“Baliabideak osatuko dira Busturialdean, eskaria bermatzeko”

“Baliabideak osatuko dira Busturialdean, eskaria bermatzeko”

Ibai Maruri Bilbao

Iazko abuztuan iritsi zen Kepa Odriozola —Bilboko Hirigintza zinegotziaren albokoa— (Bilbo, 1962) Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko presidentetzara, ordura arte karguan egondako Ricardo Barkalak Bilboko Portu Agintaritzaren ardura hartu baitzuen. Irailaren 13an berriro hautatu zuten, lau urterako. Idatziz erantzun ditu Bizkaiko Hitza-ren galderak.

Pasatutako agintaldiaren zer balantze egiten duzu?

Duela urtebete karguaz jabetu nintzenean, martxan zegoen tren batera igo nintzela esan nuen. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa ez da gelditzen. Urtean, 70 milioi eurotik gorako inbertsioa egiten du saneamendu eta hornidura azpiegituretan. Azken lau urteotan, azpiegitura oso garrantzitsuak jarri ditugu martxan, besteak beste, Undurragako bypass-a. Horrez gain, Enkarterriko hornidura arteriarik handienaren lehenengo fasea amaitu dugu; Bilbo Handiaren hornidura bermea hobetzea ahalbidetuko du. Gainera, hainbat herrigunetan araztegiak jarri ditugu —esaterako, Sopuertan eta Aulestin—; ibai buruak berreskuratzeko funtsezkoak dira.

Uztailetik Udal Sareak sozietateak eskaintzen zituen zerbitzu guztiak partzuergoak berak eskaintzen ditu. Zergatik?

Udal Sareak 2000. urtean sortu zen, nagusiki, amaierako erabiltzaileen tasak fakturatu ahal izateko, saneamendu tasaren kontzeptua BEZaren menpe ez egoteak zekarren kostu arazoari irtenbide bat emateko asmoarekin. 2018ko abenduaren 26an, ordea, Bizkaiko Foru Ogasunak kontzeptu hori BEZaren menpe egon behar dela xedatu zuen. Urtarrilaz geroztik, partzuergoak fakturatzen du zerbitzua zuzenean. Beste arloari dagokionez, hau da, bigarren mailako hornidura sarea kudeatzeari, mantentzeari, ustiatzeari eta birjartzeari dagokionez, lehen, 47 udalerriri zerbitzu ematen genien, eta, orain, 71ri; hau da, lehen, 1.600 kilometroko sare bat kudeatzen genuen, eta, orain, 2.974 kilometroko sarea. Horrek lan bolumena nabarmen areagotu du, lantaldea egokitzeko aukerarik izan gabe. Lan kargaren gehikuntza horri erantzuteko modu bakarra eginkizun horiek denak partzuergoan sartzea zen, eta baliabide finantzario nahiz giza baliabide handiagoak dituen erakunde batek eskaintzen dituen sinergiak aprobetxatzea.

Zeintzuk dira datozen lau urteetarako erronkak?

Urari buruz ari garenean, ezin gara lau urteko aldiez mintzatu. Ur azpiegiturak oso garestiak dira, inbertsio handiak behar izaten dituzte, eta, horiek eraikitzeko, lau urte baino gehiago behar izaten dira. Gaur egun lanean ari direnek beharbada ikusiko ez dituzten gauza batzuk planifikatzen ari gara. Horri guztiari, gainera, klima aldaketa gehitu behar diogu; ura kudeatzeko lanetan aldagai berriak kontuan hartzera behartzen gaitu. Halaber, etorkizuneko euri erregimena edozein izanik ere, herritarrei ur hornidura bermatzeko gai izan behar dugu. Ildo horretatik, aparteko baliabideak eskuragarri izateko lanean dihardugu: esaterako, Ibaizabaleko ura hartuko dugu, behar izanez gero, hornidura bermea bikoizteko. Saneamenduari dagokionez, araztutako uren gaineko exijentziak gero eta zorrotzagoak izango dira, eta hondakin uretan agertzen ari diren kutsatzaile berriei aurre egiteko konponbide berriak bilatzen jarraitu beharko dugu —esaterako, mikroplastikoak, sendagaiak, drogak eta abar—.

Busturialdeko Partzuergoa Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartuko da? Eskualdeko baliabideak erabiltzeari utziko dioten kezka agertu dute hainbatek.

Busturialdeko Partzuergoak gurean sartzeko eskaera bat egin du, baina oraindik azterlanak eta aurretiazko lanak egiten ari gara. Gure lehentasuna udalerri horien ur hornidura urte osoan zehar bermatzea da. Hori guztia, ibaien emari ekologikoak errespetatuz egingo da; gaur egun ez da hala. Horrek ez du esan nahi bertako baliabideak erabiliko ez ditugunik; aitzitik, baliabide horiek osatu egin beharko dira eskaria urte osoan bermatzeko. Gure ateak zabalik daude partzuergoan sartzea erabakitzen dutenentzat. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak ez ditu lurraldeak kolonizatzen. Erakundeen arteko lankidetzaren bidetik, laguntza eta irtenbideak eskaintzen saiatzen gara.

Ura izango da klima aldaketak arriskuan jarriko duen natur baliabideetako bat.

Bi norabidetan joan beharko dugu. Batetik, baliabidea babestea, hau da, gure akuiferoak zaintzea, edaten dugun uraren jatorrizko kalitatea zaintzea, baina baita ur araztuek jasotzen dituzten ur masak zaintzea ere, iraunkortasunaren berme gisa. Bestalde, baliabidea urritu arren baliabideak beste bide batetik lortzeko gure esku dagoen guztia egiten ari gara: herritarrei hornidura berme bikoitza emango dieten azpiegiturak izatea, edozein egoeratan hornidura ziurtatze aldera.

Uraren faktura garestia da.

Beste hornigai batzuk baino dezente merkeagoa da. Hornitutako eta, ondoren, araztutako 1.000 litro ur taberna batean freskagarri bat erostea bezain beste kostatzen zaigu. Estatuko errentarik handienetakoa dugu, eta hornidura eta saneamendu zerbitzuaren kostua familia errentaren %0,60 da. Halere, uraren prezioa nabarmen hazi beharko da. Europako eta EAEko araudiak eskatzen du fakturan islatura egon behar direla zerbitzuaren kalitatea bermatzeko hartu behar diren kostuak, ingurumen eta inbertsio kostuak barne, eta orain ez da horrela.