Bertako zaporeek erakarrita

Bertako zaporeek erakarrita

Natalia Salazar Orbe

Eskualdeko giroa suspertu eta herrietan gastronomia eta turismo eskaintza uztartzen dituzten ekoizleak zein ekintzaileak ezagutarazteko asmoz sortu zuten, duela zortzi urte Euskadi Gastronomikoa Produktu Kluba, Uriben. Hainbat herritako establezimendu, enpresa eta ekoizlek eman zuten izena. Uda giroa ahalik eta gehiena luzatze aldera, eta herritarrak leku horiek ezagutzera animatzeko asmoz, Urri Gastronomikoa jardunaldiak antolatu zituzten handik gutxira. Zazpigarrenak abiatu dituzte aurten, eta hil bukaerara bitarte jarduera eta aukera mordoa prestatu dituzte, batean eta bestean, Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkarteak bultzatuta.

Hainbat jatetxek eskaintzen dituzten otordu bereziak, bisitak, ekitaldi gastronomikoak, tailerrak, dastatzeak eta bestelako eskaintza zabala aurkituko dute urriko asteburuetan Uribeko herrietara biltzen direnek. 24 herrik osatzen dute eremua: Arrieta, Bakio, Barrika, Berango, Derio, Erandio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gorliz, Larrabetzu, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Plentzia, Sondika, Sopela, Urduliz eta Zamudio herriek.

Berritasunak

Aurten berritasunak dituztela iragarri du Jagoba Martinez Jata-Ondo Landa Garapenerako Elkarteko turismo teknikariak. “Berezia da, esaterako, Bogak eta Bask Selektek egin duten proposamena: garagardoaren eta txokolatearen arteko ezkontza”. Garagardo eta txokolate mota anitz dastatuko dituzte bisitariek. “Ni ez naiz oso jantzia horretan, baina baten mingostasuna bestearen gozoarekin uztartuta sentsazio berezia sortuko da. Txokolatea jan ostean, garagardo bera desberdin sumatzen da. Zentzumenak apur bat kamuflatzen dira txokolatearen zaporearekin. Era horretako gauza bitxiak egiten dituzte”.

Berritasun gehiago ere izango da. Leioako Mendibile jauregia oraintsu sartu da klubean, eta haiek ere ateak zabalduko dituzte datozen egunetan. “Txakolinari buruzko erakusketa bat eta herri kirolei buruzko beste bat dauzkate. Bizkaiko Txakolinaren jatorrizko izendapenaren egoitza dela esan dezakegu”.

Bertako zaporeak aurkituko dituzte bisitariek. Horietako asko, lurrari eta bertako eremuari lotuak. Bakioko turismo bulegoak Ekorlegi Elikadura Kooperatibara eskainiko duen bisita da horietako adibide bat. Aza, azalorea, kalabaza, porruak, tomatea eta bertako lurretan ohikoak diren bestelako barazkiez gain, landaketa bitxiagoak ere aurki daitezke kooperatibaren soroetan. Besteak beste, Txinako aza, lore elektrikoa eta beste hainbat. Landaketa guztietan lurrarekiko errespetuzko teknika tradizionalak erabiltzen dituztela diote bertako kideek. Gainera, lanketa agroekologikoak zoruaren emankortasuna eta jasangarritasuna bermatzen dituela azaldu dute.

Jardunaldiek orain arte egindako ibilbidearekin pozik azaldu da Martinez. “Batez ere, tailerrek, dastatzeek eta antzekoek arrakasta handiagoa izaten dute”. Jatetxeek urrian prezio berezian eskaintzen dituzten menuak ere aukera ona direla uste du.

Elkarteak berak antolatu ez arren, egitarauaren barruan sartu dituzte urrian eskualdean hain ohikoak diren azokak ere. Datozen asteetan denetariko azoka enogastronomikoak izango dira aukeran: Mungiko Abeltzaintza Azoka, Sondikako Enologia Eguna, Derioko eta Gorlizko azoka mikologikoak, Larrabetzuko Nekazaritza Azoka, Loiuko Gastronomia eta Eskulangintza Azoka, eta Gorlizko Garagardo Artisau Azoka.