Arretaren oinarriak ezbaian

Arretaren oinarriak ezbaian

Ibai Maruri Bilbao

“Udan onartu zuten, dekretu bidez, Legebiltzarretik pasatu gabe. Ez du legebiltzarkideen gehiengoaren babesa. Uste dugu gizarte eragileen ahotsa entzun behar izan dela; baina ez dute ez langileen ez erabiltzaileen senideen iritzia kontuan hartu. Uste dugu dekretua enpresen mesedetan egin dela. Mantentzen da egoiliarrekiko gaur egungo tratu txar instituzionala”. Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarren familien elkartea da Babestu. Hango kide Xabi Monrealek ez du zalantzarik: joan den uztailean Eusko Jaurlaritzak zahar etxeetako zerbitzua arautzeko onartu zuen dekretua ez da balekoa. Eta ohartarazi du kalera irteteko prest daudela, hura aldatzeko eskatzera. Joan den irailaren 9an sartu zen indarrean, araudi berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zenean. Orain, bi urteko epea izango dute enpresek egokitzeko. 1998an onartu zen aurreko dekretua ordezkatu du honekin Eusko Jaurlaritzak. Sindikatu eta erabiltzaileen aspaldiko aldarrikapena izan da dekretu berri bat, baina hau ez da espero zutena. “Ez da aurrerapauso bat; kontrakoa. Gizartea zahartzen ari da, eta erronka gisa hartu behar zuen Jaurlaritzak zelan eskaini zerbitzu hobe bat. Dekretu honek ez ditu asetzen premia nagusiak”.

Gabezia asko dituela iruditzen zaio. “Egoitzak zelakoak izan behar diren zehazten da, eta definitzen den hori egokia da. Baina soilik egoitza berriei eragingo die”. Besteak beste, logelen %75 pertsona bakarrarentzat izan beharko dira; gaur egun, logelen herenak dira horrelakoak. Era berean, handiagoak izan beharko dira: gutxienez 19 metro koadro izan beharko dituzte ohe bi dituztenek; 13 metro koadro, ohe bakarrekoek. “Baina baldintza horiek eraikiko diren egoitza berrientzat izango dira soilik; eta gaur egunekoak?”. Gainera, Babestukoek uste dute horiek ez direla arretaren kalitatea bermatzeko garrantzia duten irizpide bakarrak. “Zein da desnutrizio indizea? Zenbat dutxa hartu behar dituzte astean? Guk uste dugu gutxienez bi izan behar direla. Ez dira erabiltzaileen arteko harreman intimoak arautzen; zer eskubide eta zer betebehar dituzte? segurtasun kamerekin zer egin?… Hutsunez beteta dago, guk arautu behar zirela uste dugun asko falta ditu”.

Salatu du egoitza berean soslai ezberdina duten pertsonak egon daitezkeela —adineko pertsonak, buruko eritasunak dituztenak, gaixotasun larriak dituzten adindunak…—, baina gero ez dela kontuan hartzen egoitzaren funtzionamenduan eta antolaketan. “Arreta emango dioten pertsonaren ezaugarrien arabera, profesionalek prestakuntza berezitua behar dute, eta uste dugu unitate bereziak egon beharko liratekeela”. Gainera, gaitzetsi du askotan zaintzaileak edo erizain laguntzaileak bakarrik geratzen direla, nahiz eta bigarren edo hirugarren mailako mendekotasuna aitortuta duten egoiliarrak zaintzen egon. “Horiek etengabeko mediku arreta behar dute, egunez eta gauez; baina ez da bermatzen”. Diputazioak berak egindako azterketetan ohartarazi izan du botikak emateko orduan okerrak egiten direla. Sindikatu eta familiek uste dute erizain gutxi daudelako gertatzen dela. Salatu dute sarri zaintzaileek edo garbitzaileek egiten dutela erizainena den lan hori gauetan.

Langileek eskainiko duten arreta ere okertu egingo da. Hala uste du, behintzat, ELAko kide Soraya Garciak. Bizkaiko zahar etxeetan, ordezkarien gehiengoa du sindikatuak. “Iraingarria” iruditu zaio dekretua. Izan ere, eskainitako arreta beharginen urteko jarduera orduei lotuta egongo da aurrerantzean. “Formula nahasgarri bat erabili dute, baina guk sinplifikatu egin dugu. Bigarren eta hirugarren mailako mendekotasuna aitortua duten egoitzetan, esaterako, horrela kalkulatu behar da gutxienez eskaini beharreko arreta: ratioa bider egoitzan beteta dauden oheak bider langile bakoitzaren urteko lanorduak”. Langile maila guztietako ratioak batuta, 0,360 da ratio orokorra. Beraz, ehun ohe dituen egoitza batean, honako biderketa hau egin beharko da: 0,360 x 100 x 1.658. Hau da, 59.688 arreta ordu eskainiko dira ehun oheko egoitza horretan, urte osoan. Horretarako, 36 langile beharko ditu, zaintzaile, erizain, mediku, fisioterapeuta eta gainontzekoak zenbatuta. Baina hori Bizkaiko egoitza baten kasua da. Izan ere, urteko lanordu kopuru hori —1.658—herrialde honi dagokio. Gipuzkoan apalagoa da —1.592—; eta Araban, handiagoa —1.792—. “Dekretu batek, berez, zerbitzuak orekatzea izan beharko luke helburu. Baina, kasu honetan ez da horrela. Norbaitek ulertuko al luke diru sarrerak bermatzeko errentan kopuru ezberdina jasotzea Araban bizi edo Bizkaian bizi? Ba, hala gertatuko da egoitzetan emango den arretarekin”.

“Okerrera egingo du”

Duela urte bi sinatutako lan itunari esker, datozen urteetan Bizkaiko zahar etxeetako beharginen urteko lanorduak gutxitu egingo dira. 1.658 ordu egin behar ditu 2019an langile bakoitzak; 1.638, 2020an; 1.618, 2021ean; 1.592, 2022an. “Aurten, guztira, ehun oheko egoitza batean 59.688 arreta ordu eskainiko badira ere, hilabete bi barru hasita, 58.968 izango dira. Eta 2022an, 57.312. Hau da, okerrera egingo du arretak: hiru urte barru aurten baino 2.376 ordu gutxiago izango dira, egoiliar kopuru berari arreta emateko”. Salatu du horrekin zabalduko den mezua “oso latza” dela: “Langileen lan baldintzak hobetzeak egoiliarrek jasotzen duten arreta okertzea ekarriko du. Beste behin ere, gu bihurtu nahi gaituzte zerbitzua okertzearen erantzule”.

Biderketak egiten jarraitu du Garciak. 0,295 da zaintzaileen ratioa bigarren eta hirugarren mailako mendekotasuna duten ehun egoiliar dituen egoitza baterako. “0,295 x 100 egiten baduzu, ehun oheko egoitza batean behar dituzun zaintzaileak jakin ditzakezu; hau da, 29,5. Hori da lantaldea. Baina antolatu egin behar duzu txandaka, librantza egunak kontuan hartu, gaixoaldiak, oporrak… Egoitzan inoiz ez dira egongo 29,5 zaintzaileak. Hamar izango dituzu goizean; bederatzi, arratsaldean; eta bi, gauean”.

ELAk egin dituen kalkuluekin, egunean egoiliar bakoitzari 1,34 ordu inguru eskaintzea ekarriko du dekretuak. Gaur egun askotan ordubetera ere ez direla iristen esan du. “Ez dugu astirik ezertarako: jaiki, dutxatu, jantzi, gosaltzera eraman, bazkaltzen eman, pare bat aldiz komunera… Zelan dauden galdetzeko bi minutu ere ez ditugu libre”. Horregatik, joan den otsailean, Eusko Legebiltzarrean dekretua osatzeko batzordea martxan ari zela, sindikatuak kanpaina bat abiatu zuen, Zaindu nazazu bi orduz (gutxienez) lelopean. Argi adierazten du goiburuak zein zen aldarrikapen nagusia. “Ordu bi ere ez dira behar beste, baina gutxienez gaur egungo lantaldeak bikoiztea ekarriko luke, eta horrek asko duinduko lituzke eskaintzen dugun arreta eta langileon lan baldintzak”.

Dekretu berriak ezartzen dituen ratioak 1998ko dekretuak ezarritakoak baino handiagoak dira, bai, baina Garciaren esanetan, ez ditu asko hobetzen ratio errealak. Hainbat adibide ipini ditu. “Miribillako [Bilbo] egoitzako zuzendariak dagoeneko esan du dekretua zorrotz beteko balu, langileak sobera izango lituzkeela. Bada Bizkaian egoitza bat esan duena hamasei langile sobera izango lituzkeela”. Kontatu du Jaurlaritzak berak Arabako zahar etxe batean probatu duela dekretua. “Hasi direnean, zuzendariak gobernuari esan dion lehen gauza izan da hiru langile kaleratu behar dituela”. Beraz, langileak beldur dira. Garciak ez du uste kaleratzeak etorriko direnik. “Bestela egoitza askotako funtzionamendua ez litzateke bideragarria izango. Baina ikusiko dugu zer gertatzen den. Oraindik hasi baino ez dira egin dekretu berriarekin”. Salatu du aurretik ere sarri aprobetxatu dituztela ratioak gaixoaldiak, baimenak eta oporrak ez betetzeko. “Eskatutako kontratazioak betetzen dituzte, eta horrekin nahikoa dute. Sortzen diren hutsuneak bete ez arren, ez zaie ezer gertatzen enpresei. Hutsunea gainontzeko langileek betetzen dute, lan gehiago eginda”.

Sukaldean eta garbiketan ez du ratiorik zehazten. Are gehiago, zerbitzu horiek azpikontratatzeko aukera ematen du dekretuak. “Egoitza batean menu ezberdin asko daude, egoiliarrei egokitutakoak. Nola izan dezakezu sukaldari bakar bat ehundik gora bazkari edo afari prestatzen, eta horietako gehienak ezberdinak? Zoratzeko lana da”. Gaur egun zenbat garbiketako langile behar diren neurtzeko, enpresek egoitzaren metro koadroak hartzen dituzte kontuan. Garciak uste du egoiliar kopurua izan beharko litzatekeela irizpidea.

Ikuskaritzak, urtero

“Hizkuntza eta egoitzak gaurkotzen ditu dekretuak”. Hala uste du Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuak. Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak arautu, diputazioen eskumena dira zahar etxeak eta eurei egokituko zaie dekretua betetzen dela baieztatzea. Iragarri du 2021ean hasita urtero ikuskatuko dituztela Bizkaiko egoitza guztiak.

“Gutxieneko baldintzak berritu dira, pertsona erdigunean duen begirada batetik abiatuta”, nabarmendu du. Arreta “espezializatuagoa” ekarriko duela iruditzen zaio. Eta uste du Bizkaia “prest” dagoela erronka berriei erantzuteko. Esan du Bizkaiak dituen 10.000 tokiak nahikoa direla eskaerari erantzuteko.