Basoak sortzeko urratsak

Basoak sortzeko urratsak

Peru Azpillaga Diez

Uda sasoia luzatzen ari da. Lurra gero eta beroago dago, tenperatura gora ari da etengabean, eta poluzioak airea zikindu, lurra antzu bilakatu eta polinizazioa ekiditen du, eta elikagaiak ekoiztea zailago bilakatu. Itsasoa plastikoz beteta dago, eta basoak gero eta urriagoak dira. Hala azaldu dute Durangaldeko hainbat herritarrek, klima aldaketa ingurunean izaten ari den eragina salatzeko kaleratutako bideo batean. Lurgaia fundazioak martxan duen Undabasoko proiektua laguntzeko kaleratu dute bideoa, eta, bertan, egitasmoan parte hartzeko deia egin dute. Muxikako Ibarruri auzoan dago Undabaso, eta bertan Bizkaiko haritzondorik handiena landatzeko erronka jo du fundazioak. Herritarrak, boluntarioak, auzolanerako elkartzea nahi dute.

Hainbat hektarea eskuratu dituzte, eta larunbatero zuhaitzak landatzera egiten dituzten irtenaldiekin Urdaibai erreserbako baso mistorik handiena sortu nahi dute. Orain abiatu dituzte irtenaldiak, eta, apirila bitartean, asteburuero ahalik eta zuhaitzik gehiena landatzeko asmoa dute. Izan ere, Lurgaia fundazioak Bizkaiko basoak lehengoratzea du helburu, eta, horretarako, hainbat proiektu ditu martxan. Horien guztien artean, Muxikako Undabasokoa da garrantzitsuena.

“Bizkaiko basoak berreskuratzea da erronka nagusia; basoak eta ekosistemak”, adierazi du Sergio Gallego Lurgaia fundazioko kideak. Hori azken helburua izanik, gaur egun zenbait proiektu dituzte esku artean. “Zenbait udalerritan ditugu lursailak, Bakion, Getxon… tamaina, mota eta espezie anitzetakoak. Baina azken urteetan, batez ere, Undabason dugu jarrita arreta”. Oraingoz, 86 hektarea dituzte berreskuratuak, eta, aurten, beste berrogei hektarea eskuratuko dituzte. “Oraindik ez gara lursail guztien jabe, pixkanaka ari gara finantzabidea lortzen; hala ere, akordio bat lortu dugu pinuak kendu eta zuhaitzak landatzen hasi ahal izateko”. Aurtengo berrogei hektareak landatuz gero, 130 hektarea inguru izango ditu jada Undabasoko haritzondoak; “helburua urte batzuk barru 200 hektarea inguru izatea da”.

Azarotik aurrera, asteburuero egingo dute irtenaldiren bat, eta, horietan parte hartzeko, nahikoa da info@lurgaia.org helbidera mezu bat bidaltzea. “Normalean, 09:00etan geratzen gara, eta egun bakoitzean leku desberdin batera joaten”, azaldu du Gallegok. Bildutako jendearen arabera, egun bakoitzean 300 eta 500 zuhaitz inguru landatzen saiatzen dira. Landaketak egiteaz gain, bestelako ekintzak ere antolatzen dituztela erantsi du. Bioaniztasunaren aldeko fundazio diren heinean, bestelako egitasmoak ere badituzte esku artean: hala nola espezie inbaditzaileak kontrolatzea eta anfibioen eta narrastien egoerari kasu egitea. “Aurten, adibidez, beste proiektu batekin hasi gara, Baso eskolak izenekoa, eta, horretan, txangoak, ikastaroak eta hitzaldiak egiten ditugu, batez ere, bioaniztasunari lotuta”.

Gallegok azpimarratu duenez, Bizkaiko basoen egoera “oso kezkagarria” da. Bizkaiko eremu zabalak betetzen dituzte basoek, eta hori, berez, ona da, baina 2016ko datuen arabera, %77 inguru ustiapenerako basoak dira. “Apenas dugun baso autoktonorik, eta ditugunak oso zatituta daude”, zehaztu du. Baso zabalik ez dagoenez, espezie eta ekosistema anitz garatzeko zailtasunak daudela erantsi du. “Basoak funtsezkoak dira bioaniztasuna bermatzeko, haietan hamaika prozesu gertatzen dira, ez soilik CO2ari lotuta; klimari, urari eta lurrari lotutako eragina ere handia da”.

Parte hartzea gora

“Jendearen parte hartzeari lotuta, goranzko joera nabaria dagoela ikusi dugu, gero eta jende gehiago dator landatzera edota bihurtzen da bazkide”. Esaterako, Undabasoko lursailak erosteko martxan jarri zuten crowdfunding kanpaina “arrakastatsua” izan zela aipatu du Gallegok. Orain, proiektua handitu ahal izateko, beste bat egiteko asmoa dutela nabarmendu du. Horrekin batera, klima aldaketari aurre egiteko, ezinbestekotzat jo du gizartearen aktibazioa. “Herritar gisa, egungo egoerarekiko ardura parte bat dugu guztiok. Horregatik, garrantzitsua da, egoera aldatzeko egiten ditugun ekintzez gain, norbanako modura ere kontzientzia hartzea; batez ere, eguneroko kontsumo ohiturei lotuta”.