Eraginek muinean jarriko du gazte langileen antolakuntza

Eraginek muinean jarriko du gazte langileen antolakuntza

Peru Azpillaga Diez

Zeresan handia sortu du aurten Eragin Gazte Prekarioen Asanbladak. Egindako salaketa dinamiken bidez, arreta mediatikoa gazteek pairatzen duten “bizitza prekarioan” jartzea lortu du. Joko aretoek gazteengan duten eragina, BBK Liveren moduko egitasmo handiek sortzen dituzten “lanpostu prekarioak”, banatzaileen eta tabernarien lan baldintzak… Prekaritatearen aurpegi ezberdinak utzi ditu agerian behin eta berriz Eraginek. Agerian utzi bai, baina baita egoera aldatzeko pausoak eman eta antolakuntzara bideratutako tresnak sortu ere. Izan ere, No es lo que hay konformismoaren aurkako leloa leitmotiv bilakatuta, prekaritateari kontra egiteko beharra ere mahaigaineratu du Eraginek. Eta horretarako formula ere badu: antolakuntza. Hain zuzen ere, ideia horretan sakondu eta gazte langileen arteko batasuna sustatzeko jardunaldia antolatu dute biharko. Bilboko Karmela gunean izango dira, Santutxun.

“Urte batzuk igaro dira Eragin sortu zenetik. Joan den ikasturtea oso garrantzitsua izan zen guretzat: kolpe bat eman genuen mahai gainean”, azaldu du Gaizka Suarez mugimenduko kideak. “Lurrikara eragin izeneko dinamika abiatu genuen, asanbladaren jarduna crowdfunding batekin laguntzeko, eta horrekin lortutako bultzadak asko indartu gintuen”. Aurten inoiz izan duten “presentzia eta eragiteko gaitasunik handiena” izan dutela erantsi du Suarezek, eta horri jarraipena emateko antolatu dituzte, besteak beste, biharko jardunaldiak. “Sekulakoak izan dira iazko ikasturtean egindako urratsak; nolabait asmatzen ari garela uste dugu”, nabarmendu du. “Zeren asko hitz egiten da hiri ereduaz, baina egia da guk gaitasuna izan dugula horrek sortzen dituen arazoak modu konkretuan ikusarazi eta agerian uzteko”, azpimarratu du.

Suarezek esplikatu duenez, ikusi dute Eragin “arrakastatsua” dela antolakuntza eredu moduan. Hori dela eta, bi helburu nagusiri erantzuteko antolatu dituzte Bilboko Karmela gune autogestionatuan izango diren jardunaldiak. Alde batetik, Eragin bera, “proiektu edo antolakuntza eredu moduan indartzeko”. Baina, bestetik, Eraginen antolakuntza eredua eta lan egiteko modua Bizkaiko beste toki batzuetara hedatu ere egin nahi dute jardunaldien bidez. Hau da, antolakuntzaz eta eguneroko jardunaz hausnartu eta beste tokietan antzeko esperientziak abiatzeko helburua dute Eraginen jardunaldiek.

“Guk ez dugu nahi Eragin bera, asanblada moduan, beste leku batzuetara hedatu, Eraginen darabilgun lan egiteko filosofia baizik”, zehaztu du Suarezek. “Eskubide sozialei lotutako gazte antolakuntza da zabaldu nahi duguna; hots, filosofia eta behar bat”. Izan ere, Eraginen jardunaren atzean “kapitalismoaren birmoldaketari” ahalik eta modu zuzenean erantzuteko hausnarketa bat dago. “Kapitalismoa birmoldatzen ari da; gazte belaunaldi edo paradigma berri honetan, lan harreman berriak sortzen ari dira une oro, eta, beraz, guk ere birmoldatu egin behar ditugu kapitalismoari aurre egiteko moduak”, ohartarazi du Suarezek. “Jardunaldiekin, hausnarketa hori plazaratu nahi dugu, ikuspuntu hori indartu”. Gazte langileak aktibatzea da haien helburua. “Haiek egokia ikusten duten eran: guri berdin zaigu lantalde bat edo hamaika izatea, Eragin deitzea edo ez; gure helburua da gazte guztiek norabide berean lan egitea”.

Proiektu berriak labean

Suarezek nabarmendu duenez, luze daramate jardunaldiak antolatzen, eta benetan egun arrakastatsua izatea espero dute. “Egitarau potentea osatu dugu: goi mailako hizlariak izango ditugu gurekin, eta eztabaida sakonak entzuteko aukera izango dugu”. Egunak hiru tarte izango ditu. Hasteko, lehenengo mahai ingurua egungo testuingurua kokatzeko baliatuko dute, gaur egun munduak duen bilakaeraz hausnartu eta horrek lanean zer-nolako eragina duen aztertzeko. “Gero, bigarren saioan, Eraginetik gure jardunaren inguruko hausnarketa konpartitu eta gure aurtengo plangintza azalduko dugu”, zehaztu du Suarezek. “Ondoren, hausnarketa horretatik abiatuz, indarrean dauden hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izango dugu”, erantsi du. Eta bazkariarekin amaituko dute jardunaldia.

Gainera, Karmelan bilduko den jendea aprobetxatuz, Eraginek aurrera begira garatuko duen dinamika baten berri emango dutela jakinarazi du Suarezek. Bihar arte ez dute ezer aurreratu nahi. Eraginek ikasturte honetan izango duen jardunari lotuz, ordea, bi fasetan banatuko dela azaldu du. Lehenik, abendura bitartean, egituraketan eta asanblada indartzean jarriko dute arreta, eta, ondoren, urte berriarekin batera, esku artean dituzten proiektuek “eztanda” egingo dutela ohartarazi du. “Ordura arte sortutako tresnak baliatuta, alor ezberdinetan indar egiteko unea izango da; apustu etxeetatik hasita, lan gatazketaraino”.

Hain zuzen ere, Suarezek adierazi duenez, Eraginek berebiziko arreta eskaini nahi die aurten lan gatazkei. “Horretan zentratu nahi dugu; lan gatazkak eta gazte langileak antolatzeko tresnak sortzeaz gain, horiek praktikara eramatea izango da gure asmo nagusia”. Teoriatik praktikara salto egingo dute, beraz, eguneroko kasu jakinei aterabidea emateko asmoz. “Nahi dugu Bilboko gazteek antolatzeko leku moduan ikustea Eragin, eta, aldi berean, gazte langileek arazoak dituztenean, laguntza emateko gai izan nahi dugu; gazte langileek ere beren borrokak aurrera eramateko leku moduan ikusi behar dute Eragin”.

Hori lortzeko bidean pausoak emateko garaia dela deritzo Suarezek, “bai modu praktikoan eta bai teorikoan”. Eraginek gainontzeko langileen kezkak partekatuko dituen Bilboko gazteria “oso mobilizatu bat” lortzea du buruan; “edozein injustiziari erantzun kolektiboak emateko gai izango dena”. Hortaz, gazte fronte baten inguruan mintzatu da Suarez: “Ezin dugu aurreikusi hori nola gertatuko den, baina helburua da injustiziei erantzuteko gai den mugimendu bat sortzea, aurrez aurre jartzea Bilboko gazte langileak eta horiei bizitza xurgatzen dien hiri eredua sustatzen duten politikariak; kapitalari aurre egiteko gazte fronte bat osatzea”.