Karrantza, ura ordaindu ezinik

Karrantza, ura ordaindu ezinik

Ibai Maruri Bilbao

Karrantzak ur edangarriarekin duen arazoa ez da berria. Hornidura arazoak ditu, eta kontsumo handia, Bizkaian abeltzaintzak garrantzi handiena duen herria delako. Baina, uda honetan, egoera larritu egin da, eta ezohiko neurriak hartu dituzte. Ez dute mozketarik egin behar izan; ura beste bide batzuetatik lortuta moldatu dira. Baina “kontsumo arduratsua” egiteko eskatu die herritarrei. Raul Palacio alkateak kezka agertu du datozen urteetan zer gerta daitekeen. Izan ere, klima aldaketaren ondorioz euri falta nabarmenagoa izan daiteke. Haren esanetan, egungo egoeran erantzukizun “handia” du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta arazoaren konponbidearen parte izateko eskatu dio.

2004. urtean agertu zuen udalak Bilbo Bizkaia ur partzuergoaren parte izateko gogoa. Geroztik, diputazioak ere zenbait azpiegitura eraiki ditu, etorkizunean horien kudeaketa ur partzuergoaren esku gera zedin. Esate baterako, putzu handi bi egin zituen, edateko ura gordetzeko: Cerrojakoa —300.000 metro kubo ur gorde ditzake gehienez— eta Argañedakoa —107.000 metro kubo ur gehienez—. “Udalaren esku utzi zituzten biak, eta hasieratik ohartarazi zuen Argañedakoak akatsak dituela eta %40 baino ezingo zela bete, bestela apurtzeko arriskua zegoelako”, azaldu du alkateak. Hau da: gehienez, 47.000 metro kubo pilatu ditzake.

Oraingoz, herriak berak kudeatzen du bere ur hornidura, partzuergoan sartzeko zailtasunak dituelako. Izan ere, kontsumitzaileek ordaindu beharreko faktura “asko” handituko litzateke; batez ere, abeltzainena. Alkatearen arabera, ustiategi askok errentagarri izateko zailtasunak izango lituzkete. Diputazioak ere hala aitortu izan du. Era berean, partzuergoan sartu ahal izateko, bigarren mailako hoditeria sarea berritu beharko luke Karrantzak. “Hamabi urteko epean zazpi milioi euroren inbertsioa egitea esan nahi du horrek, eta ez dugu horretarako dirurik. Guretzat gehiegizkoa izango litzateke”.

Beraz, hamabost urte pasatu diren arren, arazoa ez da bideratu. Aurten, okerrera egin du: joan den udaberriko euri eskasiak eta bukatzear dagoen uda lehorrak Karrantzako putzu horiek bildu ahal izan duten ur kantitatea gutxitu dute. Era berean, euri faltak berekin ekarri du nekazari eta, batez ere, abeltzainen ur kontsumoa handitzea.

Hori horrela, abuztuan udalak aparteko neurri bat hartu behar izan du: Karrantzak Matienzo inguruan duen iturburu batetik ura hartu eta Argañedako putzuak hornitzen dituen ur biltegietara eroan dute, ur kamioiekin. Horrela saihestu dituzte ur mozketak; putzu horretatik hornitzen diren auzoetako herritar eta abeltzainek izan dute arrisku hori. Erabaki horrek 50.000 euroko gastua eragin dio udalari. Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio ordaintzen laguntzeko, baina ezetza jaso du bueltan. “Ez dugu modurik hainbesteko faktura ordaintzeko. Handik edo hemendik lortu beharko dugu dirua, baina ez dugu baztertzen azkenean auzitara joan behar izatea. Azken batean, diputazioak badu erantzukizuna: putzua ondo egin izan balu, Argañedan aurtengo uda igarotzeko behar beste ur izango genuen”.

Alternatiba, Kantabrian

Joan den astean izan zuten bilera Karrantzako alkateak eta Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak. “Uztailean bidali nion gutuna, egoera zein zen azaltzeko, eta zer egin genezakeen galdetzeko. Orain arte ez dugu erantzunik jaso”. Konponbide bakarra eskaini dio: ur partzuergoan sartzea. Palaciok esan du prest daudela, baina horretarako baldintzak lortzeko diputazioaren laguntza behar dutela. Alkatearen arabera, duela hamabi urte hartu behar izan zuen Karrantzak gisa horretako beste neurri bat. Harako hartan, diputazioak diruz lagundu zuen udala. “Orain zergatik ez? Orduan EAJ zegoelako udal gobernuan eta orain Karrantza Zabala?”.

Berriro biltzekotan geratu dira, baina alkatea ez da oso baikor azaldu. Horregatik, bestelako konponbide batzuk ere bilatu ditu. Inguruko herrietara jo du laguntza eske. Eta Ramales de la Victorian (Kantabria, Espainia) topatu dute. “Protokolo bat osatu dugu. Ur falta izango bagenu handik ekartzeko aukera izango genukeela adostu dugu”.