“Gertuko harremana eta alde errepresiboa orekan egotea lortu behar dugu”

“Gertuko harremana eta alde errepresiboa orekan egotea lortu behar dugu”

Ibai Maruri Bilbao

Joan den abuztutik Durangoko Udaltzaingoaren buru berria da Amaia Frontaura (Durango, 1978). 20 urterekin hasi zen udaltzain lanetan, Bilbon; 17 urte egin zituen hiriburuan. Azken hiru urteak Arrasaten (Gipuzkoa) igaro ditu, ofizial eta azpi-ofizial lanetan. Bizkaian, udaltzainburu izatera iritsi den lehen andrea da. Durangoko bere lankideen artean ere, beste sei baino ez dira emakume. Hala ere, bere generoa “anekdota hutsa” dela uste du. “Aurrerantzean emakume gehiago ikusiko ditugu Udaltzaingoan edo Ertzaintzan, baita ardura postuetan ere”. Dena den, aitortu du andreentzat zailagoa dela: “Polizia emakume gutxiago daude, eta, proportzio horretan, zailagoa da goragoko mailetara emakumeak iristea. Gainera, maila batetik pasatzeko barruko oposizioak egin behar dituzu, eta ez da erraza. Zailagoa, umeak badituzu, oraindik ere nagusiki haien zaintza emakumeon esku dago eta”.

Duela hilabete eta erdi hartu zenuen kargua. Zein da lehen hilabete luze honen balantzea? Zer aurkitu duzu?

Balorazio ona egin dut. Egia da hemengo egoera zaila dela. Alde batetik erretiro asko egon dira, eta bestetik, gure autoak arazo asko ematen ari dira. Baina oposizio berriak irtengo dira aurten edo datorren urteko lehen hiruhilekoan. Hiru agente berri etorriko dira. Gero, erretiroen arabera, ikusi beharko dugu zenbat lanpostu gehiago geratuko diren hutsik, eta horri erantzuteko aterako ditugu plaza gehiago. Autoen arazoa ere konpontzen hasi gara. Datorren asterako auto berri bat izango dugu, eta hirugarrena datorren urtean lizitatuko dugu. Baina, horrez aparte, ni pozik nago, lan talde ona topatu dudalako, eta jende gehiena lana ondo egiteko gogotsu dago, beti laguntzeko prest.

Udaltzainek eurek salatu izan dute lan talde txikia dutela, txanda batzuetan bi baino ez direla egoten. Udaltzain gehiago behar dituzue?

Udaltzaingoaren egituraren planteamendua ondo dago eginda. Arazoa da lanpostuen zerrendan agertzen diren plaza guztiak ez daudela beteta. Erretiro asko egon dira eta plaza horiek hutsik geratu dira. Horregatik, plaza horiek guztiak bete arte, poliziak falta dira. Printzipioz, zazpi edo zortzi plaza aterako ditugu. Lanpostuen zerrendaren arabera, 42 polizia izan beharko genituzke. Plazak badaude, baina batzuk hutsik; une honetan, zazpi bat daude bete barik.

Zein asmo duzu kargu berrirako? Zer aldatu nahi duzu Udaltzaingoan edo udaltzainen jardunean?

Udaltzaingoan aldaketak egitea oso zaila da. Baina niri gustatuko litzaidake herritarrek duten pertzepzioa aldatzea, eta horretan ahaleginduko gara. Badirudi batzuetan udaltzainak ez daudela kalean, baina hori nire ustez ez da egia. Ni etorri naizenetik poliziak kalean dabiltza eta lan karga handi bati egiten diote aurre. Nahiz eta herritarrek pentsatu Durangon ez dagoela lanik, asko dago egiteko: ekitaldiak zaindu, eskolarako sarrera eta irteerak… Batzuetan bikote bat baino ez dago. Beti ezin gara leku guztietan egon. Baina egunero saiatzen gara oinez ibiltzen eta jendearekiko hartu-emana oso gertukoa izaten.

Gero eta gehiago esaten da gertuko polizia eredu batera jo behar dela. Zer da zuretzat gertuko polizia?

Kalean dabilen polizia da. Beti laguntzeko prest dagoena, eta oinez dabilena herritarren artean. Harremana estuagoa eta arinagoa izan behar da. Guk nahi duguna da edozein guregana hurbiltzea arazoren bat duenean, edo zerbait gertatzen ari dela ikustean. Baina, era berean, Poliziak bere alde errepresiboa dauka. Isunak ipintzen eta segurtasuna bermatzen jarraituko dugu. Gertuko harremana eta alde errepresiboa orekan egotea lortu behar dugu; hori da helburua.

Aurki ospatuko dituzue San Fausto jaiak. Zein da festei begira duzuen erronka nagusia?

Ni nahiko urduri nago jaiak direla eta. Nire lehen jaiak izango dira udaltzaiburu moduan. Ekitaldi guztiak aztertzen ari naiz. Zorionez, udaltzainek nik baino askoz gehiago dakite horri buruz. Laguntza asko jasotzen ari naiz. Erronka nagusia jai lasaiak edukitzea izango da; jendeak ondo pasa dezala, lasai, indarkeriarik eta liskarrik barik. Polizia gehiago egongo da kalean, eta ekitaldi guztietan egoten saiatuko gara. Liskarrak egoteak sortzen dit kezka; istiluak egoteak, gu beste nonbait egoteak eta erantzuten berandu ibiltzeak.

Jaietan ugaritu egiten dira sexu eraso salaketak. Zer egin dezake Udaltzaingoak prebentzio lan modura?

Udaltzain batzuk kaleko jantzita joaten dira. Jende artean ibiltzen dira eta zerbait arraroa nabaritzen dutenean esku hartzen dute. Horrela guk badakigu zer gertatzen ari den jende artean. Hori da egin dezakegun garrantzitsuena.

Zure ustez, indarkeria matxistaren aurkako borrokan zer egin dezake Poliziak, oro har?

Lehengo eta behin kalean ibili, eta indarkeria kasuak saihesten lagundu gure presentziarekin. Gertatuz gero, biktima babestea izan behar da gure lehentasuna. Laguntza eman, nahi duenari deitu, ospitalera eraman, aukera guztiak azaldu, baina beti biktima babestuz eta bere erritmoa errespetatuz. Biktima bakoitzak bere erritmoa dauka. Normalean Udaltzaingoa eraso batean lehen unean egoten da, baina gero Ertzaintzari deitzen diogu, eta normalean euren esku geratzen da ardura; guk baino baliabide gehiago dituzte.

Genero indarkeriaren biktimek sarri egin dute protesta salaketa jartzera joan direnean Poliziak eskainitako tratua ez delako zuzena izan.

Ez da ulertzekoa hori gertatzea. Zerbaitek huts egiten duen seinale da. Izan ere, prest gaude biktimei behar bezalako arreta emateko. Horrelako kasuetan beti egoten da emakume polizia bat, eta genero indarkeria kasuetan espezializatuta egon beharko luke. Horrez gainera, abokatu berezituak eta epaitegi berezituak dituzte. Tratu egokia jaso beharko lukete. Gu Polizia modura kontzientziatuta gaude gai honekin. Baina biktimek uste badute jasotako tratua ez dela beti egokia, barne gogoeta egin beharko genuke, arreta hobetzeko.

Segurtasuna, oro har, batez ere gizonezkoen lanbidea izan da orain arte. Dagoeneko ibilbide luzea duzu lan honetan. Arazorik izan duzu? Emakume arduradun bati trabak jarriko dizkioten kezarik baduzu?

Hasieran izan nituen arazoak emakume izateagatik, bai. Bilbon hasi nintzenean 20 urte nituen, eta baziren nirekin patruilatu nahi ez zuten lankide batzuk. Oso nagusiak ziren, egia esan behar badut. Aspaldi hartu zuten erretiroa. Haurdun geratu naizenetan ere, ez dut erraztasunik izan lana eta bizitza pertsonala behar bezala uztartzeko; oso zaila eta gogorra izan zen niretzat. Baina, zorionez, hori guztia aldatzen ari da. Eta ez nau kezkatzen kargu berriak; alde horretatik behintzat badakit ondo joango zaidala.

2018an, etxebizitzetan egindako lapurretak bikoiztu egin ziren Durangon. Zer egin dezakezue horri buelta emateko?

Oraindik ez dugu aurtengo daturik, baina uste dut lapurreta gehienak oporretan izan direla. Jaiak pasata, Ertzaintzarekin elkartuko gara, datu guztiak aztertu eta plan bat egiteko. Dena den, nik esango nuke lapurretak ez direla bereziki ugaritu. Kontua da etxeak markatzen dituztela, hutsik daudela jakiteko. Eta horrek segurtasun falta sentsazioa eragiten du. Egia da herritarren artean kezka zabaldu dela.

Posible ziren semaforoak kentzen lehen herrietakoa izan zen Durango. Mugikortasun segurua bermatu da?

Istripurik ez egotea ezinezkoa da, baina Durango herri segurua da eta normalean ez dugu trafiko arazorik edukitzen. Neurri egokia izan zen. Normalean, ez dugu auto ilararik izaten herrian.

Zein da Durangoko Udaltzaingoaren kezka nagusia?

Asteburuetan alkoholemia kontrolak egiten ditugu eta oraindik ere positibo gehiegi egoten dira. Hori aldatu behar dugu. Zelan? Kontrol gehiago eginda, eta kalean ibilita, tabernetan daudenek gu ikusterakoan gogoratu dezaten ez dutela autorik hartu behar alkohola edan badute.