Parke eoliko berri bategatiko kezka

Natalia Salazar Orbe

Klima aldaketak dakarren erronka handiari aurre egiteko, energia berriztagarriak bultzatzearen beharra argia da. Inor gutxik jarriko du zalantzan behar hori, baina egiturazko aldaketa bultzatuko duen plangintzarik ez dago abian oraindik. Uda hasieran parke eolikoen plana gelditzeko eskatu zion Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Urtea bukatu aurretik beste plan bat prestatzeko eskatu zioten, eta hori zehazteko orduan ingurumenari buruzko araudiak kontuan har ditzan galdegin. Jaurlaritzak aurreratu du jada epe hori ez duela beteko: energia berriztagarrien sektoreko lurralde plan berria osatuko dute 2030erako, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sortzen den argindarraren %15 berriztagarria izan dadin. Gaur egun %8 da era horretakoa. Batez ere, energia eolikoa sustatzeko asmoaren berri eman zuten. Planik ez dago oraindik, baina Green Capital Power enpresak Kantabria eta Bizkaia artean parke eoliko bat eraikitzeko proiektua duela jakin berri da. Informazio horren arabera, aerosorgailuak Kantabrian kokatuko dituzte, Bizkaiko lurretatik oso gertu, mugan, Espainiako Gobernuak baimena emanez gero. Gainera, haize errotek sortuko duten energia eramateko, goi tentsioko linea beharko da, eta hori Bizkaiko lurretan kokatuko dute. Ekologistek eskatu dute ingurumenean izango duen inpaktua neurtzeko behar bezalako azterketa egin dezatela.

Aerosorgailuek sortutako energia guztia Abantoko azpiestaziora eraman nahi dute. Horretarako, goi tentsioko linea jarri beharko dute. Kantabriako lurretatik ateratzean Muskizen abiatuko du bidea linea horrek. Abantora iritsita, sare orokorrera bidaliko du energia hori, handik banatzeko. Bizkaia eta Kantabria arteko mugan jarri nahi dituzten hamabost errotek ingurunean izan dezaketen eraginak kezkak sortu ditu hainbat eremutan.

Energia berriztagarria sortzeko aerosorgailuak jarri nahi dituzten eremuak populazio dentsitate txikia du, baina babestutako eta balio ekologiko handiko ingurunea ere bada. Horrek kezkatzen ditu eragileak. Ekologistak Martxan taldea da kezka agertu duen talde horietako bat. Energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egin du taldeak, baina behar bezalako plangintza eta azterketen beharrizana azpimarratu du. Diego Ortuzar hango kidea da, eta hark eman ditu azalpenak: “Maila teorikoan energia berriztagarrien aldekoak gara. Hala ere, hainbat gauza hartu behar dira kontuan: Euskadin energia berriztagarrien ezarpena arautzeko plan bat osatu behar da. Oraindik ez dago horrelakorik. Energia berriztagarria sortzeko bide guztiak osotasunean aztertu behar dira. Ezin da orain parke eoliko bat egin leku batean eta beste bat beste batean, inongo planifikaziorik egin gabe. Energia berriztagarriak bultzatzeko helburu bat behar da, proposamena zer-nola ezarri erabakitzeko: zenbat eoliko egingo diren, zenbat fotovoltaiko…”.

Horrez gain, araudia betetzeko beharraz ere mintzatu da. Era horretako azpiegiturek ingurumenean izango duten eragina ikertzen duten azterketa zorrotzak galdegin ditu: “Inguruko hegaztiei buruzko ikerketa egin behar badute, behar bezala egin dezatela. Askotan, batez ere parke eolikoen proiektuei dagokienez, bibliografia baliatuta osatzen dituzte azterketak, laginketarik egin gabe”.

Oraingoz, ez dute egin ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketarik, proiektua hasiera fasean besterik ez baitago. “Enpresa bati eskatuko diote eraginari buruzko ikerketa. Kontua da behar bezala egin dezatela, beharrezko laginak har ditzatela. Ikerketa ez dezatela utzi teoria hutsean”. Hala, inguruko faunan eta floran izango duen eraginari buruzko ikerketa “zorrotza” eskatu dute.

SEO Birdlife ekologisten taldeak ere kezka agertu du. Gogora ekarri dute sai zuriak Europan duen populazio nagusi eta osasuntsuenetako bat inguru horretan bizi dela. Kalteak izan litzaketen landareei, larreei eta ondare arkeologikoei, zaratari eta paisaiak izango lituzkeen ondorioei ere aipamen egin diete, azken horiek izugarriak izango liratekeela azpimarratuta. Ortuzarrek galdera bota du: “Zergatik aukeratzen dituzte beti landareentzako eta faunarentzako garrantzitsuak diren eremuak?”. Azpiegiturok bereziki hegaztiengan sortzen dute kalte gehien. “Euren igarobideak direnez, eragin handi samarra izaten dute”.

Konponbidea bilatzeko haize errotak banan-banan aztertu behar direla azaldu du. “Aerosorgailu guztiek ez dute eragin bera. Baliteke hogei aerosorgailu dauden leku batean sortzen duten inpaktua %80 murriztea bakar bat kenduta, bakar hori hegaztien pasabidean kokatuta dagoelako. Xehetasun guztiak aztertu behar dira”. Hori dela eta, Ekologistak Martxan-ek eskatu du proiektuan parte gisa har ditzatela eta hari buruzko informazio guztia helaraz diezaietela.

Herriak, informaziorik gabe

Azpiegiturak eragina izango duen herrietan ere informazio falta hori salatu dute. Muskizko Udalak ez du proiektuaren berri; ez modu ofizialean behintzat. Adela Diez Lanborena Hirigintza saileko administrariak azaldu du komunikabideen bidez izan dutela Green Capital Power enpresaren asmoen berri. Trantsizio Ekologikorako Espainiako Ministerioaren aurrean aurkeztu du proiektua egiteko eskaera. Asmoak aurrera eginez gero, hari dagokio baimenak ematea.”Ezaugarri horiek dituen era honetako proiektu batek eragina izango luke gure inguruan, noski. Ikusi beharko da nondik pasatuko den eta zer-nola eragingo duen herrian”. Proiektua argitaratzen dutenean zabalduko da alegazioak egiteko epea.

Turtziozen ere informazio falta salatu dute. Espainiako ministerioaren gutun bat besterik ez dute jaso. Jose Manuel Coteron alkateak eman ditu azalpenak: “Ingurumenean izango lukeen eraginari buruzko txosten teknikoa eskatu digute. Baina ez daukagu obrari buruzko inongo txostenik. Teknikariaren aholkuen zain gaude. Oraindik ez diegu erantzun. Informazio gehiago izatea eskertuko genuke”. Azpiegitura horrek herrian ezinegona sortuko lukeela iragarri du.