Iazkoa izan zen azkenengoa

Iazkoa izan zen azkenengoa

Peru Azpillaga Diez

Agur Banden Lehia. Hamar urtez euskarazko musika taldeen topaleku eta bozgorailu izandako lehiaketak amaitutzat eman du bere ibilbidea. Hala, iazko edizioarekin biribildutzat eman dute hain uzta oparoa utzi duen urteetako lana.

“Euskara hiritarra, urbanoa eta kosmopolita ere bada, eta lehiaketa honek hori argi utzi du alderdi musikaletik; Euskal Herri osoko proposamenak entzun ditugu, estilo eta mota askotarikoak”, nabarmendu du Iurdana Akasuso Azkue fundazioko zuzendariak. Euskara sustatu eta teknologiarekin uztartzeko asmoz, urteetan antolatu du Azkue fundazioak Banden Lehia, Baga Biga diskoetxea eta Irontec enpresa bidelagun zituelarik.

Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, 2009an jarri zen martxan Banden Lehia euskararen egunaren ospakizunaren harira, gazteen interesa pizteko. “Abiapuntua hori izan zen, euskara, musika eta teknologia uztartzea eta euskarazko sortzaileei aukera bat eskaintzea”. Lehenengo urte hartan, Bilboko Plaza Barrian antolatu zen lehiaketa, eta, izan zuen arrakasta ikusita, egitasmoari jarraipena ematea erabaki zuten. 2013. urtetik aurrera, Azkue fundazioaren gain geratu zen lehiaketaren antolakuntza. Akasusok zehaztu duenez, fundazioaren proiekturik “kuttunenetarikoa” izan da, eta ilusio handiz eutsi diote edizio bakoitza antolatzeari.

Lehiaketaren muina euskaraz sortzen den musika den arren, teknologiak ere “funtsezko” rola bete izan du Banden Lehian. “Edizio guztietan hausnartu egin dugu elementu teknologikoen inguruan, eta, Irontec-en eskutik, zeharkako proposamen berritzaileak egiten saiatu gara: musikarientzako sare sozialak, Twitter bidezko bozak edota txio kopurua kontuan izatea irabazlea hautatzeko orduan”.

Bide berriak marraztera

Akasusok adierazi duenez, bi izan dira lehiaketaren zikloa amaitutzat ematera eraman duten arrazoi nagusiak. “Batetik, azken urteetan adierazgarria izan da parte hartzearen jaitsiera”. Arrazoi ezberdinak daudela deritzo. Esaterako, saria aldatu izana. Diru txekea emateari utzi, eta baldintza profesionaletan grabatzea eskaintzen hasi ziren; horrek eragin zuzena izan zuen izen ematean. “Kontziente ginen horretaz, lehiaketari sari erakargarriagoa erantsi nahi genion, baina, parte hartzen zuten taldeen nolakotasuna medio, parte hartzea jaitsi egin zen”.

Eskean Kristo, Zazkel, Ane Guria, Herriaren Oihua… asko eta askotarikoak izan dira lehiaketa irabazita euskal musikagintzaren munduan bidea egitea lortu duten taldeak zein proposamenak. Izan ere, Banden Lehiaren hamar urteko ibilbidean zehar, euskarazko musikak ere bilakaera sakona izan duela nabarmendu du Akasusok: “Teknologia berriek asko lagundu diote musika sorkuntzari, eta baita proposamen desberdinen zabalkundeari ere”. Erantsi duenez, diskoetxe baten babesa izatea taldeentzat garrantzitsua izan arren, gaur egun, taldeek badituzte beren lanak ekoizteko bestelako bideak; “horrek behartu gintuen lehiaketaren oinarriak aldatzera”.

Parte hartzea kontuan izan duten arren, Akasusok azpimarratu duenez, Azkue fundazioak berak bere helburuen inguruan egindako gogoeta izan da lehiaketa amaitzeko arrazoi nagusia. “Geure jardunaz hausnartzeko eta lan ildoak berriro definitzeko beharra ikusi dugu”, azaldu du. “Eta lehentasunak zehaztuta, ondorioztatu dugu Banden Lehia bezalako egitasmo bat, hots, euskaraz sortzen den musika sustatzea helburu duen bat, ezin dela izan geure lehentasunezko ildoa”, esplikatu du. Hortaz, orain beste proiektu bati ekin nahi diotela jakinarazi du. “Hausnarketa horretan, gure lehentasunezko gizataldea gazteak eta nerabeak direla ondorioztatu dugu, eta horretara goaz”.Gainera, Banden Lehian “zeharka” lantzen zen teknologia, eta, orain, muinean jartzearen alde egin nahi dute. Hala, besteak beste, youtuber izateko ikastaroak antolatuko dituzte aurten.

Belatz, azken irabazlea, disko berriarekin

“Guk banden lehia lehenagotik ezagutzen genuen, baina ez genuen inoiz izan izena emateko asmorik”, hasi da azaltzen Asier Zabala, Belatz taldeko kidea. Lagunek, ordea, parte hartzera animatu zituzten: “‘Aizue, badago lehiaketa bat; zergatik ez zarete animatzen?’ Azkenean, aukera polita izan zitekeenez eta galtzeko ezer ez genuela ikusita, izena eman genuen”.

Erabaki eta asmatu; izan ere, Banden Lehian izena eman zuten talde guztien artean, gehien bozkaturiko lauren artean sailkatu eta finalera igarotzea lortu zuen Belatzek iaz. “Lehiaketan bertan jo genuenean, jada finala zen. Nerbioso geunden arren, topera eta kriston gogoarekin aritu ginen; guretzat, bertan egotea jada emaitza ona zen”. Bozen ostean, baina, Banden Lehiako hamargarren edizioko irabazle izan zen Belatz taldea, eta, baldintza profesionaletan disko bat grabatzeko aukera izateaz gain, BBK Live eta EH Sona jaialdietan jo dute.

“Oso pozgarria izan da bi jaialdi horietan aritzeko aukera izatea, baina, guretzat, bereziki diskoarena izan da onena”, aitortu du Zabalak. Aurrerapauso handia dela deritzo, eta aurrera egiteko laguntza benetan garrantzitsua: “Bagenuen maketa bat aterata, baina diskoak beste koska bat igotzeko aukera ematen digu, baita segurtasun gehigarria ere egiten dugun horretan”. Zabalaren ustez, halako lehiaketa bat irabazteak eta horrek dakarren sariak “bultzada” handia eman dio taldeari. “Honaino heldu gara; orduan, zegatik ez jarraitu aurrera?”.

Udan hasi ziren diskoa grabatzen, eta, Zabalak azaldu duenez, hilabete bat behar izan zuten Hotz egin duen arren izenpean kaleratu duten lana burutzeko. “Bilbon estudioan sartu, eta bertan eman genuen hilabete osoa, egunero-egunero, goizetik arratsaldera”. Ordu asko eta lan handia egin duten arren, Zabalak ez du dudarik: “Benetan emaitzak merezi izan du”. Nabarmendu duenez, emaitzarekin oso gustura geratu dira. “Aurrerapauso bat egon da beti, eta hori emaitza on baten mesedetan izan da”.

Eta diskoa aterata, orain “disfrutatzeko garaia” dela baieztatu du Zabalak. “Beste aldea dator orain, gozoagoa”. Izan ere, diskoa kalera aterata, sustatzen dabiltza egunotan. Horretaz gain, urritik abendura asteburuero kontzerturen bat dutela adierazi du. “Gure abestiak zuzenean eta agertoki gainean jotzeko garaia da”.

Diskoak emandako motibazioari esker, taldearekin aurrera jarraitu nahi dute, eta musikaren munduan bide bat egin. “Oso esperientzia ona izan da Banden Lehia, eta pena handia da desagertzea; egia esan, gurea bezalako taldeentzat oso aukera ona da”, ondorioztatu du Zabalak.

16-17 urterekin, Banden Lehiako irabazle

Beste era batera bizi izan zuten Banden Lehia Herri Oihua taldeko kideek 2012an. 16 eta 17 urte zituztela aurkeztu ziren lehiaketara. Gazteak izan arren, lehenengo diskoa kaleratuta zeukaten. Urte hartan, lehiaketa irabazi ostean, bigarrena kaleratu zuten, eta, gerora taldea desagertu den arren, lehiaketa mugarri bilakatu zitzaien partaideei.

Horietako bat da Iker Aginaga Revolta Permanent taldeko kidea. Iker Villa taldekidearekin batera aspaldi sortutako proiektua da Revolta Permanent, ibilbide luzekoa. 2012. urtearen bueltan, ordea, tarte baterako utzi eta, beste lagun batzuekin batera, Herri Oihua taldea osatzea erabaki zuten. “Institutuko lagunak ginen, Iker eta ni rap egiten ibiltzen ginen, baina abesti propioak egiteko grina piztu zitzaigun. 30 minutuko kontzertu bat emateko sortu genuen taldea, eta bi disko kaleratu genituen azkenean”.

Lehenengoa 2011. urtean kaleratu zuten, eta, hortik abiatuta, Banden Lehiara aurkeztea erabaki zuten. “Esperientzia oso polita izan zen, asko ikasi genuen; batez ere, diskoa grabatzen”. Saria irabazteak “konfiantza” eman ziela azaldu du, eta, oso gazteak zirenez, gainera, “egonkortasuna” eman ziola proiektuari.

Dena den, Aginagak nabarmendu du ibilbide guztitik gauza batekin geratzen dela: “Mundu hau gustuko duzun erabakitzeko, funtsezkoa izan zen”. Haren esanetan, benetan musikan aritu eta sortzen ibili nahi duzun erabakitzeko oso lagungarria izan zen lehiaketako ibilbidea: “Presioa, zuzenekoaz gozatu… Urteak pasatuta, hartutako erabakia da geratzen zaizuna”.