Ibai Maruri Bilbao
Bilboko Portuaren erdiko kaia egiteko obrak espero baino azkarrago doaz. Oraingoz, lehen fasearen lanekin ari dira. Urte bukaerarako eraikita egotea aurreikusi zuten, baina espero baino erritmo biziagoan ari dira. Bilboko Portuko Agintaritzak iragarri du iraila bukatu orduko eginda egongo dela. Datorren urtean, urbanizazio lanak egin beharko dituzte. Kai berriaren lehen fase horri esker, Bilboko Portuak 360.000 metro koadro gehiago izango ditu erabilgarri; beste era batera esanda, 50 San Mames futbol zelaik beteko luketen azalera. Kai berri horri esker, 1.218 metroko ilara irabaziko du portuak kargaontziak lehorreratu ahal izateko. Luzueroko meategi zaharrak egonkortzen ere ibili dira.
Lehen fasea eraikitzeko lanen bukaera hiru hilabete aurreratu izanak, aurreikusitakoa baino bost milioi euro gutxiagoko inbertsioa eskatuko dio Portuko Agintaritzari. Azken hiru urteetan ibili dira beharrean, eta dagoeneko 74 milioi euro erabili dituzte obrak ordaintzeko. Europako Batasunaren laguntza izan du: Connecting Europe Facility programak inbertsioaren %20 finantzatu dio.
Guztira, portuaren erdian egiten ari diren kai berriak 660.000 metro koadro izango ditu, azken urteetako negozio hazkundeak eragindako premiei erantzuteko. Bigarren fasearen lizitazioa aurten egingo dute, eta lanak hurrengo urtean hastea espero dute. Proiektu osoa 2023. urterako amaitzea espero dute, eta, era horretan, 1992an diseinatu zuten Bilboko Portuaren proiektua amaituta legoke.
Era horretan, portuak egun duen arazoetako bati aurre egin ahalko dio. Hau da, okupazio tasa handia dauka, %87koa, Espainiako Gobernuaren menpeko beste portuen batezbestekoa baino %24 handiagoa. Erdiko kai muturraren lehen fasea amaitzen denean, okupazio tasa %83ra jaitsiko da, eta hazkunde ahalmena nabarmen handituko zaio. Portu Agintaritzaren arabera, portuan bertan lanean ari diren enpresa batzuek dagoeneko euren eremua handitzeko beharraz ohartarazi diete; berriak diren beste enpresa batzuek ere kai berrian egoteko interesa agertu dute.
Emaitzak berdinduta
Urte onak izaten ari dira Bilboko Portuarentzat. Aurreikuspenak ez ziren onenak, baina 2018. urteko emaitzak berdintzea lortu du ia, urtarriletik ekainera bitarteko tartean; guztira, 17,6 milioi tona mugitu dituzte han, tokiko trafikoa eta zuzkidura zenbatu gabe. Uztailean egin zuen lehen seihilekoaren balantzea.
Zierbenan dagoen Petronorren findegiak bi geldialdi egin ditu hilabete hauetan, eta jarduera txikitzeak eragin du Bilboko Portuan 1,6 milioi tona gutxiago mugitu izana; halere, %1 soilik jaitsi da trafikoa. Portuak argitaratu dituen datuen arabera, geldialdi horiek egin ezean, %7 baino gehiago igoko zen trafikoa.