Natalia Salazar Orbe
Oraingoz ez dute sartu mehatxupean diren espezieen zerrendan, baina ikerketek erakutsi dute mozolo arruntaren populazioa (Athene noctua) behera doala. Adituek diote beherakada hori %20 artekoa izan daitekeela. Horrekin kezkatuta, Egoitz Llanok pentsatu zuen irtenbideren bat behar zela. Basoaren eta ingurumenaren kudeaketarako goi teknikaria da bera. Urduñan plan bat jarri dute martxan, haren ekimenez: mozolo arrunta txitatzeko, barruan habiak dituzten kutxak jarri dituzte herriaren inguruan.
Llanoren kezka batetik abiatuta ernatu zen proiektua. Bazekien herrian mozolo bikote bat zegoela. Eta beste bat ere aurkitu dute geroago. “Bikote horiek izaten dituzten txitek kutxa bat aurkitzen badute, aukera emango die txitatzeko eta bertan geratzeko”. Era horretako zortzi kutxa jarri dituzte horretarako.
Horixe baita mozoloaren populazioaren beherakadaren arrazoietako bat. Azken urteetan, txitatzeko lekurik gabe geratu da hegazti espezie hori. 2009az geroztik nabaritu dute mozolo kopuruaren beherakada edo desagertzea. Llanok arrazoiak azaldu ditu: “Mozoloek zuloetan eta korteetan egiten zituzten habiak. Garai batean diru laguntza batzuk eman zituzten, ordea, eta hainbat eraikin berritu zituzten. Ondorioz, mozoloa txitatzeko lekurik gabe geratu zen”.
Eraikuntza eredu berriak
Baserrien ordez egun egiten diren txaletei ere aipamen egin die, arrazoituta ez dutela aukerarik horietan umatzeko. “Mozolo bikoteek sortzen dituzten txitek aukera bat topatzea da helburua, batez ere, ikusita egungo etxeek zer-nolako egiturak dituzten. Ez dute aurkitzen lekurik txitatzeko, edo, lekua topatzen dutenean, bota egiten dituzte”. Hain zuzen, urbanizatzearen areagotzeak eta ukuiluak zituzten baserrien ordez nagusitzen ari diren etxeek eta baserri modernoek apenas uzten dieten habiak egiteko lekurik.
Horrez gain, landa eremuetan erabiltzen diren produktu fitosanitarioen kutsagarritasuna izan du gogoan Llanok. “Oso agresiboak dira, oso gogorrak. Kalte egiten diete mozoloaren dietaren parte diren intsektuei eta anfibioei”. Horiek gutxitzeak eragin zuzena du mozoloengan ere.
Urte luzez, nekazaritzaren jarduerari esker, mozoloaren populazioak handitu egin ziren eremu anitzetan. Elkar eragite hori aldebikoa izan da, gainera; nekazarientzako ere lagungarria izan baita mozoloa: nekazarien aliatua izan da, karraskarien harrapari naturala baita.
Habia kutxak denbora gutxirako neurria direla onartu du Llanok. Argi du, gainera, ez direla izango mozoloaren gainbeheraren konponbidea. Hortik aurrera landu beharko liratekeen neurriak identifikatu ditu. Baina horiek ez daude haren esku. Eta ez du argi zer-nola lagun lezaketen hegazti horren arazoa konpontzen. Gogora ekarri du babestutako espezieak izateagatik diru laguntzak ematen dituztela Bizkaian. Besteak beste, etxean saguzarrek habiak egiten dizkietenentzat daude aurreikusita diru laguntzok, populaziook babes ditzaten.
Urduñan habiak dituzten kutxak jartzeko plana 2018ko abenduan abiatu zuten, udalaren laguntzaz. Oraintsu bukatu dute kutxak jartzeko prozesua. Proiektua nola doan behatu beharko dute orain. Negua bukatu baino lehen, habia kutxa guztiak beren lekuan dauden begiratuko dute. Udaberrian, berriz, mozoloaren deia egiten duen aparatua jartzeko baimena eskatuko diote aldundiari. “Mozoloaren zarata edo kantua kutxen ondoan jarriko dugu denbora tarte batez. Kantua entzunda mozoloek erantzuten duten itxaron behar da. Horri esker ikusiko da kutxaren barruan zerbait dagoen edo inguruan mozolorik dagoen”. Proiektua lau urtez luzatuko da.
Europan, babestutako espezieen zerrendan sartuta dago mozolo arrunta. Bizkaian, ordea, ez. Horrek zailtasun handiagoak ekar ditzake espezie hori babesteko neurriak hartzeko orduan. Esku hartzeko beharra azpimarratu du Llanok, espezie baten aldeko neurriak hartzeko ez baita ezinbesteko baldintza hura mehatxupean egotea. Euskal Herrian mozoloaren populazioa gain behera doala erakusten duten ikerketak ekarri ditu gogora. “Hori bada neurriak hartzeko arrazoia. Bada garaia. Ez da zain egon behar espezie bat mehatxupean daudenen katalogoan sartu arte. Sarri joera hori baita. Gainbeheran dago, eta denborarekin sartuko da katalogoan”.
Egoera antzekoa da gaueko harrapari gehienei dagokienez. Hala azaldu du: “Arratoiak hiltzeko pozoia jartzen dute, arratoiek jan egiten dute, eta, hegaztiek arratoiak jaten dituztenez, giltzurruna kaltetzen zaie, eta akabo”.
Urduñan abiatu dute proiektua, baina mozoloaren beherakada ez da han soilik ikusi. Getxon, Karrantzan eta Uribe Kostan, orokorrean, mozolo arruntaren populazioa txikitzen ari da.