinak dira, eta gizarte zerbitzu okerragoak dituzte.

Teresa Laespadak aterpetxe berri bat iragarri du, etxegabe “gatazkatsuentzat”. Hogeirentzako lekua izango ei du, eta ez du zehaztu non egongo den.

Bai, guk ere hedabideen bitartez jakin dugu, eta ez dakigu gehiago. Badaude beste aterpetxeetan egoteko arazoak dituztenak, ez direlako gai jartzen zaizkien baldintzak betetzeko. Ikusiko da zer egin nahi duten zehazki.