“Trebakuntza transbertsala lantzen dugu Mari Makedan”

“Trebakuntza transbertsala lantzen dugu Mari Makedan”

N. S. O.

Mari Makeda proiektuak bazterketa egoeran dauden emakumeei irtenbide bat ematea du helburu. Afrikako ehunak josi, eta jantzi horiek Bilboko Cortes kaleko 4. zenbakian saltzen dituzte. Amaia Senante (Tenerife, Espainia, 1990) Askabideko kidea da, eta proiektuaren koordinatzailea. Laster Internet bidez ere salduko dute. Foru aldundiak eta BBK-k finantzatutako proiektua da.

Nola sortu zen Mari Makeda?

Askabiden gizarte bazterketa egoeran dauden emakumeekin egiten dugu lan. Emakume horiek ohiko lan merkatuan murgiltzeko laguntza behar dute. Izan ere, gehienetan etxeko lanei edo adinekoen zaintzari lotutako beharretan aritzen dira. Lan horiek bizitza prekarioa eskaintzen diete, eta autonomia ekonomiko falta izugarria. Duela bost urte joskintza tailerra sortu zen Askabiden, emakumeak jantzigintzan trebatzen hasi ginen. Pentsatu genuen ehungintzaren barruan emakumeoi lanbidea eta bizi kalitate hobea eskaintzea bagenuela.

Proiektua ehungintzan oinarrituko zela erabaki genuen, eta emakumeek hartuko zutela ekoizpenaren ardura. Afrikako kulturan eta estetikan zentratuta egotea nahi genuen. Izan ere, Mari Makedan egiten ditugun produktu guztiak Afrikatik ekarritako wax ehunekin eginda daude. Prozesua oso luzea izan da proiektua bera arropa marka gisa sortu eta denda fisikoa jarri dugunera arte. Dendaren atzealdean dugu jantziak egiteko tailerra.

Mari Makeda ireki genuenerako 30 emakumek zuten bukatuta jantzigintzarako trebakuntza. Aukeraketa prozesua egin ostean, 2018ko abenduan, horietako batzuk hasi ziren dendan lanean. Orduan zabaldu genuen denda.

Zeintzuk aukera eskaintzen dizkie proiektuak emakumeoi?

Ohiko lan merkatuarekin lehen harremana eskaintzen die. Izan ere, emakumeok ez dute esperientziarik lan munduan. Are gutxiago sektore honetan eta hemen, Bilbon. Lan merkatu estandarrera egokitzeko aukera ahalbidetzen diegu. Hirugarren sektorearen lan ituna kontuan hartuta egiten diegu kontratua. Ahalik eta baldintza onenak eskaintzen dizkiegu. Baldintzak egokituta daude emakumeon ezaugarrietara, besteak beste, kontziliaziora. Izan ere, familia gurasobakarren buru izan ohi dira. Trebakuntza transbertsala lantzen dugu, besteak beste, gai sozialak eta hizkuntza jorratuta. Emakumeok zailtasunak dituzte hizkuntzarekin. Horrez gain, jantzi guztiak eskuz eginda daudenez, jantzi bakoitza garatzeak ahalduntze prozesuan ere laguntzen die. Prozesu guztia ikusten dute, prozesu osoaren ardura hartzen dute.

Integrazioa ere sustatu al du?

Proiektuan oso garrantzitsua izan da bertako diseinatzaileen parte hartzea. Hasieratik izan ditugu bidelagun. Euren diseinuak utzi dizkigute eta emakumeekin egon dira hemen, probak egiten eta diseinu gaiekin laguntzen. Proiektuaren lehentasunetako bat, hain zuzen, bazterketa egoeran dauden emakumeekin lotutako estereotipoak haustea zen. Badirudi gurekiko desberdinak direla, baina ez da hala. Ez dute harremanik izaten komunitateko beste agente batzuekin. Bazterketa egoeran dauden emakumeak diseinatzaileekin harremanetan aritu dira, ordea, gurean. Denda hau auzoan egoteak, gertutasuna eta harreman naturalagoak ahalbidetzen ditu.