Domekan beteko dira urte bi lan gatazka amaitu zenetik

Domekan beteko dira urte bi lan gatazka amaitu zenetik

BILBO. “Hau ez da izan lan gatazka hutsa; borroka sozial eta feminista izan da, zaintza lanak duintzeko bidean”. Hala aldarrikatu zuen Soraya Garcia ELA sindikatuko kideak 2017ko urriaren 27an. LHK Euskadiko Lan Harremanetako Kontseilutik irten berria zen. Bizkaiko itunpeko zahar etxeak kudeatzen dituzten hiru enpresa nagusiek, ELAk eta UGTk, 2020ra arte indarrean egongo den lan ituna sinatu berri zuten. Bulegotik irten zirenean, sekulako harrabotsa sortu zuten kalean zain zituzten langileek. Nekea eta poza ageri zuten aurpegian. Bi urtez ibili ziren borrokan. 270 greba egunetik gora egin zituzten.

Ezohiko gatazka izan zen. Andreak dira zahar etxeetako langile gehienak. Aitortu zutenez, hasieran kosta egin zitzaien grebara jotzea. Negoziazioetan sarri entzun behar izan zuten euren soldata “senarrarenaren osagarria” zela. Borroka eredua aldatu zuten. Protesta zaratatsuak egiten zituzten, kantuz eta dantzan. Herriz herri zabaldu zuten euren aldarrikapena. Bizkaia berdez tindatu zuten, euren kamisetei esker. Aitortu zuten euren buruak ahalduntzeko balio izan ziela. Eta zaintzaren auzia gizarteratu zuten.