Metal hotsa, isiltzear

Ibai Maruri Bilbao

Luze doa Bizkaiko metalgintzako gatazka. 2001-2003 urteetakoa da sektoreko sindikatuek sinatutako azken lan ituna; 2008-2011 urteetarako, UGTk eta CCOOk eragin mugatuko beste bat sinatu zuten, langileen gutxiengoa ordezkatu arren. Duela hamazortzi hilabete hasi zuten berriro ere negoziazio prozesua. ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk, bakoitzak bere plataforma aurkeztu zuen orduan. Aurtengo udaberrian elkartu eta hamar aldarrikapen nagusiekin osatutako plataforma bateratua ipini zuten mahai gainean. Baina oraindik ez dute lortu FVEM patronalarekin akordiorik sinatzea. Astelehenean egin zuen enpresarien federazioak bere azken proposamena; sindikatuen ustez, “oso urrun” dago euren eskaeretatik, eta “ezinbestekoak” diren aldarrikapen batzuk “ez dituzte kontuan hartu” ere egin. Joan den zapatuan Bilbon egindako manifestazioan indarra erakutsi ondoren, datorren asterako bost eguneko greba deialdia egin dute sindikatuek, astelehenetik barikura.

Ez dira lehen protestak. Udaberrian ere hainbat mobilizazio egin zituzten; baita grebak ere. Guztira bost egunez utzi zioten lan egiteari. Erantzun zabala izan zuten deialdiek, sindikatuek emandako datuen arabera (%70-80); patronalak, aldiz, %26ra jaitsi zuen langileen erantzuna. Pozik agertu ziren sindikatuak. “Euskal Herrian sektore bakar bateko aldarrikapen batek sekula izandako erantzunik zabalena lortu zuten ekaineko manifestazioek”, CCOOko Iker Gonzaloren esanetan. Istiluak izan ziren Ertzaintzarekin, eta patronalak mobilizazioei zilegitasuna kentzeko aprobetxatu zuen. Oraingo deialdi berri honek eragin handia izango du enpresetan eta ekonomian, aste osoko greba izango baita. LHK Lan Harremanetarako Kontseiluaren arabera, 3.832 enpresatako 55.188 langilek osatzen dute sektorea; indartsuena da Bizkaian: BPGaren %20 ordezkatzen du, FVEMen esanetan.

Sindikatuak etsita daude patronalaren jarrerarekin. “Hamazortzi hilabete pasatu dira negoziazioak hasi genituenetik, eta lehen hamabostak ezer egin gabe pasatu dituzte”, salatu du Gonzalok. Maiatzaren 10ean aurkeztu zuten euren eskaeren dekalogoa. Horrekin batera, greba egun batzuetara deitu zuten uda aurrerako, presio egiteko. “Hala ere, uda osoan ez dugu haien erantzunik jaso. Hurrengo bilerarako noiz deituko gintuzten zain egon gara”. Irail hasieran datorren asteko greba deialdiaren berri eman zutenean jaso zuten FVEMekoen deia, irailaren 10ean elkartzeko. Gonzalezen ustez “aldaketa” bat izan da, patronalaren proposamena “eskasa” izan arren “negoziatzeko eta eztabaidatzeko borondatea” erakutsi duelako. Asteon, proposamen berriak ipini ditu mahai gainean, baina sindikatuentzat “gutxi” oraindik ere. Gainera, salatu dute enpresarien ordezkariak “harro” joan zirela asteazkeneko bilerara.

FVEMeko kudeatzailea da Adolfo Rey. Sindikatuak egin ditu egoeraren erantzule. “Noiz aurkeztu zuten euren plataforma? Maiatzaren 10ean. Eta ze egunetan gaude? Irail bukaeran. Ordutik hona ez dute koma bat bera ere aldatu nahi izan, eta hori ez da negoziazio bat. Alde biek eman beharko dugu amore kontu batzuetan; bestela, ezinezkoa da akordio batera iristea”. Haren esanetan, patronalak proposamen ezberdinak egin ditu bileretako bakoitzean: “sindikatuen eskaerei erantzuten saiatu” da. “Sindikatuen plataformak hamar puntu ditu, hango eta hemengo lan itunetatik hartuta. Baina ez duzu topatuko hamar puntu horiek dituen lan itunik; ezinezkoa da eskaera guztiak betetzea, ez guk, ez beste patronal batek”.

Besteak beste, erosahalmena berreskuratu nahi dute sindikatuek, subrogazioa bermatu, behin-behinekotasun tasa handia amaitu, gizonen eta andreen arteko berdintasuna lortzeko neurriak ezarri, eta lan segurtasunean pausoak eman. Reyren esanetan, patronalak arlo guztietan egin du bere proposamena. Era berean, salatu du bilerarik bilera lehentasunak aldatu dituztela: “Lehen, berdintasuna eta behin-behinekotasuna omen ziren marra gorriak; orain, berriz, soldatak eta subrogazioa. Horrela ezin da eztabaidatu”. Hona gatazkaren gako nagusiak:

SOLDATAK

LAB sindikatuko Iratxe Azkueren arabera, hiru soldata mota daude sektorean: 2003an iraungitako lan itunak ezarritakoa kobratzen dutenak, 2011n iraungitakoak ezarritakoa kobratzen dutenak, eta harrezkero euren enpresarekin soldata igoera adostea lortu dutenak. “Ezin dugu egoera hori onartu”. 2011 eta 2018 artean, erosahalmena %6 galdu dute langileek. Hala, sindikatuek zera eskatzen dute hori orekatzeko: 2018, 2019 eta 2020ko soldatetan, KPI eta %2 gehiago. Baina patronalak ez du onartu. “Ez du 2018a sartu nahi. 2019rako, KPIa eta %0,75 gehiago proposatu du; eta 2020rako, KPIa gehi %1″, azaldu du ELAko Mikel Etxebarriak jasotako proposamena.

Euren enpresarekin soldata igoera adostu dutenek lan itun zaharretako taulek ezarritakoa baino soldata handiagoa kobratzen dute. Beraz, posible litzateke orain onartu beharko litzatekeen itun berrian adostutako igoera eurek dagoeneko izan dutena baino apalagoa izatea. Baina sindikatuek nahi dute horiek ere gehiago kobratzea; horientzat, KPIa eta %1 gehiago.

AZPIKONTRATAZIOA

“Metalgintzako Espainiako 35 lan itunetan topatu dugu subrogazioa bermatzen duen klausula, baina gure patronalak ez du entzun ere egin nahi. Seguruenik, Bizkaiko enpresa handienek ez dute nahi klausula hori, ez zaielako komeni”, salatu du Jose Mari Rojo UGT sindikatuko ordezkariak. Ohikoa da metalgintza sektorean lanak azpikontratatzea. “Langile bat azpikontratatuta egon daiteke enpresa batean hainbat urtez, hamar urtez esaterako, eta, bat-batean, enpresa horrek azpikontratatuta daukan enpresa aldatzea erabaki du, eta langile hori kalera doa. Hori eragotzi nahi dugu, eta egonkortasuna eman”, azaldu du Etxeberriak. Gutxienez hiru hilabeteko antzinatasuna duten langileentzat bermatu nahi dute subrogazioa. Rojok jarri du eredu izan daitekeen adibidea: Bizkaiko enpresa nagusiak, Petronorrek, subrogazioa araututa dauka azpikontratatutako enpresekin.

BEHIN-BEHINEKOTASUNA

Sektore ekonomikoen artean “prekarioenetakoa” dela salatu dute; besteak beste, behin-behinekotasun tasa handiena duelako: %83koa, LAB sindikatuaren arabera. Hori erabat irauli nahi dute: beharginen %90 egonkor egotea gura dute, eta %10 behin-behinean. Rojok salatu duenez, lege iruzurra egiten dute enpresek langileak behin-behinean kontratatuta edukitzeko.

BERDINTASUNA

“Emakumeok ez gaude. Ia ez dago emakumerik, batez ere produkzio lanetan. Eta daudenek diskriminazioa sufritzen dute, soldata arrakala handia dagoelako”, azaldu du egoera LABeko Azkuek. Erantsi du metalgintza sektorean “lan duinak” daudela. “Baina emakumeen presentzia ez dago bermatuta, eta hori aldatu egin behar da. Baldintza onargarrienetakoak dituen sektorean emakumeak egon behar dira”. Horregatik, batzorde bat osatzea eskatu diote patronalari; patronala bera eta sindikatuak izango lituzke kide. Egiteko bi ipini gura dizkiote: diagnosia egin eta hortik abiatuta enpresa guztiek derrigor bete beharko dituzten berdintasun planak osatu, helburu eta epeekin. Besteak beste, kontratazioan eragin nahi dute: “Lanpostu baterako igualtsuak diren bi curriculum jasoko balira, bata gizonezko batena eta bestea emakumezko batena, emakumea kontratatzea eskatzen dugu, sektorean emakumeen eta gizonen arteko oreka lortzeko”.

LAN SEGURTASUNA

Lan istripu asko daude metalgintzan, eta, ondorioz, hildakoen kopurua ez da txikia. Sindikatuen ustez, behin-behinekotasunak badu zer esana. Prebentzioan sakontzeko eskatu dute. Esan dute batzordeak sortu bai, baina edukiz hornitu behar direla.