Dantzarako plazei segika

Dantzarako plazei segika

Peru Azpillaga Diez

Orain dela ia hiru urte jaio zen Swing Side Bilbao elkartea. Swing musikaren erritmo alaiek gidatuta, elkartearen xede nagusia dantza amerikar horren oinarriak ezagutarazi eta pauso jostalarien zale guztiei dantzatzeko aukera eskaintzea da. Sortuz geroztik, hainbat izan dira haiei esker swing musikaren doinuekin batera gerriak mugitu dituzten afizionatu eta esperientzia handiagoko dantzariak.

Txema Bilbao da elkartea martxan jarri zuten kideetako bat: “Swing musika dantzatzea gustuko genuen lagun batzuk bildu eta Bilbon ere dantzatzeko guneak sortzeko asmoarekin eratu genuen”. Azaldu duenez, Bilbora beranduago heldu zen arren, bazen lehendik ere Euskal Herrian swing musikaren inguruan sortutako mugimendu bat, eta hari horretatik tiraka erabaki zuten Bilbon ere elkarte bat aurrera ateratzea; “osotasun bat eman ahal izateko gure jarduerei”.

Jarduerak antolatzeari ekin ziotenetik, egitasmoak harrera “bikaina” izan duela nabarmendu du Bilbaok, hogei bat pertsonako elkarte bat zena ehun kide baino gehiago dituen elkarte bat bilakatu baita. “Swing musikak mugimendua dakar berarekin. Ameriketako musika tradizionaletik eratorritako musika estiloa da, oso animatua eta dantza sozialaren kontzeptuari estuki lotuta dagoena”. Musika alaia eta inklusiboa dela deritzo Bilbaok, eta, horri esker, adin eta mota guztietako jendearengana heltzen dela nabarmendu du.

Egun, bi dira elkarteak antolatzen dituen jarduerak, baina, Bilbaok adierazi duenez, beti daude dantzatu ahal izateko espazio berrien bila. “Ez da erraza toki bat lortzea, eroso dantzatu ahal izateko espazio minimo bat behar delako”. Hilabete bakoitzeko azken larunbatean dantzaldi bat antolatzen dute Bira kultur elkartean, hain zuzen ere, bermutaren orduan. “Horrekin batera, Bilboko Berregin Museoarekin dugun akordioa berradosten ari gara; bertan ere, dantza sozialari lotutako ekintza bat antolatzen dugu hilean behin”. Bi ekintza horietan, gainera, hiru edo lau astero, swing musika jotzen duen banda bat eramaten dute, zuzeneko musikaz gozatu eta dantzatzeko aukera eskaintzeko bertaratutako pertsona guztiei. Horretaz gain, Klandestino deituriko egitasmo bat ere badute martxan: “Musika ekipo bat dugu; kalean espazio zabal bat bilatu eta bertan hasten gara dantzan”. Inongo baimenik eskatu gabe egiten dutelako deitzen diote Klandestino; Bilbao eskertuta azaldu da udalaren jarrerarekiko, oraingoz ez dutelako inongo arazorik izan.

Dantza soziala

Antolatzen dituzten dantzaldietan adin orotako jendea biltzen dela azpimarratu du Bilbaok, azaldu duen bezala, swing dantza osagarri oso soziala duen dantza bat delako. “Bi ezaugarri nagusi ditu swingak. Alde batetik jarduera fisikoarekin lotuta dago, erritmoak biziak dira eta dantzatzeak sasoian egotea eskatzen du. Bestetik, osagarri soziala dago”. Bilbaoren esanetan, swinga oso dantza inklusiboa da, rolak maiz aldatzen dira eta aukera asko eskaintzen ditu. Bi rol daude swingean, dominantea, leader deiturikoa, eta menpekoa edo follower-a. “Tradizionalki gizonak ziren liderrak eta emakumeak follower-ak. Egun, ordea, aldatu egin da, jada ez dago generoari lotuta, eta mota guztietako konbinazioak egon daitezke”. Hori dela eta, jendea bakarrik, bikoteka edota lagun artean hurbiltzen da haien saioetara, eta oso ohikoa da bikoteak behin eta berriro aldatzea. Horretaz gain, bikoteka dantzatu arren, kontaktu fisikoa oso lausoa dela azaldu du Bilbaok, eta horrek ere jendea aldez aurretiko jarrera ona izatera bultzatzen duela ondorioztatu du.

“Musika bera ere oso deigarria da. Niri dantzatzea ez zait inoiz bereziki gustatu, baina swinga lehen aldiz entzun nuenean oso erakargarria iruditu zitzaidan, mugitzera eta dantzatzera bultzatzen zaituen estilo horietakoa da”. Era berean, dantzaldien garrantziaz ere mintzatu da Bilbao. “Ondo dago akademietan ikastea, baina funtsezkoa da gero pauso horiek praktikan jartzeko aukera izatea, eta hor agertzen da gure elkartea”. Haien ekintzak guztiz irekiak dira: bazkide izan zein ez, berdin-berdin har daiteke parte. “Guk animatu egiten dugu jendea elkartean izena eman dezan, esfortzu ekonomiko txikia delako, baina berebiziko egitasmoa mantentzeko”.