“Sexualak garen arren, sexualitatea ukatu diegu”

“Sexualak garen arren, sexualitatea ukatu diegu”

Ibai Maruri Bilbao

“Asexualak direla. Haientzat zaila dela bikotea aurkitzea. Seme-alabarik izanez gero, ezintasuna gene bidez pasatuko dietela…”. Javi Bengoaren esanetan (Abadiño, 1962), asko dira adimen ezintasuna duten pertsonen sexualitatearen inguruko mitoak. Gorabideko psikologo eta sexologoa da, adimen urritasuna dutenen Bizkaiko elkartekoa. Uste oker horiek hautsi eta sexualitatea garatzen laguntzeko plana ipini dute martxan. Ezintasuna duten pertsonek eta familiek ohartarazi diete horrelako zerbaiten premia zegoela.

Zergatik ez da gai hau orain arte landu? Zergatik egon da ezkutuan adimen urritasuna dutenen sexualitatea?

Gizarteak sexuarekiko duen ikuspegi kulturalarekin du zerikusia, pertsona horien ezintasunarekin baino gehiago. Sexua oso modu itxian ulertu dugu, genitalei lotuta, seme-alabak izateko eta ahal dela soilik ezkondutakoen artean. Zerbait iluna eta zikina dela pentsatu da. Horregatik saiatu gara ezintasuna dutenak babesten kalte egin diezaiekeela uste dugun “gauza zikin” horretatik. Denok izaki sexualak garen arren, sexualitatea ukatu diegu.

Sexualitatea modu naturalean bizitzeko jarri zaizkien traba horiek kalte egingo zieten, ezta?

Esaterako, gizarteak ez du argi eta garbi onartzen adimen ezintasuna dutenek bikotea izatea. Horrek frustrazioa eragiten die. Batzuek eszitazioa sentitu dutenean, ez dute jakin zer gertatu zaien, inork ez dielako azaldu zer den hori. Ez dutenez ulertzen zer gertatzen zaien, ez dakite nola heldu. Sexualitatea ukatzeak ezinegona eta frustrazioa sortzen die; ederra, atsegina eta dibertigarria izan beharko litzatekeena, guztiz kontrako bihurtu diegu.

Familian berba egiten dute?

Gainontzeko familietan bezala, ezintasuna duen pertsona bat dutenetan ere sexuaz errazago edo gaitzago berba egiten dutenak daude. Ezagutzen dut semeak eskatuta duela urte batzuk porno aldizkariak erosten zizkion 80 urteko andre bat. Beste batzuek ez dute sekula gaiaz hitz egin senideekin; gaur egun ere ez. Dena den, egia da apurka-apurka egoera aldatzen ari dela; gero eta gehiago dira euren seme-alabek heziketa sexuala jasotzea nahi duten gurasoak.

Esan duzu bikotea izatea oraindik ere ez dela erabat onartzen. Familia bat sortzea, seme-alabak izatea, beraz, gutxiago, ez?

Bikotea izatea, tira, bai, gutxi gorabehera. Baina harekin bizitzen jartzea, ja ez hainbeste. Autonomia horrek laguntza handia eskatzen du, eta ez da argi ikusten. Seme-alaben kontua oso konplikatua da. Umeek eskubide batzuk dituzte, bai. Guraso izateko babes handia beharko lukete. Ez da orokortu daitekeen gai bat. Kasu bakoitza aztertu beharko litzateke. Baina ezin dugu ahaztu ezintasuna dutenek ere badutela eskubide hori: guraso izateko eskubidea giza eskubidea da.

Nola osatu duzue plana?

2012an martxan jarri genuen proiektu baten parte da. Ezintasuna duten pertsonengana, haien familiengana edo laguntza ematen dieten profesionalengana jotzen dugunean, beti kontatzen dizkigute sexualitateari lotuta dauden arazoak. ‘Honek bikote arazoak ditu’. ‘Hura bizi den egoitzan jende aurrean masturbatzen da’. Dena da arazoa, dena da ezkorra. Ikuspegi hori aldatu nahi genuen. Sexualitatea begirada baikor batetik lantzen hasi nahi genuen. Horregatik sortu dugu gida moduko hau. Tresna bat da sexuarekiko dugun begirada aldatzeko, ezintasuna duten pertsonen desirak eta beharrak ezagutu eta horiek betetzen laguntzeko.

Beraz, kasuz kasu sexualitatea landuz joateko gida bat da?

Proiektua martxan jarri genuenean ikusi genuen bi modutara egin genezakeela. Batetik, orain arte bezala prestakuntza eskain genezakeen, ezintasuna duten pertsonen, haien familien eta profesionalen artean. Bestetik, banakako proiektuak sor genitzakeen; proiektu txikiak, baina pertsona horietako bakoitzaren bizitza hasieratik aldatzen lagunduko dutenak, eta, era berean, gainontzeko pertsonengan ere eragina izango dutenak. Bigarren aukera hori egokiagoa iruditu zitzaigun.

Jarraibideak zehazten dituen gida bat da?

Sarrera txiki bat du, begirada zabaltzen laguntzeko. Sexualitateaz egiten da berba, ohartarazten da giza duintasuna ez dela osoa ez bada kontuan hartzen pertsona sexualak garela, giza eskubideez hitz egiten da… Eta, ondoren, pertsona ezagutzeko galdetegi moduko bat dator. Galdetegi zurrun bat baino gehiago, metodologia bat dela esango nuke. Ez dira galdera guztiak erantzun behar. Arlo batzuk proposatzen dira, ezintasuna duen pertsonarekin horietaz hitz egiten laguntzeko; azken batean, pertsona horrek zer nahi duen jakitea da asmoa. Ondoren, helburu batzuk zehazten dira, eta horiek lortu ahal izateko plangintza bat egiten da.

Zer arlo dira horiek?

Identitatea eta sexu aukera, emozioen adierazpena, plazera, bikote harremana eta ugalketa. Horien barruan, beste arlo zehatzago batzuk ere lantzen dira.

Dagoeneko jarri duzue praktikan, ezta?

Bai, eta gustura gaude lortutakoarekin. Norekin probatu genezakeen aztertu genuen, nortzuk adierazi ziguten sexualitatearekiko kezka. Ondoren, familiekin eta profesionalekin hitz egin genuen. Laguntzaile bat hautatzen da, pertsona horrekin eta lortu nahi den helburuarekin konpromiso sendoa duen gertuko norbait. Eta jarraipen taldeak sortu dira.

Ezintasuna duten pertsona guztientzat da baliagarri?

Ezintasun mailak daude, noski. Testuz osatutako gida bat da, nahiz eta piktograma batzuk ere badituen. Hori ikusita pentsa daiteke hitz egiteko gai diren pertsonentzat dela bakarrik. Hitz egiteko gai ez direnentzat edo testua ulertzeko zailtasunak dituztenentzat alferrikakoa dela. Baina ez da horrela; guk hitz egin ezin duten edo mugikortasunik ez duten pertsonekin ere egiten dugu lan, eta horiek ere izan ditugu gogoan gida osatu dugunean. Haiek ez dute erantzungo, baina haien ingurukoek gida kontuan hartu beharko dute, eta erne egon, pertsona horiek asko komunikatzen dutelako, nahiz eta berba egin ez. Haiei begiratzeko modua aldatu behar dugu, zer gura duten antzemateko gai izan gaitezen.