Sena

Igor Elordui

Kafe baten bueltan onartu diot lagunari zutabetxoa idaztea, idaztea bera, ez dela arazorik handiena; gauza gehienekin gertatzen den legez, hastea dela kontua, eta gero, ondo-txarto, amaitzen jakitea. “Buruhausterik handiena —aitortu diot— zeren gainean idatzi erabakitzea izaten da. Orduan, zerbait otutzen bazaizu, bota; ondo etorria izango da, nahiz eta gero seguru antzean—egin dut ohar— ez dizudan kasurik egingo”.

Sena. Horixe— bota dit lagunak, eta isildu egin da. “Sena?” —nik—. “Bai, sena” —berak—. Eta isildu egin da, ostera ere. Kafeari azken zurrutadak eman, laguna agurtu eta etxerako bidea hartu dut, zeri buruz idatz nezakeen batere arrasto barik; zer dela-eta lagunak senaz berba egiteko esan didan igarri ezinik, berba bat eman eta diskurtsoa, bertsoa edo dena delakoa egiteko sen berezia dutenen inbidiaz.

Eta horrela, etxerantz noala, nire aurrean ikusi dut katu bat, iraupen-senez auto baten azpian sartzen; eta berari adausika txakur bat, txakur-senari men eginez, zintarritik auto azpira egin guran. Parean, txakurra lotzen zuen sokari atzeraka tiraka, haren jabea, mutil gazte bat, bere senetik aterata, deiadarka eta txakurrari ostikoak emanez. Mutila bere senera etorri denean egin dut aurrera. Etxeko atarian Mirenekin, auzokoarekin, egin dut topo. Beti bezain atsegin agurtu nau. Sen onekoa da Miren.

Etxean, bazkaria mahai gainean jarri, eta telebista piztu dut. Gaur Egun. Bilbon hondakinak nola kudeatzen ditugun galderari erantzun gura dion kongresua abiatuko da, eta, esan dutenez, Euskadin sei milioi tona zabor egiten ei dugu urtero; gehiena plastikoa. Estatu Batuetako muga-zergek kezkatuta, bilera egin dute erkidegoetako ekonomia-arduradunek Madrilen; han zen Arantza Tapia. Auto elektrikoentzako Europako kargatze-gunerik azkarrena inauguratu dute Abanton; han non agertu den Josu Jon Imaz, Repsoleko kontseilaria, horren gainean berbaz. Urkullu lehendakariak adierazpenak egin ditu autogobernuaz, eskumenen transferentziak direla eta. Dobletea egin du, gainera, Urkulluk, Tourra 2023an Euskaditik ateratzeko ahaleginetan ari direla azaldu baitu. Polemika Galdakaon Jon Bienzobas ETAko presoaren arte-erakusketa dela eta; PPk eta zenbait biktimen elkartek udalaren kontra egin dute, erakusketa egiteko baimena eman duelako. Gobernuz kanpoko 270 erakundek autokritika egin dute, eta barkamena eskatu diete terrorismoaren biktimei. Horiek izan dira ikusi dudan albistegiko lerroburuetako batzuk.

Ez da falta zer kontatu, ez da falta zeri buruz idatzi. Baina senak eman dit senaz idatzi behar dudala. Katuaren, txakurraren, mutil gaztearen, auzoko Mirenen edota ETBren albistegien senaz. Baita nireaz ere, gura bada. Azken batean, nork bere senetik egiten du-eta egiten duena. Beharbada, horixe da nire lagunak aditzera eman gura izan didana.