Urmaela lehortzen ari da

Urmaela lehortzen ari da

Peru Azpillaga Diez

Aspaldi geratu ziren mutu Zugaztieta inguruko arrokak, Trapagaranen. Egunetik gauera, alde egin zuen danba hotsak, eta harriek hegan egiteari utzi zioten. Meatzaritzaren gainbeherarekin batera, itzali egin ziren Trianoko mendietako argiak, eta Ilargiko lurrazalaren tankerako paisaia zulatua utzi zuten atzean. Erabat zukutu ostean, hustu egin ziren meatzeak. Agortu. Egun, ordea, meatzarien lanaren aztarnek agerian jarraitzen badute ere, Gruyere gazta baten antzera, tunelez jositako arrokek bizi berria topatu dute. Izan ere, meatzeek utzitako hainbat zulo estali ostean, bizitzaz beteriko putzu eta urmaelak sortu dira Zugaztieta inguruan. Horien artean, Ostion izenekoa da handiena. Inguruneak duen bereizgarri nagusietako bat bilakatu da azken hamarkadan 50.000 metro karratuko putzu hori. Denboraren poderioz, bere ekosistema propioa ere garatu du, bizilagun zein bisitari andanaren arreta pizteraino. Gaur egun, ordea, bere unerik latzenetan murgilduta dabil, zigilatze arazo baten ondorioz inoiz izandako ur maila baxuena baitu putzuak. Aterabiderik topatu ezean, lehortzeko arriskua dago.

Arazoa, ordea, ez da bat-batekoa izan. Putzua udaberrian hasi zen huste zantzuak azaltzen. Udako euri gabeziaren ondorioz, arazoa areagotu egin da azkenaldian. Emari galeraren arrazoia urmaelaren zigilatzean omen dago. Hortik galtzen du ura putzuak, eta, hasieran larria ez zirudien arren, azken hilabeteetan asko gaiztotu da inguru haren egoera; are gehiago kontuan izanik Ostion urmaela oraindik ere bere onera etortzen ari dela 2008. urtean izandako antzeko egoera batetik.

Aterabide baten bila

“Argi geratu behar da Ostion putzua urmael bat dela eta ez laku bat”, nabarmendu du Victoria Arias Uraren Euskal Agentziako teknikariak. “Arazoa da urmaelak balbula bat duela hondoan, eta uste dugu gaur egun hortik galtzen ari dela putzua ura, 2008. urtean gertatu zen bezala”. Lurzoruaren jabetza Bizkaiko Foru Aldundiarena denez, arazoa antzeman bezain laster haiekin harremanetan jarri zirela erantsi du Ariasek: “Haiek hartu behar dituzte neurriak”.

Hain zuzen ere, arazoari zer aterabide eman argitzeko, gaur bertan egingo dute bilera foru aldundiak eta Urak. “Meazuloan sartu eta arazo zehatza zein den ikusi beharra dago”, adierazi du Ariasek. Gogora ekarri duenez, urmaela orain dela 40 urte sortu zen: hain zuzen ere, meatzea hustu eta haren jabetza zuen enpresak erabakia hartu zuenean bagonetak ateratzeko erabiltzen zuen 500 metroko meazuloa zigilatzeko. “Hormigoiarekin estali zuten zuloa, eta huste balbula bat txertatu zioten; zehatz-mehatz, arazoa hor dagoela uste dugu”. Aitzitik, Ariasek jakinarazi duenez, oraindik ez dute argitu zerk eragin ote duen ur galera, eta, egon daitezkeen aukera guztien artean, ez dute baztertzen urmaelean bandalismo ekintza bat gertatu izana.

Ostion urmaela dagoen lursaila Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetara igaro zen aspaldi, eta, horregatik, Uraren Euskal Agentziarekin gaur egingo duen bileran erabaki beharko du zer-nolako aterabidea eman nahi dion arazoari. “Urmaelaren egoeraren eta konponbideen inguruan hitz egin beharko dugu. Guk arazoaren berri eman diegu, eta ikusi beharko da zer neurri hartzen duten”. Egoeraren aurrean, Ostion putzuaren kasua “berezia” dela aitortu du Ariasek. “Putzuak ez du inongo erabilera espezifikorik; haren presentzia enblematikoa da, paisaiari lotua”. Besteak beste, horrek desberdindu egiten du beste urmaeletatik.

Oraindik hartu beharreko neurriak adostu ez diren arren, Ariasek aurreratu du gaurko bileran Ostion urmaelaren etorkizunari buruz ere arituko direla: “Diputazioak esan digu kontzesioa eten egin nahi duela”. Ariasen esanetan, halako kasuetan, hau da, jabetza publikoko ubide baten gainean dagoen urmael baten kasuan, Uraren Euskal Agentziak lanen lehengoratzea exijitzen du. “Kasu hau, ordea, bestelakoa da: ingurua oso naturalizatuta dago”. Izan ere, urmaelak bere ekosistema propioa garatu du urteen poderioz, eta, gaur egun, landare eta zuhaitzez gain, animalia batzuk ere badaude han.

Egoera aztertu ostean, eta oraindik aldaketak egon daitezkeen arren, Ariasen aburuz, diputazioak bi aukera nagusi izango ditu mahai gainean egoerari aterabidea emateko. “Bilera egin arte, ezer gutxi aurreratu daiteke, oraindik ere gauzak asko aldatu daitezke-eta, baina, batik bat, diputazioak arazoa konponduko duen erabaki behar du”. Izan ere, urmaelaren zigilatzeak duen galera konpontzeko, behin betiko konponketa bat egin beharko litzateke, etorkizunean arazo gehiago egon ez dadin. “Kontzesioaren eta konponketaren inguruan hitz egingo dugu, egoerari behin betiko aterabide bat eman ahal izateko”.