Espaloitik kanpo bidaliko dute

Espaloitik kanpo bidaliko dute

Natalia Salazar Orbe

Gero eta gehiago ikusten dira patinete elektrikoaren gainean jarrita Bilboko kaleak zeharkatzen dituzten erabiltzaileak. Espaloitik, bidegorritik eta errepideetatik ari dira, zer leku dagokien batere argi izan gabe. Berehala bukatuko dira zalantza horiek. Bilboko Udala era horretako ibilgailuak arautzeko instrukzioa osatzen ari da. Datozen egunetan sartuko da indarrean; urriko lehenengo hamabostaldian prest egotea nahi dute. Jakin beharreko garrantzitsuena zer den argitu dute: espaloietatik kanpo ibili beharko dute patineteek.

Mugikortasun ordenantza osatu aurretik hasi dute instrukzioa. Hala azaldu du Raquel Salcedo teknikariak: “Ordenantza egiteko prozesua luzea da. Instrukzioaren bidez, ikusiko dugu zein diren erabakien alde on eta txarrak eta egin beharreko aldaketak”.

Funtsean, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak ezarritako irizpideei jarraitu die udalak araudia mamitzeko. Patinete elektrikoak sailkatu dituzte har dezaketen abiaduraren eta duten masaren arabera. A motakoek orduko 20 kilometro har dezakete, eta 25 kilo baino gutxiago dituzte. B motakoak, orduko 30 kilometroan ibil daitezke gehienez, eta 50 kilo baino gutxiagokoak dira. Lehenengoei bidegorritik ibiltzeko aukera emango diete. Bigarrenek, berriz, orduko 30 kilometroko abiadura muga duten bideak erabili beharko dituzte. “50eko muga duen biderik ezingo dute erabili, euren segurtasuna bermatzeko”.

Lehentasuna oinezkoari eman nahi diote. Hala azpimarratu du Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak: “Herritarren %64 oinez mugitzen dira. Hori da Bilboren bitxi nagusia. %24k garraio publikoa erabiltzen dute, eta soilik %11k ibilgailu pribatua”. Hiri barruko bide gehienek abiadura muga jaitsita daukatela gogorarazi du: “Bideen %87tan orduko 30 kilometroko abiadura muga ezarrita dago. Beraz, badago gutxi gorabeherako ibilbide logiko bat patinetean ibili nahi duenarentzat”.

Biziz Bizi elkartearen ustez, neurri gehiago behar dira ibilgailuok kaleetan arriskurik gabe ibiltzeko. Javi Umaran bertako kidea da: “Errepidea ez dago egokituta era horretako ibilgailuentzat. Arriskutsua da, azkar samar doazelako. Bestalde, gurpil oso txikiak izanik, baliteke zerbaitekin estropezu egin eta istripu bat izatea”. Estolda bat edo bideko zulo bat aipatu ditu aurki ditzaketen oztopoen adibide gisa.

Hala ere, mugikortasun jasangarria egikaritzeko patineteak beste elementu bat direla uste du Umaranek. “Mugikortasunerako, autoa baino elementu ekologikoagoak dira”. Gilentzat, berriz, patinetea “negozio txarra” da: “Jasangarria bai, baina ez da osasungarria. Patinetea hartzen dutenek garraio publikoa erabiltzen zuten lehenago. Oraindik ez dut ezagutzen inor autoa utzi duena patinetean joateko. Bizikletan doanak ariketa fisiko apur bat egiten du. Patinetea, berriz, sedentarioa da”.

Bestalde, udalak ez du baztertu patineteak eta turismoa uztar litzaketen jarduera ekonomikoei ateak irekitzea. “Ez dugu baztertzen bospasei lagunez osatutako taldeek, arduradun batek gidatuta, aurrez adostutako ibilbide bat patinetean egiteko aukera”. Betiere, udalari baimena eskatuta.

Umaranen ustez, hiria ez dago prestatuta patinetean edo bizikletan ibiltzeko. “Kaleak egokitu beharko dira. Udalak aurrerapausoak eman ditu. Hala ere, neurri gehiago hartu beharko lituzkete bizikleten zirkulazioa errazteko”. Proposamen batzuk egin ditu: “Bizikletentzako gune aurreratu gehiago jar litzakete semaforoetan, semaforoa gorri badago txirrindulariak autoaren aurrean kokatu ahal izateko”. Neurri gehiago ere proposatu ditu. Besteak beste, bidegorrien sarea osatzea edota errei gehiagotan bizikletak margotuz erabiltzaileei erakustea bide horietan lasai asko ibil daitezkeela.

Bilbobiziren erabilera, gora

Garraio jasangarria lortzeko helburuarekin, udalak Bilbobizi bizikleten alokairu zerbitzua martxan jarri zuen duela zortzi urte. Gilek esan du aurreikuspenak gainditu dituztela. “Iraileko lehen astean, bizikleta publikoaren 50.000 erabilera zenbatu ditugu. Bizikletak Bilbo konkistatu duela erakusten dute datuok”. Zerbitzua hobetze aldera, berriz, tarifen politika berriz aztertzeko asmoa iragarri du: “Bizikletok benetan behar dituzten erabiltzaileak hartzea eta bizikleta modu desegokian erabil dezaketenak diskriminatzea” da asmoa. Horretarako, erabilera arautzeko denbora mugak ezartzea aztertzen ari dira. “Bizikletaz egiten diren ibilbide gehienak 15-20 minutukoak dira. Herritarrak kexatu dira sarritan ez dituztelako aurkitzen bizikletak eskuragarri”. Hori guztiori bideratzeko neurriak aztertzen ari dira.

Biziz Bizik kritikatu du oso garestiak direla motor elektrikodun ibilgailuok. Erabiltzaile askok gaizki zaintzen dituztela ekarri du gogora, gainera. Bizikleta elektrikoak gaitasun fisiko nahikorik ez dutenentzat eskaintzea proposatu du Umaranek, eta ohiko bizikletak, berriz, indar eta gaitasun handiagoa dutenentzat. Bartzelonan, esaterako, bi bizikleta mota horiek eskaintzen dituztela azaldu du. “Asko beldur dira, gainera, iruditzen zaielako azkarregi doazela elektrikoekin. Astunegiak ere badira. Alegia, ez dira egokiak denentzat. Askok nahiago dituzte ohiko bizikletak”.