“Orubearekin negozioa egiteko erosi zuten enpresa”

Lander Muñagorri Garmendia

Erandioko Cables y Alambres enpresako langileek 99 egun daramate soldatarik gabe, eta urtebete inguruko atzerapenak dituzte. Hartzekodunen konkurtsoan dago lantegia, eta enplegua erregulatzeko txosten bat dago indarrean beharginentzat. Duela lau urte, Vicinay kategintza enpresak bereganatu zuen kable eta alanbre bereziak egiten dituen lantegi hori, eta, beharginek salatu dutenez, denbora tarte horretan guztian ez dute inongo inbertsiorik egin. Josu Abarrategi LABen ordezkariak susmoa du lursaila etxebizitzak egiteko baliatu nahi dutela.

Enpresa ixteko zorian dago, eta, irailaren 27az geroztik, langileak txandak egiten ari dira lantegiaren atarian, makinak atera ez ditzaten, jabeek saltzea eragozteko. Asteartean batzartuko dira konkurtso administratzailearekin, enpresaren etorkizuna zein izango den jakiteko, eta orduan erabakiko dute beste zer pauso eman.

Behin eta berriro esan izan duzue Vicinay taldeak Cables y Alambres erosi zuenean hasi zela egoera okertzen. Zergatik?

Vicinay taldeak fabrika erosi zuenean, esaten zuten inbertsioak egingo zituztela, baina halakorik ez da inoiz iritsi. Dirua gastatu dute fabrikan, baina ez dute inbertsiorik egin. Urtebete baino gehiagoko atzerapenak dauzkagu soldatetan, eta joan den urtean lantegiko lurrak jabez aldatu zituzten. Badirudi dena negozio bat dela. Itxura guztien arabera, lantegia hustu nahi dute, eta horregatik gaude hemen atarian mobilizatuta, makinak eraman ez ditzaten. Negozioa bideragarria da, eta lan eskaeren poltsa handia dauka oraindik.

Kanpaldiaren arrazoia, beraz, makinak ez ateratzea eta soldatak ordaintzea da?

Bai, horretarako da. Denbora tarte honetan makinak atera izan balituzte, eta horiek saldu, zerbait atera ahalko zuten. Eurek ikusiko zuten zer egin diru horrekin. Enpresa konkurtsoan egonda, administratzaile batek eramaten du kontua; beraz, haiekin batzartu arte zain gaude. Gure ustez, Vicinay asmo txarrez jokatzen ari da, lantegia hustu nahian.

Enpresa bideragarria dela diozue, baina husteko arriskuan dago. Atzera-bueltarik gabeko prozesu batean dago?

Berez ez dakigu prozesua nola dagoen, administratzaileak dakielako hori, eta ez dakigulako epaileak nola jokatuko duen. Aurtengo urterako lana bageneukan: 1.300 tonako eskaera geneukan, 500 gehiago egiteko, fabrikan materiala badago ekoizteko… Beraz, badirudi asmo txarrez egiten ari direla egiten ari diren guztia. Ez dakigu Vicinayk zer egin nahi duen enpresarekin, baina badirudi dena hustu nahi duela. Ikusita lantegian dena utzita daukatela, hori pentsa dezakegu. Makinak puskatuta daude, eta zorua ere egoera txarrean dago. Zerbait egin nahi izango balute enpresarekin, ez zen horrela egongo.

Vicinayk interesa dauka enpresa hau ixteko?

Nik uste dut baietz: hau guztia apropos egin dute. Hirigintza proiektu baterako asmoa dago, lur hauetan eraiki ahal izateko aukera jarri nahi baitute. Badute aukera etxebizitzak egiteko, eta hori oso erakargarria da. Beraz, badirudi orubearekin negozioa egiteko erosi zutela enpresa.

Vicinay kategintza enpresa bat da, eta zuek kableak egiten dituzue enpresentzat. Antzeko sektore bat da, eta bateragarriak izan daitezkeela dirudi.

Bai, hasieran esaten zuten bagenituela bezeroak komunean, eta proiektu batzuetan batera egin ahal izango genuela lan. Baina ez dute gurekin argi hitz egin, eta ez dugu haiekin inoiz bilerarik izan. Finean, ez digute esan zer egin nahi duten lantegiarekin. Guk dakiguna da 108 familia gaudela kobratu gabe, eta ez dakigu zein izango den gure etorkizuna. Joan den ostiralean manifestazio bat egin genuen Erandion, eta herriaren babesa izan genuen. Borrokan jarraituko dugu.

Eusko Jaurlaritzarekin eta Bizkaiko Diputazioarekin hitz egin duzue?

Bai, hitz egin dugu Jaurlaritzarekin, baina konkurtsoaren aurrekoan geundenean. Esan ziguten saiatuko zirela Vicinayrekin hitz egiten, baina hurrengo egunean konkurtsora joan ginen. Aldundiarekin hitz egin genuenean, esan ziguten Vicinaykoak ez zeudela enpresarekin oso interesatuta, eta beste akziodun bat bilatzen saiatuko zirela.

Vicinayrekin biltzeko saiakerarik egin duzue?

Behin baino gehiagotan joan gara haien egoitzara bilera eske, eta ez digute gutuna ere hartu. Ez dira eseri ere egin. Joan den astean hirugarren aldiz sartu ginen egoitzan, eta eserialdia egin genuen berrogei langilek. Gutuna hartu ziguten, baina ez digute erantzun ere egin. Egia esan, ulertzen dugu lur erakargarriak direla, baina horrek ez du esan nahi itxi behar denik: lekuz alda dezakete.