Senegalen zati bat Lekeition

Senegalen zati bat Lekeition

June Prieto

Lekeition nazionalitate askotako herritarrak daude, baina senegaldarrek indar berezia daukate. Udalaren datuen arabera, 2003an heldu zen lehenengo senegaldarra herrira, eta egun 75 pertsona bizi dira senegaldar nazionalitatekoak. Horiek guztiek ASL Lekeitioko Senegaldar Elkartea sortu zuten 2013an; hasieratik eta gaur egun arte, Ibrahima Seck izan da burua.

Bizkaiko kostaldeko hiribildu horretan bizi ziren senegaldarrek jai bat antolatzerakoan ikusi zuten elkartearen beharra. Helburu nagusia beraien kultura herrian ezagutaraztea zen, baina, geroago, hauteman dute beste behar batzuk ere asetzen dituela. “Hasieran, gauzak banaka egiten genituen, baina laster konturatu ginen taldeka dena errazagoa zela”, gogoratu du Seckek elkartearen hastapenaz hitz egiterakoan.

Elkartearen bitartez, gizartean onarpen zabalagoa lortu dute, beste elkarte batzuekin harremanetan jartzeko orduan batez ere. Ekintza bat antolatzean, erreferentzia bihurtu dira; adibidez, Euskaraldian, Ibilaldian eta iazko Eskola Publikoaren Jaian. Horrela lortzen dute beste helburuetariko bat: herrian integratzea, euskal kultura eta hizkuntza ezagututa.

Senegaldar kultura herrian zabaltzearekin batera, elkartea babes sare bat ere bada. “Elkar laguntzeko indarra daukagu; ahal duguna egiten dugu horretarako”. Elkarteak senegaldarren batura bat irudikatzen du; talde moduan, ohitura eta problema berak dituzte. Etxebizitza lortzea da arazorik ohikoena, baita lana topatzea ere. Horregatik, halakoak gertatzen direnean presaz elkartzen direla azaldu du Seckek. “Oraindik ez dugu nahi bezainbeste gauza egiten, baina hobetuz goaz pixkanaka”. Horretaz gain, udalean baimenak eta diru laguntzak eskatzeko orduan, zilegitasun handiagoa daukate elkartea sortu zutenetik.

Elkarteko kideen artean profil oso ezberdinak daude. Ezaugarri ezberdinak dituzte: hegazkinean lan baten bila etorri direnak, errefuxiatu moduan beren herrialdeko bortizkeriatik ihesi etorri direnak… Lekeition jaiotako ume batzuk ere elkarteko kide egin dituzte. Erroak Senegalen dituztenez, haien arbasoen kultura ezagutzeko aukera ikusten dute elkartearen barruan. Hurrengo urteetan gehiago izatea espero dute, ume horiek nondik datozen ikas dezaten. Elkarteko kideak txartel batekin identifikatzen dira, elkarteak hartzen dituen erabaki garrantzitsuenetan botoa ematerakoan kontaketa bat egin ahal izateko. Hiru hilabetetik behin batzen dira ASLko burubatzarrak elkarteko kideei berriak emateko: diru kontuak, egin dituzten ekitaldien balorazioak eta ideia berriak jorratzen dituzte bertan.

Senegaldarren Jaia

Urteroko ekitaldi nagusia izaten da Senegaldarren Jaia, San Antolin festetako aurreko asteburuan. Haientzat ez ezik, herriko gainerako jendearentzat ere egutegian seinalatutako egun bat bihurtu da. Aurten, iaz egin bezala, bostehun lagun baino gehiago batu dira udaletxe aurreko plazan egiten duten herri bazkarian. Antolatu zuten lehenengo urteetan, bazkaria zen garrantzitsuena, baina azkenengo urteetan egun osoko egitaraua betetzea lortu dute.

09:00etatik hasita, kultur ekintzak antolatu dituzte aurten ere. Senegaldarren Jaia deitzen den arren, ahalegin handia egin dute eskualdean bizi diren atzerritarrak bertaratzeko. Aniztasuna izaten da nagusi egun horietan. Markina-Xemeindik, Berriatutik eta inguruko zenbait herritatik joaten dira senegaldar jatorrikoak zein beste toki batzuetakoak. Lea-Artibai osoan antolatuta daude beste senegaldar elkarteen bitartez. Horregatik, eskualdean antolatzen dituzten ekintza eta deialdi gehienak arrakastatsuak izaten dira.

Azken urtean, senegaldar erako borroka librea izan da elkarteak martxan jarri duen egitasmo berri handiena. Eskualdeko hamar gazte ibiltzen dira erakustaldiak egiten, hau da, Senegalgo kirol nazionala erakusten. Borroka mota horrek laamb izena du wolof hizkuntzan. Ohikoagoa da Senegalen, baina Gambian ere jokatzen da. Afrikako mendebaldean erabiltzen den borroka mota baten antzekoa da laamb delako hori.

Harro daude daukaten kulturaz eta jatorriaz; horregatik, harremanak egiteko orduan baliagarri gisa erabiltzen dute. Gertutasunez eta errespetuz.