June Prieto
Garaje bateko atea zabaldu beharra dago lokalean sartzeko. Underground estiloari jarraituz apainduta dago, eta horrek imajinazioari lekua uzten dio sortzaileak nahi duen bezala erabiltzeko. Barakaldoko San Bizente auzoan dago KikarArtean gune sortzailea. Duela bi urte sortu zen proiektua, eta, egun, egitarau jarraitua izatea lortu dute. Han zinemagileek, marrazkilariek, idazleek edota musikariek lekua hartzen dute, eta herritarrei gonbidapena zabaldu.
Eider Zenarruzabeitia Hala Dzipo euskal musika eskolako zuzendariak adierazi duenez, proiektua abiatzeko bigarren saiakera da KikarArtean. Eskolako lagunek bi arrazoi nagusi ikusi dituzte proiektua sortzeko, eta errotik lotuta daude herriaren egoerarekin.
Lehenengo arrazoiak gazteekin dauka zerikusia. Barakaldon, gazteek lokaletan biltzeko joera dute, eta, Zenarruzabeitiak dioenez, oso zaila izaten da lokal horietan sartzea. Horregatik, gazteak biltzeko beste eredu bat posible dela zabaldu nahi dute lokal berri honen bitartez.
Bigarrenak zerikusi handiagoa dauka Europako hiriburuetan ematen den ereduarekin. Belgikan, Bruselan… ikusten dira artearentzat sortutako gune autogestionatuak, eta horretan oinarritu dira Hala Dzipo eskolako kideak KikarArtean pentsatzerakoan.
Sortzailea kontu kontari dabilen bitartean, kafe batekin irudikatzen dituzte ikusleak. Hortik dator, hain zuzen, KikarArtean izena: “Ez dugu inolako konpromisorik eskatzen; lagun arteko giroa sortu nahi dugu, arteaz gozatzen dugun bitartean”.
Lokalaren barrualdean, hiru gune banatzen dira. Gela bakartu bat, sukalde txiki bat eta hitzaldiak emateko lekua. Erabilera anitzeko guneak dira hirurak. Adibidez, antigym klaseak ematen dituzte astero gela bakartuan; gela berean, gainera, musika-terapia emanaldiak egin izan dituzte. Sukaldeak eta hitzaldiak emateko tokiak bat egin dute, mahai txikiei lekua eskainiz. Azken horretan, literatura solasaldiak, euskara klaseak eta zinema topaketak egin izan dituzte.
Apaletan mota guztietako kartelak ikus daitezke, baita Idoia Kareaga Gomezek (Bilbo, 1970) sortutako erakusketa ere: bertan, umeen liburuentzako ilustrazioak ikusten dira.
Ekintzak herritarrek proposatzen dituzte. Antolatzaileek kontaktuan jarri behar dute Hala Dziporekin, eta baldintza bakarra dago; deialdia jendartera zabalik egotea. Zenarruzabeitiak nabarmendu du denetariko ekintzak egiteko prest daudela, baina lehentasuna ematen dietela euskarazko ekitaldiei edo, era berean, euskarazko harremanak bultzatzen dituzten ekintzei.
David Nanclaresek, Hala Dizpo musika eskolako gitarra irakasleak, egitarau bat betetzearen zailtasunak azaldu ditu: “Garrantzitsuena da ekintzak aurrera ateratzea eta sortzaileek jakitea leku bat daukatela”. Ez dute dirurik eskatzen bertan ekintza bat egiteko; halaber, instituzioen partetik horrelako guneak bultzatzea gustatuko litzaieke.
Barakaldon elkarte eta mugimendu sozial anitz daude, eta KikarArtean gehigarri bat izatea nahi dute. Nanclaresen esanetan, euskaldunak tabernetan batzearen ohiturari alternatiba bat eman nahi diote, kulturaren eta artearen bitartez pertsona berriak ezagutzeko leku bat eskainiz.
Aurrera begira
Etorkizunean ez dute leku handiagorik nahi; egiten dutenak luzaroan irautea da haien helburua. 30 pertsona sartzen dira lokalean, eta adierazi dute noizbait bete egin izan dutela. Datozen egunetarako egitaraua beterik daukate jada: disko berri baten aurkezpena, udalarekin elkarlanean egingo duten Kultur Bero egitasmoa, eta ingelesa praktikatzeko taldeak. Denak ikusgai daude Kikarartean espazio kreatiboa izeneko Facebookeko orrian.