Nerea Bedialauneta Alkorta
Arrantza sektorean emakumeek egin duten lanak presentzia berezia eduki du Ondarroakoaren moduko portuetan, baina horiek egindako lana ezezaguna da askorentzat. Itsas lanbideak balioesten eta aitortzen laguntzeko eta euren lanaren egunerokoaren errealitatea ikusgarri egin eta ezagutarazteko helburuagaz, Ondarroako portuan zehar bisita gidatuak eskaintzen hasi berri dira Amaia Diz eta Isaura Piñeiro enpakatzaile ondarroarrak. Kresaltartin turismo neskatillak deitu diote beren bizipenak oinarri dituen esperientzia horri. Enpakatzaileen lana zein den ezagutzera emateaz gain, portuko funtzionamenduaren eta beste hainbat lanbideren berri ere ematen dute.
Esperientzia Ondarroan ez eze, Bermeon ere hasi dira eskaintzen; Ondarroako enpakatzaileen elkartea eta Bermeoko neskatilen elkartea elkarlanean. Eraberritu egin behar zirela ohartarazi zieten Itsasoko Emakume Langileen Euskadiko Federazioan egiten dituzten topaketetan. Udan ontziak gelditu eta lan handirik ez dela egoten ikusita, Diz eta Piñeiro bisita gidatuak eskaintzera animatu ziren. “Dibertsifikatzeko gomendatzen digute topaketetan. Jaurlaritzaren bitartez, bisita gidatuak eskaintzeko ikastaro bat egiteko aukera eskaini ziguten”.
Bisita gidatuak ordu eta erdi inguru irauten du. Itsasaurren hasten dute, Calatravak egindako zubiaren parean. “Hemendik, portuko eta inguruko hainbat toki esanguratsu ikus daitezke: ontzitegia, portuan lotuta dauden edo porturatzen ari diren ontziak, Saturrarango harkaitzak… Horiei buruzko hainbat gorabeheraren berri emanez hasten gara”.
Calatravaren zubitik portura bidean jarraitzen dute bisita, eta lehen geldialdia Kalare Deuna kofradian egiten dute. Ondarroan arrain erosle asko dago, eta, une horretan benta baldin badago, hango giroa ikusteko aukera aparta izango dute bisitariek. Bestelakoan, bentaren xarma simulazio baten bidez bizitzeko aukera izango dute. Kofradian, gainera, enpakatzaileek arrasteko arraina zelan deskargatzen duten azaltzen diete bisitariei. Enpakatzaileek funtsezko lana egiten dute sektorearen funtzionamenduan eta antolaketan. “Kanpotik datorrenak pentsatzen du arraina ontzitik mahaira doala zuzenean, baina tartean prozesu bat dago. Gure lanak kate luze horren lehen katebegia osatzen du”.
Gaueko lana
Enpakatzaileen lana arraina arrasteko ontzietatik armadorearen lonjara sartzen denean hasten da. Arrain kaxak pisatu, sailkatu eta antolatzean datza haien lana, enkantera atera baino lehen. Gauez egiten dute lan, goizean goiz erosleentzat arraina prest edukitzeko. “Orain lehen baino goizago ibiltzen gara. Domeka eguerdietan eta arratsaldeetan ere egiten ditugu deskargak. Baina garai batean dena zen gauez”.
Deskarga hasi aurretik, izotzetara joan behar izaten dute. Eta, bien bitartean, arrain kaxa bakoitzari izotzaren azpian ipiniko dioten plastikoak soltatuz joaten dira. Sasoi batean arrain kaxak ere pisatu egin behar izaten zituztela gogorarazi dute. “Kaxak egurrezkoak ziren, eta banan-banan pisatu behar izaten genituen, gero arrainaren pisuari deskontatzeko. Orain ez dugu lan hori egin beharrik; plastikozko kaxek pisu bera dute eta. Hori bai, plastikozko kaxak deserosoak dira lanerako. Egurrezko kaxek belarriak zeuzkaten; heltzeko errazagoak ziren. Alde horretatik, plastikozko kaxak deserosoagoak dira”.
Lonjan sartzen diren arrain kaxei izotza kendu, eta pisatu ondoren, berriro izotz berria ipintzen diete. Jarraian, arrain motaren eta horien pisuaren arabera, kaxak multzo batean edo bestean sailkatuz joaten dira. Batez ere, zapoa eta legatza sailkatzen dituzte, eta, urteko beste sasoi batzuetan, baita txipiroiak, barbarinak, mihi-arrainak eta abar ere. Gau bakar batean, batez beste, 4.000 kaxa txikirekin eta 300 kaxa handirekin lan egin behar izaten dute.
Azpimarratu dutenez, kaxa txikietako arraina sailkatuta etortzen da itsasotik, baina handietakoa erabat nahastuta etortzen da. “Zapoa eta legatza, esaterako, oso nahastuta etortzen dira, eta dena sailkatu behar izaten dugu. Sarean arrain guztia nahastuta etortzen da. Itsasontzietan, arrantzaleek ez dute leku handirik, ezta asti askorik ere arrain sailkatzen hasteko”.
Enpakatzaileek funtsezko izaten jarraitzen dute portuko lanean, baina euren etorkizuna kolokan dagoela diote, sektorearen gainbeheragatik. Herrian gero eta arrasteko ontzi gutxiago dago, eta hori lan kargan nabarmen igarri dute. “Lehen, egunero jaisten ginen lanera, eta gau osoan jo eta su ibiltzen ginen. Sasoi batetik hona, lana tamainan dago. Asko jota, astean bi edo hiru aldiz jaisten gara lanera. Astean lau deskarga eginda ezin zara bizi. Autonomoen kuota berdin ordaindu behar dugu”. Belaunaldi aldaketa egiteko ere inor gutxi dagoela esan dute. Zailtasunak zailtasun, gustuko dute lana.
Beste lanbideak
Beren lana arrasteko ontziekin lotuta badago ere, baxurako arrantza zertan datzan ere azaltzen diete bisitariei. “Bisita egiten ari garenean ontziak porturatu berri baldin badaude, arraina zelan lehorreratzen duten erakusten diegu, zer saregaz arrantzatzen duten…”. Saregileek teknika tradizionalak erabilita sareak nola josten eta konpontzen dituzten ikusteko aukera ere egoten da. Ondarroan neskatilaren figura desagertuta badago ere, lan hori zertan datzan ere azaltzen dute.
Herrian hain adierazgarria den turrunaren esanahia zein den ere azaltzen dute. Turrun edo sirena hots bat bada, atunarekin datoz arrantzaleak. Bitan jotzen badute, txitxarroa edo berdela dator, eta, hiru turrun hotsekin, antxoa sartuko da. Gehiago joz gero, sua edo ezbeharren bat gertatu da.
Bisitan, gainera, Egidazu kai sarreran dagoen biribilgunean Carlos Solano artista nafarrak itsasoko emakumeen lanbideen omenez egindako eskultura multzoaren berri ere ematen diete bisitariei; neskatila bat, enpakatzaile bat eta sare konpontzaile bat ageri dira.
Portuko kontuak amaitu ostean, Alamedara hurbiltzen dira, eta, handik, plaiko zubia izeneko hondartzako zubia ikustera abiatzen dira. Ondoren, Alde Zaharrera bidean, besteak beste, Leokadiren kondaira eta herriko historiaren pasadizorik ezagunenak ere kontatzen dizkiete bisitariei. Bisita Kofradia Zaharraren parean amaitzen dute, jatorrizko portua zegoen tokian.
Bisita gidatua egiteko interesa dutenek Ondarroako turismo bulegora jo behar dute. “Facebook eta Instagramen ere zabalduta daukagu Kresaltartin turismo neskatillak orrialdea, eta nahi duenak bide horretatik ere eskaera egiteko aukera du”. Bisitak lau euroko kostua du, eta zortzi euroren truke pintxoak dastatzeko aukera ere eskaintzen dute. Ikasleentzat ere esperientzia ederra izan daitekeela uste dute; bi euroko kostua du umeentzat. “Gaztetxoentzat, bestelako istorioak ere baditugu kontatzeko”.
Ilusio handiagaz hasi dute esperientzia berria Ondarroan, eta urteko edozein sasoitan bisita gidatuak eskaintzeko prest daudela iragarri dute. Gutxieneko taldeak hamar lagunekoa izan behar du. “Eguen, bariku eta zapatu goiz-eguerdietan ditugu bisita gidatuak egiteko egunak, baina guri berdin digu. Taldeen nahira egokitzeko prest gaude”.