Luma arteko laztan osasuntsuak

Luma arteko laztan osasuntsuak

Eider Mugartegi

Gero eta ohikoagoak izaten ari dira gaur egun, pertsonen integrazioan laguntzea helburu duten animaliekin lagundutako terapiak. Adituek diotenez, lasai egoten, erlaxatzen laguntzen dute animaliek, eta haien eta pertsonen artean sortzen den interakzioak onura izugarriak ditu. Txakurrak edota zaldiak elementu terapeutiko eta hezkuntza eremu bezala erabiltzen dituzten terapiak dira ezagunenak, baina badaude beste batzuk ere, Lekeitioko Uribarren Abaroa nagusien egoitzakoa, esaterako.

Orain dela bi urte jarri zuten martxan programa aitzindaria. Bere berezitasuna erabiltzen dituzten animalietan datza, izan ere, hegaztiak erabiltzen dituzte hainbat terapia mota garatu eta esperimentatzeko; hegazti exotikoak, hain zuzen. Esther Arrieta Boada da hegaztiek lagundutako terapiaren arduraduna. Gertrudis Alba espezieko kakatua zuriaren laguntza dauka horretarako. Hegazti horiek izaeraz lasaiak, lagunkoiak eta atseginak direla dio, eta pertsonekin aritzeko hezi eta entrenatuta dago Gertrudis. Hala, besoz beso ibiltzen da saio bakoitzean, eta egoiliarren paparrean etzaten da haien laztanak hartu eta hitz goxoak entzuteko.

Astero egiten dituzte berrogei bat minutuko terapia saioak, eguaztenero, egoitzako geletan zein eguneko zentroan. Aurretik psikologoak saioa prestatzen du eta terapiako arduradunak berariazko programa zehatz eta egokia diseinatzen du, erabiltzaile bakoitzaren eskakizun zehatzak kontuan hartuta. Horrela, gai eta behar ezberdinak lantzen dituzte, hizkuntza esate baterako. Hegaztiagaz askeago eta lasaiago sentitzen omen dira egoiliarrak, eta hobeto ahoskatzen dute.

Tamaina handiko hegaztia da Gertrudis, moko handi eta atzapar luzekoa. Hala ere, egoiliarrek ez dute ezelako arazorik eduki kakatuarekin ohitzeko. Alderantziz, ezelako beldurrik barik hartzen dute, beti egin izan balute bezala. Eta pertsona bakoitzaren erantzuna ezberdina bada ere, terapiak ondo funtzionatzen duela ikusi dute, alor guztietan: psikikoan, fisikoan, hezkuntzaren alorrean, sozialean eta emozionalean. Terapeutak dioenez, egoiliarrak zainduak izatetik beste izaki baten zaintzaile bihurtzen dira momentu horretan, eta autoestimuan eragiten die horrek.

Egoiliarrek estimu handiko saioa dutela ere nabaritu dute. Hala, beste terapia batzuetan parte hartzeari muzin egiten diotenak ere joaten dira hegaztien saioetara. Horrela, guztiek partekatzen duten gai ere bihurtu da, eta Gertrudis-ek egiten dituenak eguneroko kontakizuna dira.

Ikerketa egoitzan bertan

Esperientzia horiek guztiak jasoko dituen ikerketa bat prestatzen ari dira orain, zentroko psikologoak eta terapiaren arduraduna. Jarraibide batzuetan oinarrituta, erabiltzaile jakin batzuen datu zehatzak biltzen ari dira, emaitzak baieztatu eta ondorioak kaleratzeko. Ikerketa hori publiko egingo dute gero, beste norbaitek hegaztiekin terapia egin nahiko balu erabilgarri izateko.

Gertrudis ez da, baina, Uribarren Abaroako hegazti exotiko bakarra. 2017ko urritik, 28 espezietako 50 hegazti baino gehiago dituen hegazti exotikoen zoo txikia ere badaukate lorategian. Gizarteratze programa bat eraman nahi izan dute aurrera, eta, lorategiko ateak zabaldu eta zooa erreklamo bezala erabilita, herritarrak edota bisitariak bertaratu nahi izan dituzte. Horren eskutik etorri zen hegaztiek lagundutako terapia.

Horrela, egoitza barruko terapia saioez gainera, udaberritik aurrera edo eguraldiak laguntzen duenean, monitorea talde txikiekin zoora joaten da eta fitxak lantzen dituzte bertan. Zoo txikiko hegaztiak dira gai ezberdinak lantzeko erreminta: formak, koloreak, soinuak…

Zooko hegazti guztiak dira itxian jaio eta hazitakoak, horiek euren habitat naturaletik kanpo egotea ezinezkoa izango litzateke bestela. Hegazti horiek kaiola handi batzuetan jartzen hasi ziren egoitza barruan eta eguneko zentroan, eta egoiliarrek interesa zeukatela nabaritu zuten. Ohitura hartu zuten animaliak bisitatzeko. Kasik mugitzen ez zen nagusiak ere animaliak ikustera joateko ahalegina egiten zuen. Kaiolatik kaiolara, eguneroko hizketaldietako gaia bihurtu ziren hegaztiak. Hori ikusita, zooa eratu eta hegazti bat prestatu zuten terapiarako.

Eta interesa eragin dute zooak eta terapiak. Bi urtetan 75.000 bisita izan dituzte zoo txikian. Uztailean eta abuztuan, esate baterako, 1.500 bisita dituzte astean, batez beste. Egiten dutenaren berri ere ematen diete bisitariei, ikastetxeetatik joaten diren ikasleei edo taldeei besteak beste.

Bestalde, Gertrudis-ek ere atseden har dezan, terapietan laguntzeko beste hegazti bat ere trebatzen ari da Arrieta; lau hilabete dituen espezie bereko hegazti berria. Terapian laguntzeko, jaiotzatik hezten dituzte hegaztiak. Lehenengo zaintzailearekin eta haren familiarekin harremanetan egotera ohitzen dira, eta gero, apurka-apurka, egoiliarrekin partekatzen hasi. Mokoekin eta atzaparrekin minik ez egiten irakasten diete, jendeagaz bizi izaten. Kasu honetan, nagusiekin bizi izaten; eta jada egoitzako bizilagun garrantzitsu bihurtu da Gertrudis, ezinbestekoa.