Bizia banatzeko lanean

Bizia banatzeko lanean

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Zerbait egiteko ordua heldu zela esan zion Mirenlur Santiago bermeotarrak bere buruari. Erabaki zuen hori egiteko bidea zera zela, bizitzan aurrera egiteko arazoak zituztenei gutxienez elikatzeko aukera ziurtatzea, eta Kate Sarea elkartea abiarazi zuen, 2013an, Bermeon. “Herrian egunero jateko arazoak zituzten familiak zeudela nekien, haurrei ere janaria eman ezin zietenak”. Hala, Kate Sarea sortu zuen, gizartean lan egiten ari diren beste hainbat eta hainbat elkartek egin bezala, arazo sozial bati aurre egiteko helburuarekin.

Santiagok ikusten zuen jaioterriko bizilagunak krisi ekonomikoaren eragina gero eta modu gogorragoan jasaten ari zirela: lana galdu zuten gertuko adiskideak, hipoteka ordaintzeko arazoengatik etxea galdu zuten ezagunak… Herrian ezinegona hedatzen ari zela nabaritzen zuen, eta krisiak edozeini eragin ahal ziola.

Santiagoren lagun eta ezagun askok erreparoak zituzten erakundeetara laguntza eskatzera jotzeko. Ez hori bakarrik: askotan, herritarrek ez dituzte laguntza horiek jasotzeko baldintzak betetzen. Santiagoren berbetan, etxebizitza baten jabegoa edukitzeak laguntza asko mugatzen edo baliogabetzen ditu, hipotekatuta edo zorpetuta bizi arren.

Egoera hori ikusita, inguruko adiskideei laguntza eskatu eta Bermeoko era horretako lehenengo elkartea sortu zuen. Elikagaiak batu eta funtzionatzen hasteko Bizkaiko Elikagaien Bankuaren laguntza ezinbestekoa izan zela nabarmendu du elkartearen presidenteak: “Kate Sareak ezingo luke aurrera egin herri mailan egiten ditugun kanpainekin soilik. Argi utzi didate Bermeo oso herri solidarioa dela, baina herrikoen laguntza baino gehiago behar genuen”.

Hurbiltasuna

Elkartea jaio eta gutxira, hirurehun pertsonak eskatu zioten laguntza Kate Sareari; %90 Bermeon jaioak ziren. Boluntarioak zur eta lur geratu ziren eskatzaileen kopuruarekin —16.700 biztanle inguru ditu Bermeok—, eta are lan gogorragoa egiten hasi ziren. Hasiera batean, Bermeon gutxienez bi urte erroldatuta zeramaten pertsonei bakarrik ematen zieten laguntza, “etxekoei zuzendutako elkarte bezala” jaio zelako. Izan ere, elkarteak eta bere boluntarioek ematen duten hurbiltasun hori eskertzekoa da eskatzaile askorentzat. “Lasaitasuna ematen du”. Hala ere, laguntza eskatzera joateko ausardia handia behar da: “Ez da erraza norberaren miseriak ezagunen aurrean agerian jartzea”.

Krisi ekonomikoaren urte gogorrenak pasatu zirenean, Kate Sarekoek uste zuten eskatzaileen kopuruak behera egingo zuela. Europako Batasuneko araudiak laguntzak edonori ematera derrigortu zuen Kate Sarea. Presidenteak dioenez, horrek eskatzaileen kopuru izugarria ekarri zuen elkartera. “Bermeon oso handia da beraien miseriengatik ihes eginez etorri den etorkinen kopurua. Hori dela eta, zortziehun bat eskatzaile izatera iritsi izan gara batzuetan; elkarteak ezin du eman laguntzarik horrenbeste pertsonarentzat”. Alde horretatik, gizartea kontzientziatzea beharrezkotzat jo du presidenteak. “Kanpotarrekiko joera bat sortu zuen horrek, eta gezur asko entzun izan dira, baina ez da justua; aurreiritzi horiek ezabatu egin behar ditugu”.

Santiagok dio hilabetero hiru tona elikagai inguru batzea dela ohikoena. “Asko dirudite, baina, daukagun eskatzaile kopuruarekin, labur geratzen dira”. Gertukoekin lan egiten duen elkartea izanik, oso une gogorrak bizi izan dituzte. Zaila dela dio Santiagok, baina bermeotarrek laguntza horren beharrizana dutela uste du, eta horrek jarraitzeko indarra ematen dio.

Elikagaien Bankukoak ere antzera aritzen dira; horregatik, herrian bertan zenbait kanpaina antolatu izan ditu elkarteak. “Estu gabiltzanean herritarren elkartasunari dei egiten diogu”. Bermeoko hainbat elkartek ematen duten laguntza ere eskertu du Santiagok: beharrezkoa denean beti laguntzeko prest daudela esan du, eta horien laguntzari ezinbestekoa deritzo era guztietako egitasmoak prestatzeko.

Zailtasun horiek izan arren, behar duenari elkartearekin harremanetan jartzeko deia egin dio. “Herrikoek ezagutzen naute, eta beharrizana badute nirekin hitz egitea baino ez dute, deituta edota kalean elkar ikusten dugunean”. Hori egin nahi ez dutenentzat, Bermeoko Gizarte Ongizateko Udal Patronatuak emandako laguntza aipatu du Santiagok: “Elkartea sortu genuenean, pertsonalki elkarrizketatzen nituen eskatzaileak, eta elkarteko kideek jartzen genituen Basauriko Elikagaien Bankura joateko ibilgailuak. Udaletik gure egoera ikusi zutenean, laguntza eskaini ziguten, eskatzaileentzako zerbitzua eta kamioia jarrita”.

Sei urtez lanean aritu ostean, etorkizunean ere jarraitzeko gogotsu agertu da elkartearen sortzailea. “Hasterakoan txarto amaituko genuela esaten ziguten, baina lan egiteko asmoarekin jarraitzen dugu, batez ere badakigulako herrian beharrizana dagoela”. Sortu duten boluntario taldearen laguntza benetan eskertu du, eta esan du ezinezkoa izango litzatekeela haiek gabe aurrera egitea. Dena den, prest daude Bermeoko boluntario eta elkarte gehiagoren laguntza jasotzeko, “denok elkarrekin aritzeko sortuta dagoelako”.