Kabidu munduen!

Maite Berriozabal Berrizbeitia

Egunerokotasunean etxea txukun antzean mantentzeko ohiturarik ez dugunok etxe osoa ordenatu behar izaten dugu noizean behin. Eta egun horiek, behar baino gauza gutxiago bota, txarto gordeta zeudenak hobeto gorde, eta existitzen zirela ere ez genekien ertzen batzuk garbitzeko egunak izaten dira. Horrelakoetan ohartzen naiz zenbat leku dagoen eta lekuak zeinen beteta dauden.

Berez erraza dirudi espazioak antolatzeak, eta horren inguruan nik pare bat ideia ditut argi samar: bata, espazio asko dagoen lekuan asko kabitzen dela eta espazio gutxi dagoen lekuan gutxi. Eta bestea, beteta dagoen armairu batean gauza berriren bat gorde gura badut, ezinbestean, zerbait atera behar dudala bertatik. Beste kontu bat da erabakitzea zerentzat dagoen lekua eta zerentzat ez, edota zerk egon behar duen non. Azken batean, argi dagoena da lekurik ez dagoen lekuan ez dagoela ezer berririk sartzerik, eta beraz, zerbait atera behar dela lehenengo. Ideia sinplea dirudi, baina ez dugu guztiok gauza bera uste. Edo beharbada ideia horren alde gaude denok, hori bai, hustu beharreko tiraderak gureak ez diren bitartean.

Duela egun batzuk Bilboko metrora sartu nintzen motxila handi bat lepoan eta goraino betetako oihalezko poltsa bat besoan. Jende dezente zegoen eta zutik geratu nintzen atearen albo batean, harik eta leku bat libratu zen arte. Ez dakit metroan ibili zaleak zareten, baina bagoiko hainbat txokotan lau lagun kabitzen diren jarlekuak ditu parez pare jarrita. Jarleku horiek ez daude marra batekin erdibituta eta ez dira bi jarleku independente, baina alde bakoitzean bi pertsona handi kabitzeko bestekoak bai. Ba, libre zegoen lekuan jesartzera joan nintzenean, aurrekoaren hankekin ia estropezu egin nuen, eta kostata hartu nuen nire lekua. Bera ez zen mugitu ere egin. Enbarazurik ez egiteko, aldean neramatzanak altzoan hartu nituen, eta besoekin motxila eta poltsa besarkatuta ekin nion bidaiari.

Segituan ohartu nintzen oinak jarlekuaren azpian nituela eta ez nengoela eroso. Lurrera begiratu eta ohartu nintzen ia estropezu eginarazi zidaten aurreko mutilaren hankek hartzen zutela nire oinei zegokien espazioa. Orduan hiru aukera pasa zitzaizkidan burutik: bata, mesedez, nire lekua errespeta zezala eta bere hankak bere lekura eraman zitzala eskatzea; bigarrena, lauzpabost geltokirengatik egoera onartu eta zegoenarekin aurrera egitea; eta hirugarrena, nire oinekin harenei bultza egitea. Badakit ez dela zibilizatuena, baina hirugarrenaren alde egin nuen.

Hasieran oinak mugitu nituen zentimetro batzuk eta bere oinekin egin nuen topo; mutila geldi. Bigarren mugimenduan bultza egin nien bere hankei indartsuago eta mutilak hankak mugitu zituen; aurpegi txarrarekin begiratu zidan. Segundo horietan desio izan nuen mutilak ezer ez esatea, ez nekielako zer erantzungo nion. Gainera, sentitzen nuen bultza egitea ez zegoela ondo, eta barrenean, harrigarria dirudien arren, errudun sentitzen nintzen nirea zen espazioa eskatzearren. Ez zidan ezer esan, eta egun batzuk beranduago umetako lagun batek esaten zuen esaldi batekin akordatu naiz: Kabidu munduen!