Sindikatuen eskaerak

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek 10 puntu hauek jasotzen dituen lan-itun proposamen bateratua aurkeztu zuten maiatzaren 10ean.

1. Galdutako soldata. 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera irabazteari utzi diotenaren ordaina.

2. Enpresako ituna. Enpresa batzuetan, soldata igoerak adostu dituzte. Itun berriak ezarriko duen soldata baino gehiago bada enpresarekin adostu dutena, gehiago den hori ez diote itzuli nahi enpresari.

3. Igoera. Igoerak tauletan eta soldata errealetan jarri behar dira, behargin guztientzat. Eskaera: itunak iraungo duen urte bakoitzeko KPI + %2 tauletan; KPI + %1 soldata errealean.

4. Subrogazioa. Itunean jasotzea nahi dute enpresa batek jarduera bat azpikontratatzen duenean langile guztien subrogaziora behartuta egongo dela.

5. Lan erreforma. Indarrean dagoen Espainiako lan erreformaren aurka babesteko neurriak nahi dituzte: lan baldintzak ez aplikatzearen aurkako klausula eta ultraaktibitate mugagabea eskatu dituzte.

6. Ordutegia. Lanaldi murrizketa eskatu dute: zortzi ordu laburtzea nahi dute.

7. Behin-behinekotasuna. Aldi baterako kontratuak eta ABLEak kontratatzeko aukera mugatzeko neurriak.

8. Berdintasuna. Sektore barruan genero berdintasuna areagotzeko neurri eraginkorrak ezartzea nahi dute.

9. Segurtasuna. Patronalari aurrerapausoak egiteko eskatu diote, lan osasuna lehentasun izatea lortzeko bidean.

10. Edukia. Lan hitzarmenaren edukia 2019ra egokitu nahi dute, azken negoziaziotik hona izan den edozein eskubide hobekuntza aintzat hartuta. Era berean, hizkuntza sexistarik gabeko lan ituna nahi dute.