Estreinakoz ari dira Medikuntzako ikasleak praktikak euskaraz egiten

Estreinakoz ari dira Medikuntzako ikasleak praktikak euskaraz egiten

Peru Azpillaga Diez

“EHUko ikasleak garen heinean eta euskaraz matrikulatuta gauden heinean, nik uste dut gure eskubidea izan beharko litzatekeela praktikak euskaraz egitea”. Izan ere, urteak badira ere Euskal Herriko Unibertsitateak Medikuntzako gradua euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duela, aurten abiatu du lehenbizikoz seigarren mailako ikasleek praktikak euskaraz egin ahal izateko aukera. Hori dela eta, erabakiarekin pozik agertu arren, Medikuntzako graduan zehar euskarari emandako trataera ezbaian jarri du Uxue Gandariasbeitia Medikuntzako praktiketako seigarren mailako ikasleak. Bilbotarra da.

Bera da, bere mailako beste zazpi ikaslerekin batera, praktikak euskaraz egiten ari diren lehen ikasle horietako bat. EHUren eta Galdakao-Usansoloko ospitalearen arteko akordio bati esker dago lehenbizikoz zerbitzu mediko-kirurgikoan zein lehen mailako arretako unitatetan praktikak egiteko aukera. “Euskaraz ikasteko gure eskubidea kendu izan digutelako hautatu dugu Galdakao-Usansoloko ospitalea; ez distantziagatik edota bestelako arrazoiren batengatik”, nabarmendu du Gandariasbeitiak. Horregatik, hasieratik argi izan dute ezin zutela aukera hori alde batera utzi: “Ikasleek euskaraz ikasteko gogoa eta beharra dugula erakutsi dugu, Galdakao-Usansolora joatea esfortzu gehigarri bat izan den arren”.

Oraingoz, hilabete baino ez daramate ospitalean lanean. Egitasmoa “ontzat” jotzen duen arren, Gandariasbeitiak argi du oraindik ere badela lan asko egiteko. “Harrera oso ona izan da; gu pozik gaude, baina oraindik goiz da balorazioak egiteko eta euskara soilean ikasteko xedea betetzen den esateko”.

Horrekin batera, Galdakao-Usansoloko ospitaleak praktikak eskaintzen dituen lehen aldia dela ere gogoratu du. Dena den, Gandariasbeitiak argi adierazi du borondate ona dagoen bitartean, esperientzia falta ez dela inondik inora oztopo izango. “Ikusi egiten da esperientzia falta dagoela; horregatik ari gara soilik zortzi ikasle, froga modura; dena den, borondatea egonik ez dute uste arazorik egongo denik”. Proiektu esperimentala da, beraz, eta irakasle izan nahi duten medikuek lan karga handia ez izateko dago zortzi ikasleri murriztua.

Aldi berean, euskarak presentzia handia duen eskualde batean dagoelako hautatu dute Galdakao-Usansoloko ospitalea. “Esaten dutena da eremu euskaldunago bat izanik bermatu egingo dela pazienteek euskaraz artatuak izan nahiko dutela”, azaldu du Gandariasbeitiak. Hala ere, zalantzakor ere mintzatu da: “Basurton eta Gurutzetan, esaterako, badira euskaraz artatuak izan nahi duten pazienteak, bai eta praktikak euskaraz egin nahi dituzten ikasleak ere; haiei, ordea, ez zaie aukera hori eskaintzen”. Hori dela eta, pazienteek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea ere maiz ez dela betetzen ohartarazi du.

Euskara bigarren mailan

Euskal Herriko Unibertsitatean aspalditik eskaintzen da Medikuntza euskaraz ikasteko aukera, baina aurtengo seigarren mailako zortzi ikasle izango dira praktikak ere hizkuntza horretan egiteko aukera izango dute lehendabizikoak. Horren arrazoia, nahiko argi du Gandariasbeitiak: “Zergatik ez den lehenago aukera hori eskaini? Bada, nik uste borondate edo interes faltagatik izan dela”. Hori dela eta, euskarazko irakasleen jarrera goretsi du: “Irakasleek sekulako borondate ona erakutsi dute”. Izan ere, Gandariasbeitiaren esanetan, euskarazko irakasleek egoera hobetzeko jarrerarekin dihardute. “Lan handia hartzen dute: apenas dagoen bibliografiarik euskaraz, eta, gainera, askotan, eurak dira gaitegi guztia euskarara itzultzen dutenak”, nabarmendu du.

Horregatik kexu da Medikuntzako graduan euskara bigarren mailan geratzen delako, eta, azkenean, hizkuntza hori hautatzen duten ikasleek esfortzu “gehigarri” bat egin behar dutelako. “Laugarren mailara heltzean hasten dira, batik bat, gauzak okertzen: gero eta euskarazko ikasgai gutxiago daude aukeran, eta horietako batzuetan, gainera, gaitegi erdia gazteleraz dago”. Hori dela eta, Gandariasbeitiak nabarmendu du ez dela erabaki erraza Medikuntzan euskaraz matrikulatzea, horrek “erronka edo zailtasun” gehiago dakartzalako beti. Hala ere, pausoak “bide egokian” ematen ari dela deritzo.