Borrokaren harrotasuna

Borrokaren harrotasuna

I. Maruri Bilbao

Londres, 1984. urtea. Lesbians and Gays Support the Miners (Lesbianek eta gayek meatzariak babesten dituzte) mugimenduak garai hartako 10.000 libra bildu zituen, Gales hegoaldeko meatzarien greba babesteko. Bilbo, 2019ko irailaren 21a. 12:00etan, Harro Euskal Herrietako Transmaribibollo Plataformak Bizkaiko metalgintzako langileen manifestazioan hartu du parte. Londres, 1985. Gales hegoaldeko meatzariek urte hartako LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguneko manifestazioetan hartu zuten parte. Bilbo, 2019ko irailaren 21a. 17:30ean, Bizkaiko metalgintzako sindikatuetako ordezkariek Harro plataformak LGTBI komunitatearen “merkantilizazioa” salatzeko egin duen manifestazioan hartu dute parte.

“Egun berean kointziditu dute bi manifestazioek, eta horrelakoetan errazago ohartzen gara zein diren besteen borrokak”, azaldu du Harro plataformako kide Erlantz Iglesiasek. “Ez dugu mende honetako ekitaldirik ikusgarriena egin, baina babes keinu polita egin nahi izan diogu mugimendu batek besteari”. Eta, neurri batean, 1980ko hamarkadan Erresuma Batuan gertatutakoa ere ekarri nahi izan dute gogora, meatzarien mugimenduak eta LGTBI kolektiboak Margaret Thatcher lehen ministro kontserbadorearen gobernuak hartutako erabakien eta indarrean jarritako politiken aurka sortutako elkarlana.

LAB sindikatuko kide den lagun batek egin zien proposamena Harrokoei, eta ideia ona iruditu zitzaien. Ondoren, Bizkaiko metalgintzako sindikatu guztiei egin zitzaien proposamena, eta onartu egin zuten. Iglesiasen esanetan, Harrokoentzat “naturala” izan da elkarlan hori: “Harro LGTB plataforma da, bai, baina antikapitalista ere bada, klase borrokaren kontzientzia handia duena, eta guretzat logikoa da horrelako borroka bat babestea”.

Iglesiasek nabarmendu du euren identitatea aldarrikatzeaz gain beste borroka batzuk ere badituztela LGTBI komunitateko kideek. “Beste zapalkuntza batzuk ere sufritzen ditugu. Eta pentsatzen dugu metalgintzan ere LGTB komunitateko jendea egongo dela”. Hiru helbururekin sortu zuten Harro plataforma joan den maiatzean, eta horietako bat da herri mugimenduekin sareak osatzea. “Sare indartsu bat sortu nahi dugu Euskal Herri mailan, kapitalak eta sistema heteropatriarkalak eragindako zapalkuntzaren kontra egiteko”.

Elkarlana ez da berria. Azken bi urteetan modurik argienean Martxoaren 8ko greba deialdietan ikusi izan da sindikalismoaren eta mugimendu feministaren arteko elkarlana. LGTBI komunitateak ere parte hartu izan du. Sindikatuei ideia ona iruditu zitzaien Harrokoek proposatutakoa. LAB sindikatuko Iratxe Azkueren arabera, Euskal Herrian halakorik egin den lehen aldia da. Haren ustez, borrokaren aldarrikapen bat da. “Langileak antolatu dira, eta euren eskubideen alde borrokatu dira. Erakutsi dute borrokak balio duela, justu kontrakoa esaten ari zaizkigun garaian”. Azpimarratu du gaur egun borroka asko daudela indarrean: gazte mugimenduarena, pentsiodunena, emakumeena, LGTBI komunitatearena… “Borroka guztiak osagarriak dira, eskubideen aldekoak”.

Sindikatuak horren jakitun ziren. Elkarlana indartu nahi zuten. “Guk bagenuen asmoa gure borroka beste kolektibo batzuetara zabaltzekoa. Aurretik elkartu izan gara beste talde batzuekin, eta iruditu zaigu hau ere aukera ona izan daitekeela”, azaldu du CCOO sindikatuko Iker Gonzalok. Joan den astean elkartu ziren Bilboko John jauregian hainbat eragilerekin. Horren ondorioz, guztira, 11 kolektibok babestu zuten zapatuan Bizkaiko metalgintzako langileek egindako protesta. Eta sindikatuetako ordezkariak ere egongo dira beste mobilizazioetan. Esaterako, datorren astelehenean metalgintzako grebako mobilizazioak eta astelehenero Bizkaiko pentsiodunek egiten dutenak bat egingo dute, 12:00etan, Arriaga plazan.