Hartu eta ibiltzeko prest

Hartu eta ibiltzeko prest

Natalia Salazar Orbe

Euskooters aplikazioa jaitsi. Bertan izena eta datuak eman. Kreditu txartelaren zenbakia sartu. Patinete bat aurkitu. QR kodea eskaneatu, eta martxan hasteko prest. Gainerako lekuetan bezala modan jartzen ari den ibilgailuaren arrakastari erreparatuta, herrian zehar beste era batera mugitzeko bidea abiatu dute Getxon. Patinete elektrikoen partekatutako alokairu sistema jarri dute martxan, Euskooters enpresaren eskutik.

Getxoko Udalak uste du patinete elektrikoek beste ibilgailuek baino bizikidetza hobea bermatzen dutela oinezkoekiko. Hori dela eta, lau hilabeterako esperientzia pilotua abiatu zuten joan den hilean. Enpresari gune publikoa erabiltzeko baimena eman dio udalak, aldi baterako, eta beharrezko baliabideak eskaini dizkio. Ez dute ibilgailuon erabilera arautzen duen ordenantzarik, baina betebehar batzuk ezarri dizkiote enpresa sustatzaileari. Euskootersek lau hilabetez patinete elektrikoak eskainiko ditu alokatzeko, Getxon mugikortasun jasangarria bultzatu eta turismoari beste eskaintza bat zabaltze aldera.

Bi helburu horiek finkatu ditu enpresak. Kike Sampedro komunikazio arduradunak eman ditu azalpenak: “Mugikortasuna errazteko zerbitzua eskaintzea da lehentasuna. Hori da ardatza: lekuetara modu dibertigarrian, eroso eta erraz iritsi ahal izatea bermatu nahi dugu. Bestalde, Getxon interesa duten lekuak patinetea baliatuta ezagutzeko aukera ere eskaini nahi dugu”. Aplikazioan jaso dute, besteak beste, Bizkaia zubia. “Lekuoi buruzko informazioa jaso dugu. Turistak batetik bestera mugi daitezke, eta ibilbidea patinetean egin”.

Nabigazio sistema ere barneratu dute aplikazioan bertan, “jendeak nondik ibil daitekeen jakin dezan. Sistemak algoritmoak dauzka, nondik joan zaitezkeen eta nondik ez jakiteko. Bidegorria markatuko dizu beti”.

Aplikazioa da giltzarria. “Patinetea desblokeatzeko giltza da, eta berak jakinarazten dio erabiltzaileari zenbat denbora geratzen zaion ibilbidean jarraitzeko. Sartu duzun diruaren arabera, kalkulatu egiten du zenbat denbora geratzen zaizun, eta atzerako kontua egiten du, sakelakoari begiratuta erabiltzaileak kalkuluak egin ahal izan ditzan”. Eskulekuan bertan dute telefonoa jartzeko lekua patineteek. Desblokeatzea 0,95 euro ordaindu behar da, eta ondorengo minutu bakoitza, 15 zentimo.

Erabiltzaileak argi izango du patineteak non aurki ditzakeen ere. Geolokalizatzaileak dituzte, eta aplikazioko mapan ikus daitezke. Portu Zaharra, kostaldeko bide guztia, Bizkaia zubia, Areetako erdigunea, Gobela eta bidegorritik Fadurara arte. Horixe da, oraingoz, egin daitekeen ibilbidea. Aurrera begira Galeara arte zabaldu nahiko lukete zerbitzua. “Bidegorria dago haraino, eta zerbitzu hau baliagarria litzateke eremu hartan, ez baitago autobusik edo bestelako zerbitzurik”.

10:30etik 21:00etara bitarte daude eskuragarri patineteak, astelehenetik igandera. Patineteak behar bezala daudela bermatzeko eta jaso eta kargatzeko, langileak dabiltza kalean. Oraingoz isunik ez dute jartzen, “baina aurreikusita dauzkagu; batez ere, norbaitek patineteak egokitutako lekuetatik kanpo uzten baditu”.

Lehenengo hilabetea bete du proiektuak, eta sustatzaileak “poz-pozik” daude. “Erabiltzaileei asko gustatu zaie, eskertu egiten dute, eta beste leku batzuetarako ere eskatu dute. Guretzat hori da garrantzitsuena”.

Arau gutxi batzuk bete behar dituzte patineteen erabiltzaileek Getxon, han ere ez baitute araudi zehatzik ibilgailu horretarako. “Bidegorritik ibili behar dute, edo orduko 30 kilometroko muga duten errepideetatik. Inoiz ez espaloitik. Ezta orduko 50 kilometroko abiadura muga duten bideetatik ere”. Trafiko zuzendaritzak osatuko duen araudiak jasoko dituen arauak direla iragarri du. “Aurreratu egin gara, bai baitakigu hainbat lekutan era horretan funtzionatzen duela, eta DGTk irizpide hori emango du”.

Bilbokoak dira Euskooters egitasmoa martxan jarri duten hiru gazteak. Eta bertan abiatu nahi zuten euren ibilbidea. Ezinezkoa izan zaie, ordea. “Bilbo Bilbo da, eta ez da erraza. Nahiko genuke han ere sartu ahal izatea”, esan du Sampedrok.

Bizkaiko hiriburuan patinete elektrikoentzako araudia lantzen egotea “seinale ona” dela deritzo. “Baina gauza bat da patinete elektrikoen erabilera arautzeko araudia egitea, eta beste bat, partekatutako patinete elektrikoen enpresei ateak zabaltzea”. Getxon lau hilabeterako baimena daukate. “Udalak esango du. Ikusiko da lehiaketa publikoa egingo duten ala ez —printzipioz, egin beharko lukete—, edo baliteke zuzenean patineteen zerbitzu hau Getxoko kaleetatik desagertzea ere”.

Udaletako araudiek ezartzen dituzten betebeharrek ere baldintza dezakete era horretako zerbitzua. “Iruñean, esaterako, kaskoa eraman behar dute patineteen erabiltzaileek. Betebehar hori ezartzen badute, patinete elektrikoen alokairua eskaintzen duen enpresa batentzat zaila da. Non jarri kaskoa?”. Oraingoz, beraz, ez dakite proiektuak beste biderik izango duen.