“Bizkaiko errepideen egoera nahiko ona da, balio egokiak dituzte”

“Bizkaiko errepideen egoera nahiko ona da, balio egokiak dituzte”

Lander Muñagorri Garmendia

Errepideak noiz eta nola hondatuko diren aurreikusi ahal izatea, horixe izan zen Heriberto Perez (Barakaldo, 1980) EHUko ingeniaritza ikerlariaren helburua. Horrek errepideak egokiago kudeatzea ekarriko baitu, eta, noiz hondatuko diren jakinda, noiz konpondu beharko diren aurrez jakin ahal izango da. Doktore tesia egin du gai horrekin, eta, hori aurkeztuta, metodologia Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utzi du ingeniariak, errepideen mantentze lanak egokiago bideratu ahal izateko. “Errepideak nola dauden ikusteko egiten dituzten azterketak utzi dizkit aldundiak; baina ez zuten aztertzen nolako bilakaera zegoen”. Errepidea gaizki noiz egongo den ere aurreikusiko dute hemendik aurrera, Perezek garatutako metodologiari esker.

Nola aurreikus daiteke errepide bat nola dagoen?

Bi indize erabiltzen dira horretarako. Batetik, IRI nazioarteko zimurtasun indizea dago, eta horrek esaten du nolako erregulartasuna duen zoruak. Plano lau eta perfektu bat izanez gero, balioa 0 izango litzateke. Normalean, errepide berri bat irekitzen denean, 2 inguruan ibiltzen dira, eta okerragotzen joaten da. Beraz, aurreikusten da zenbat ibilgailu pasatuko diren urtean, eta nolako materiala daukagun; horrela jakin daiteke zer bilakaera izango duen errepideak. Beste indizea labainketarekiko erresistentziarena da. Ibilgailu bat errepidetik doanean, irten ez dadin, marruskadura bat sortzen da, eta horrela mantentzen gara errepidean. Baina zenbat eta ibilgailu gehiago igaro, bidea orduan eta leunagoa da, eta handitu egiten da bidetik irteteko arriskua. Beraz, bi indize horiekin ikus daiteke zein eremutan dagoen hobeto errepidea.

Errepideak egokiago kudeatu ahal izango dira horrela?

Hori da asmoa. Ikusi behar da nola dauden, eta horren arabera egingo da zerbait; horrela, aldez aurretik jakin ahal izango dugu nola egongo diren errepideak. Horretarako, lehenbizi, jakin behar da zenbat ibilgailu pasatuko diren; zenbat eta gehiago igaro, orduan eta material hobeak jartzen baitira errepideetan. Alde horretatik, funtzionala izan behar du materialak; A-8tik goazenean, ez dira ur putzuak sortzen, ura sartzen baita bide zoruan dauden materialen artean. Harritxoen artean hutsuneak daude, ura sartzen da azpira, eta ez dago aqua planning egiteko arriskurik. Material horiek hobeak izaten dira, eta marruskadura handiagoa ematen digute.

Hori kontuan hartuta, beraz, aurreikus daiteke errepide batzuk lehenago honda daitezkeela?

Bai, nik garatutako modeloa labainketarekiko erresistentzia duen modeloa da, eta edozein errepidetarako balio du; zenbat ibilgailu igaroko diren aurreikusiz gero, horren arabera ikus daiteke zer balio izango duen. Errepide horrek duen erabileraren eraginez, zer bilakaera izango duen.

Testuinguru bera duen errepide batean, ordea, leku batean zuloak agertzen dira, eta beste batzuetan ez. Zergatik?

Hori jakingo bagenu! Hori bada arazo bat, eta, modeloak perfektuak ez diren arren, nahiko onak dira. IRI indizea 100 metrotik behin egiten da; beraz, tarte horretan, auto kopuru bera igarotzen da, material bera dauka, eta euri kantitate bera jasotzen du. Baina zuloak eremu batean sortzen dira, eta bestean ez. Hori ez dakigu zergatik; akaso, zerbait gaizki egingo zuten bere garaian, makinak ez zuen ondo zanpatuko, edo auskalo. Hainbeste faktore daude, ezin baita zehaztu. Hori da daukagun gauza txarra; nahiz eta material eta klima bera izan, errepidearen portaera nahiko aldakorra da.

Egindako ikerketaren ondoren, Bizkaiko errepideak nola daude?

Errepideen egoera nahiko ona da, ezin gara kexatu. Balio neurri egokiak daude Bizkaiko errepideetan. Adibidez, IRI indize horretan, balioa 3-4 artean ibiltzen da, asko jota, eta neurri egokia da.

Hemendik aurrera, errepideen mantentze lanak kudeatzen dituen departamentuak aurrez jakin ahalko du non egingo dituen lanak?

Bai, hori da asmoa, nik eman diet tesia eta azaldu diet modeloa.

Aurrekontuak optimizatu egingo dira era horretan?

Bai, aurreikusi ahalko da halako edo holako konponketak egin beharko direla. Errepideen balioak zein diren jakinik, jakingo dute urte bakoitzean zenbat errepide konpondu beharko dituzten.