Natalia Salazar Orbe
Munduan 783 milioi pertsona bizi dira muturreko pobrezian; egunean bi dolar baino gutxiagorekin irauten dute. Horietatik %70 emakumeak dira. Atzo pobreziaren aurkako egunaren harira Bilbon hainbat eragilek deituta egindako manifestazioan eman zituzten datuok. Erakunde publikoei “konpromiso argia” eskatu zieten, “giza eskubideen urraketa” horri aurre egiteko. Gizartean baztertuta daudenekin lan egiten duen Bizitegi gobernuz kanpoko erakundeak ere ikusezina den kolektibo horri laguntzak emateko malgutasun handiagoa eskatu du. Gertuagoko datuak jaso ditu. Hain zuzen, aztertu du Bilboko kaleetan eskean aritzen direnetatik zenbat diren etxegabeak. Kolektibo horren %25 etxerik gabe bizi direla ondorioztatu du.
2014an abiatu zuten azterketa. Orduz geroztik, beste hiru aldiz atera dira kalera pertsona horien errealitatea ezagutzera. Azkenekoz, joan den maiatzean. Zenbakiei erreparatua, deigarriena da lehen urtean 188 eskale zenbatu zituztela; aurten, kopuruak behera egin du nabarmen: 90 identifikatu dituzte. Hala ere, gehiago daude. Azaldu dutenez, lekuz aldatzen direnez edo euren elkarrizketei erantzun nahi ez dietenez, ezin dituzte identifikatu. Horrez gain, antzeman dute areagotu egin dela eskujokoak egiten edota autoen haizetakoak garbitzen ari direnen kopurua. Horiek ez dituzte hartu eskaletzat. Kalean dirua eskatzen aurkitu dituztenak soilik zenbatu dituzte.
Joseba Arranzek eman ditu ikerketaren xehetasunak. Gizarte hezitzailea da, eta Bizitegiko etxegabeen taldeko arduraduna. “Indautxun eta Abandon dago eskale gehien. Uste dugu logikoa dela, merkataritza asko dagoen guneak direlako. Taberna ugari ere badago. Jende asko aritzen da han erosketak egiten”. Beste muturrean daude Otxarkoaga eta Txurdinaga. Han aurkitu dute eskale gutxien.
Aurten bereziki deigarria iruditu zaie aurkitu dituzten eskale gehienak gizonezkoak izan direla. “90 lagun aurkitu ditugu eskean. Horietatik 67 azaldu dira gure elkarrizketari erantzuteko prest. Horietatik, sei ziren emakumeak”. Horrek ere badu azalpena: “Errumaniarren kolektiboko emakumeek uko egin diote gure galderak erantzuteari”. Beraz, ezin izan dituzte zenbatu.
Jatorriari dagokionez, elkarrizketatu dituztenetatik %37 Bilbokoak edo estatuko beste lekuren batekoak dira. %35 afrikarrak dira, eta gainerakoak, europarrak; batez ere, Errumaniakoak.
Aurkitu dituzten gehienek badute nor diren egiaztatzen duen agiriren bat, nahiz eta iraungita egon; %66 daude egoera horretan, hain zuzen. Bi puntu txikiagoa da erroldatuta daudenen portzentajea. “Datu ona da, baina kontuan hartu behar dugu askok ordaindu egiten dutela errolda izateko. Zenbaitek 250 euro ere kobratzen dute euren etxean herritarrak erroldatzearen truk”. Arranzen arabera, diru hori ordaintzen dutenek baliteke hainbat lagunekin partekatutako logela bat izateko eskubidea izatea, edo baliteke horrelakorik ere ez izatea eta kalean bizitzea. Baina, gutxienez, errolda agiria eskuratzen dute. “Errolda agiriak bideak zabaltzen dizkizu bizimodu normal bat izateko eta eskubideak bermatuak izateko”.
Baldintzak malgutu
Horren harira, erakunde publikoei dei egin die pertsona horien egoerak bideratzeko baldintzak malgutzeko. “Erroldarik ez duenak ezin du eskatu gizarte laguntzarik. Ezta osasun txartelik ere. Horrek gizartearen alde ikusezinean kokatzen ditu. Bizimodua ateratzeko moduak bilatu behar dituzte orduan, eta beti ez dute egiten modurik onenean. Sarri horixe dute oztopo nagusia: agiririk eza”.
Burokraziak dakartzan zailtasunei egin die aipamen: “Laguntzen eskaintzari dagokionez, Lanbidek baldintzak malgutzea lagungarria izango litzateke”. Bilbon eta Bizkaian gizarte laguntzetara bidera litekeen baliabide ugari dagoela esan du. “Gure ustez, diru hori herritarren ongizatea bermatzeko erabili beharko litzateke. Baina beste zerbaitetara bideratzea erabaki dute”.
Horrez gain, uste du gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabide batzuek baldintza zorrotzegiak dituztela. “Egoera kronikoan dauden pertsonekin ari gara lanean. Buruko gaixotasunak ere badituzte, eta batzuek alkohola edo drogak hartzen dituzte. Oso zaila da pertsona batek eguneko egoitza batean duen lekuari eustea, ezartzen diren baldintzak bete behar baditu. Ez da unerik egokiena pertsona horri horrenbeste betebehar exijitzeko”.
Aldundiak baliabideren bat onartuta, hura erabiltzeko baimena emateko zain amore eman duenik ere badela azaldu du. “Sarri, bi urte ere egon behar izaten dute zain. Kalean dagoen pertsona baten egoera izugarri alda daiteke bi urtean. Baliabidea erabil dezaketela esaten dietenean, askok pentsatzen dute: ‘Orain gogoratzen zarete nitaz, bi urtez kalean botata eduki ostean?'”. Gauza askok zailtzen dute normalizatutzat jotzen denaren gizarteratze prozesua”.