Sutondotik mundu zabalera

Sutondotik mundu zabalera

Natalia Salazar Orbe

Kalabazin kiribilak, azenario eta almendra patez beteak; olo-hanburgertxoak, sasoiko barazkiekin; arrautz eta barrengorri arepak; kalabazin, piper eta tipula arepak; falafela, jogurt saltsarekin; eta postrerako, bizkotxoa, sable gailetak eta askotariko bonboiak. Izen handiko edozein jatetxetako otordua izan liteke. Ez, bada. Hainbat emakume errefuxiatuk edo egoera zaurgarrian daudenek Sustraiak catering enpresarekin batera ondutako menua da. Dena ala dena, Bizkaiko Elikagaien Bankuak emandako osagaiez osatuta eskaini zuten joan den asteko asteartean. Horiek guztiak dira Errotik kooperatiba feministak martxan jarri duen Emaitzak proiektu gastronomiko, feminista eta eraldatzailearen ardatzak: emakumeei ahalduntzen laguntzea, gastronomia jasangarria bultzatzea eta pertsona zaurgarriei gizarterako ateak zabaltzea. Bilboko San Frantzisko auzoan darabilte martxan.

Joan den astean egin zuten aurkezpen ekitaldia proiektuaren protagonistek. Bilborock aretoa hartu zuten sukaldari profesionalen laguntzarekin ondutako jakiak eskaintzeko eta egitasmoaren xehetasunak azaltzeko. Jendaurreko lehen aurkezpen haren aurretik beste saio batzuk egin dituzte. Leire Abaigar Emaitza proiektuaren koordinatzaileak eman ditu azalpenak: “Hiru saio egiten ditugu emakumeekin, kozinatu gabe. Horietan, elkar ezagutzea da asmoa, eta dinamika feminista batzuk garatzen ditugu”. Hainbat jarduera egiten dituzte: “Beren buruarekiko konfiantza eta ahalduntze kolektiboa zein norbanakoa lantzen dute. Eta baita talde lana eta konpromisoa ere, besteak beste”.

Hiru jardunaldi horietan ez diete egiten kontraturik, baina laguntzak eskaintzen dizkiete. Kozinatu behar duten egunean, ordea, bai, kontratuarekin eta soldata baten truk egiten dute. Hilean behin kozinatuko dute publikoarentzat, Bizkaiko emakume sukaldarien laguntzarekin. Joan den astean egin zuten lehen ekitaldian, Sustraiak catering begetariano eta auogestionatuarekin batera egin zuten. “Bi jardunaldi egin zituzten eurekin. Eta horiengatik bai, soldata duina ordaintzen zaie. Baita kontratua egin ere”.

Hala, etorkizunera begira balizko lan harremanak bideratzeko aukera eskaini nahi die Errotik kooperatibak euren proiektuan parte hartzen duten emakumeei. “Euretako asko sukaldariak dira. Zortzi ari dira egun gurean, eta bost jada kozinatzen arituak ziren, modu profesionalean, beraien herrialdeetan edo hemen bertan”. Bere postreak internet bidez saltzen dituen emakume bat ere badute. “Baina ez dute aukerarik izan hemen soldatapeko lan kontratu bat izateko; irteera hori ere ahalbidetzen diegu. Elkar ezagututa, Sustraiak catering enpresan noizbait langileak behar badituzte, emakume hauek kontuan hartzea nahi dugu. Beraz, proiektua bada modu bat lan mundurako harreman loturak egiteko ere”.

Ateak zabalik dituzte egoera zaurgarrian edo bazterketa arriskuan dauden emakumeentzako. “Hasiera batean erabaki genuen 40 urtetik gorakoak izan behar zutela parte hartzeko. Gero ikusi genuen badaudela oso egoera zaurgarrian dauden emakumeak adin horretatik behera ere”. Gaur egun proiektuan ari diren emakume gehienak errefuxiatuak dira, asilo eskatzaileak: “Hamarretik zortzi; eta denak dira migratzaileak. Baina bertakoak ere izan daitezke”.

Lesli Mejia da horietako bat. 30 urte ditu. El Salvadorrekoa da, eta bost urte daramatza Euskal Herrian. Barakaldon bizi da. Emaitza proiektuan aritzeko arrazoiak azaldu ditu: “Proiektu feminista bat zelako eman nuen izena. Hori izan zen arrazoi nagusia. Emakumeek sortutako eta emakumeak buru dituen proiektua delako”. Eta lagungarri egin zaio. “Parte hartzen dugun emakume gehienok langabezian gaude. Beraz, lagungarria da lan munduan murgiltzeko. Eta emakume gehiago ezagutzen ere laguntzen digu”. Kultur aniztasuna ere bultzatzen du proiektuak: “Hainbat kultura nahasten dira; fusio bat da. Baita jakiena ere: emakume batzuek euskal sukaldaritza ekartzen dute; guk, geure herrialdeetakoa”.

Etxeetan garbitzaile edo zaintzale aritu ordez, Emaitzak lan merkaturako beste aukera batzuk zabaltzen dizkiela azaldu du. Proiektuan aurrera jarraitzeko asmoa du. “Nik bai, oraingoz nire lanarekin uztartzeko aukera dudalako. Hala ere, ez da jarraikortasuna duen lan bat, eta uste dut emakume batzuek horregatik uzten dutela bertan behera, ezin dituztelako uztartu dituzten lanak eta proiektua”.

Emakumeak, horien ahalduntzea eta andreoi gizarterako eta lan merkaturako ateak zabaltzeaz gain, gastronomia jasangarria ere bultzatzen dute. Abaigarrek eman ditu azalpenak: “Elikagaien subiranotasuna ere bultzatu behar genuela ikusi genuen. Beraz, elikagaiei zegokienean ere zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Eskainitako menua ezin zitekeen edonon erositako jakiekin osatutakoa izan”.

San Frantzisko auzoko bertako hainbat dendarekin eta Erriberako merkatuko saltzaileekin jarri ziren harremanetan. Batzuekin eta besteekin aritu ostean, konturatu ziren sare bat eratua zegoela jada, Bizkaiko Elikagaien Bankuaren bitartez. Merkatari horiek soberakinak ematen baitizkiote erakunde horri. Eta haiekin elkarlanean aritzea adostu zuten. “Beraiek hilabetero esango digute zer daukaten, eta guk, eskaini nahi dugun gutxi gorabeherako menua jakinaraziko diegu”. Menuak aldatu eta egokitu egingo dituzte dauden lehengai eta osagaien arabera. “Honen guztionen helburua kontsumo arduratsua egitea da”.

Finean, euren herrialdea eta familia atzean utzita Euskal Herrira iritsi diren emakumeoi aukera bat eskaintzeko lanean dihardute. “Emakumeok etorri dira beraien jakituriarekin, sukaldaritzarekin eta kulturarekin. Bilbori gauza asko eskaintzen dizkiote. Baina guk eurei zer eskaintzen diegu? Pixka bat baztertuta ditugu. Beraz, gure asmoa da eurei itzultzea egiten diguten ekarpena”.

Lehen saioa, aise gaindituta

Aurreikusitakoa baino hobeto joan zen lehen aurkezpen ekitaldia. Espero baino jende gehiago agertu zen. “75 lagunentzako janaria geneukan eta 92 inguru etorri ziren. Janariari dagokionez ere, ezustekoa hartu genuen. Dena zegoen oso gozo. Gehiena beganoa zen. Esperientzia berria izan zen emakumeetako askorentzat”. Mejia ere pozik dago emaitzarekin: “Denbora gutxi izan dugu oraindik elkar ezagutzeko eta proiektua lantzeko, baina oso esperientzia aberasgarria izan zen. Sustraiak catering begetarianoko emakumeekin aritu ginen. Gutako batzuek ez genekien askorik jaki mota horiei buruz. Azkenean lortu genuen fusionatzea begetarianoa eta gure kulturak”. Aurrerantzean jatetxeekin egingo dute lan, ziurrenik.