Lander Muñagorri Garmendia
Hondakinen kudeaketa integral eta jasangarrien joera berriak aztertzeko bilgunea izan da aste honetan Bilbo. Gaiari buruz eztabaidatzeko nazioarteko ISWA kongresua egin da Euskalduna jauregian, astelehenean eta asteartean. 70 herrialdetako 1.200 adituk parte hartu dute jardunaldi horietan, eta, besteak beste, plastikoen hedatzeak zeresan handia hartu du. 250 hitzaldi eta mahai inguru egin dira, eta Bizkaiko hondakinen tratamenduari buruz ere hitz egin dute. Miguel Angel Gomez Garbikerreko teknikaria da, lurraldeko zaborren kudeaketaz arduratzen den erakundekoa, eta, eman zuen hitzaldian azaldu zuenez, Bizkaiko edukiontzi horietara botatzen diren hondakinen %22 ez dira birziklatzen.
Lurralde osoan zehar 6.500 edukiontzi hori daude, eta horietan, urtero, 18.100 tona hondakin botatzen dituzte bizkaitarrek. Baina Gomezek azaldu zuenez, bertara birziklatu ezin diren plastiko asko botatzen dituzte erabiltzaileek. Alegia, plastikoa duen guztia ez dela birziklagarria eta edukiontzira botatzen diren hondakinek borobilean dauden bi geziren irudia izan behar duela gogorarazi zuen. Birziklatzen ez den hondakinen %22 hori, beraz, Zabalgarbiko erraustegian erretzen dute.
Bizkaiko plastikoak tratatzeko zentroa Zornotzan dago. Gomezek azaldu zuenez, han jasotzen duten plastikoa zazpi sailetan bereizten dute. Mota ezberdinetako produktuak jasotzen dituzte, baina birziklatzeko zailenak direnak material konposatuak direla azaldu zuten kongresuan parte hartu zuten adituek.
Izan ere, plastikoarekin ez da beirarekin bezala gertatzen. Berreskuratzeko tarte handia duten produktuak izan ohi dira edukiontzi berdera botatzen diren hondakinak, baina plastikoetan kontrara da: hamaika koloreko produktuak baitaude, eta beste horrenbeste nahasketa mota egon ohi dira. Denak plastikozkoak. Horiek birziklatzea zailagoa izaten denez, kongresura bildu ziren adituek ekodiseinua gailendu dadila eskatu zuten. Hau da, produktuen diseinuetan ikuspegi ekologikoa gailentzea aldarrikatu zuten, plastikozko produktu guztiak birziklatzeko modukoak izan daitezen.
Eskaera zehatzak aldundiari
ISWA kongresua abiatu baino lehen, Euskalduna jauregiaren atarian agerraldia egin zuen Zero Zabor Bizkaian plataformak. Bizkaiko Foru Aldundiak barruan emango zituzten datuei beste ikuspegi bat eman nahi izan zioten horrela, “pertsona bakoitzeko 800 euroko izen ematea ordaindu beharrak” ez zielako aukerarik ematen kongresuan egoteko. Hondakinen kudeaketa ekonomia zirkularrean oinarritu beharko zela aldarrikatu zuten, eta aldundiak bide horretan ez duela askorik egiten salatu: “Hori hala balitz, biztanleriari baliabideak emango lizkioke gaikako hondakin organikoen bilketa hazteko, Zabalgarbi erraustegia ixteko planak edukiko lituzke, eta ez luke beste erraustegi proiekturik sustatuko”.
Gogora ekarri zuten, gainera, aurtengo martxoan Elena Unzueta ingurumen diputatuak egin zuen irakurketa, “Bizkaian hondakinekin arazorik ez dagoela” esan zuenean. Iaz, gaikako bilketaren birziklatze tasa %48,8 izan zela esan zuen orduan diputatuak, eta 2020. urterako Europako Batasunak ezarritako %50eko helburutik gertu zeudela aldarrikatu. Baina Zero Zabor Bizkaian plataformako kideek azaldu zutenez, ordea, datu horietan kontzeptuak nahastuta zeuden eta aldundiak ez du ematen “ikerketa zehatza egiteko baliagarri diren taularik”. Euren arabera, lurraldeko birziklatze tasa gertuago legoke %40tik aldundiak dioen %48,8tik baino.
Bizkaiko erakunde publikoetan kudeaketa eredu, teknika eta alternatiba berriak bilatu beharko lituzketela aldarrikatu zuten plataformatik, “benetan zero hondakinen belaunaldira” iritsi ahal izateko. Izan ere, azaldu zutenez, erraustea ez da ekonomia zirkularra, material organikoen bilketarako edukiontziek baliabideak behar dituzte, eta hondakinen inguruko zerga politika berri bat sortu behar da. “Gehiago ordaindu dezatela hondakin gehiago sortzen dutenek, argia, ura edo gas gehiago kontsumitzen dutenekin bezala”.